Xabier Erkizia: «Entzumenak gurutzatu egiten gaitu eta zauritxo batzuk uzten dizkigu»
'Zinema ez zen sekula mutua izan' lelopean, solasaldia antolatu du Zumalakarregi Museoak. Xabier Erkizia soinu artista lesakarra izan da solasaldiaren gidaria, zinema eta soinuaren inguruan hausnarketa sustatzeko helburuarekin. «Mutua den zinema ikusten dugunean, nola ikusi beharko genuke?»
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Zinema ez zen sekula mutua izan. Izenburu erakargarri eta iradokitzaile honekin gaur arratsaldean solasaldia eskaini du Xabier Erkiziak Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. 'Pour Don Carlos' erakusketaren baitan izan da, Karlismoaren eta zinearen arteko loturak aztertzen eta erakusten aritu baita museoa azken hilabeteetan. Gaurkoan, zinema mutuaren inguruan aritu dira. Izan ere, 'Pour Don Carlos' filma mutua da; edo zine mutuaren garaia eta estiloan koka liteke. Kontua da, zinema ez omen dela inoiz mutua izan. Edo behintzat hori defendatu du Xabier Erkiziak.
«Soinurik ez duen horrek, zer puntutaraino sortzen du beldurra? Eta gure beldurrek zenbat dute ikusten dugunetik, eta zenbat entzuten dugunetik?». Soinua oso indartsua da, horregatik erabiltzen dute maisuko beldurrezko filmetan. «Mutua den zinema ikusten dugunean, nola ikusi beharko genuke?» galdetu digu Erkiziak.
Zentzumenen inguruko teoria gutxi daude, nahiz eta Platonek 'Fedon' elkarrizketan jada aipatzen zituen. «Ukimena, ikusmena eta dastamena guk zuzentzen ditugu, baina usaimena eta entzumena bakarrik iristen zaizkigu». Norabide horretan omen dago gakoa, lesakarraren ustez. «Ezin dugu saihestu, entzumenak gurutzatu egiten gaitu eta zauritxo batzuk uzten dizkigu» esan digu.
Hitchcock, Lumière anaiak, soinu-bandak eta isiltasuna izan ditugu hizpide Bigarren Kafean Xabier Erkiziarekin.