«Ulertu behar dute lehen arreta osasun sistemaren oinarria dela eta indartu behar dela»
Greba eguna Osakidetzan. «Pandemia aurretik ere» egoera larria zelako, grebarako arrazoiak soberan daudela uste dute erretiroa berriki hartu duen Jabi Hernandok eta egun Ondarroako osasun zentroko langile den Lorea Larrañagak. Gurutzeta ospitaleko larrialdien egoeraz ohartarazi du langile batek.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Osakidetzako sare osoan greba deituta dute gaurko (otsailak 28), ELA, LAB, CCOO, UGT eta Satse sindikatuek, osasun sistema publikoaren defentsan. Borroka ziklo baten azken ekintza baino ez da, pasa den ostiralean (otsailak 25) dagoeneko greba egin zelako Osakidetzako lehen arretan eta larunbatean (otsailak 26) berriz, manifestazio jendetsuak izan ziren, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, helburu berari tiraka.
Hamarkadez mediku gisa lan egin ostean, abuztuan hartu zuen erretiroa Jabi Hernandok. Greba eguna baliatuz, NAIZ Irratitik mezua bota die Lakuako agintariei Hernandok. «Ulertu behar dute lehen arreta osasun sistemaren oinarria dela eta indartu behar dela».
Duela 10 bat urtetik hona, osasun sistema publikoa «poliki-poliki» ahultzen joan delakoan, arduradun politikoak «hausnarketa» egitera gonbidatu ditu mediku ohiak. Lanean jarraituko balu «zalantzarik gabe» greba egingo lukeela ere azpimarratu du.
Grebarekin bat egin duenetako bat Lorea Larrañaga da, egun Ondarroako osasun zentroan famili mediku gisa jarduten duen langilea. Argi du, «pandemia aurretik ere» osasun sistema publikoa krisian zegoela, eta horren eredu, «pandemia aurretik izandako mobilizazioak eta grebak» aipatu ditu Larrañagak.
«Sekulako gainkarga pairatu dugu», nabarmendu du Larrañagak. «Ez geuden prest, inondik inora, jaso dugunari aurre egiteko. Ospitaleko giankargaz asko hitz eginda, baina lehen arreta covid-aren %80a lehen arretan artatu da». Arazoa pandemiaren aurretik zetorren, eta horren adibide jarri ditu covid-19a iritsi aurretik egindako mobilizazioak.
Lehen arreta osasun sistemaren «ardatz» izan behar duela defendatu du famili medikuak. «Horrekin bat datozen aurrekontu batzuk behar ditugu. Munduko Osasun Erakundeak lehen arretarako osasungintzaren aurrekontuen %25 izan behar duela dio, eta EAEn, gaur egun, %14koa da».
Gurutzetako larrialdiak
Osakidetzako egiturazko gabeziak, Gurutzetako larrialdi zerbitzuan ederki gorpuzten direla diote bertako langileek. 'Oso erreta gaude' lelopean, hainbat mobilizazio antolatu ditu Gurutzetako Larrialdien Asanbladak. Asanbladako kide batek eman dio euren egoeraren berri NAIZ Irratiari.
«Aspalditik daramagu sekulako lan kargarekin eta langileak batzea erabaki genuen, egoera aztertu eta konponbide bat bilatzeko», adierazi du. Eskakizun nagusiak pertsonal estruktural gehiago izatea, kalitatezko formakuntza bat eta protokolo argiak edukitzea dira. «Egoera larria osasun sistema osoan da, baina zerbitzu batzuetan bereziki nabarmentzen da», aipatu du.