Luken Arkarazo: «Musikaren mundu honetan, irautea soilik askotan garaipena da»
Estudioko lan berriarekin dator Odolaren Mintzoa talde usurbildarra. Hasierako formaziori eusten diote Luken Arkarazok, Jokin Irastortzak eta Beñat eta Joanes Txuekak. Duela bost urte atera zuten azken lanaren ostean, taldearekin aurrera jarraitu edo ez zalantzak izan dituzten arren, bueltan dira.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
‘Burua tente’ kantuarekin irekitzen du azken lana Odolaren Mintzoa taldeak, eta burua tente edukitzeko nahikoa motibo badute egindako lanarekin. «Burua tente diskoagatik eta baita hainbeste urtean bizirik irauteagatik musikaren mundu honetan, irautea soilik askotan garaipena delako», hasi du elkarrizketa Luken Arkarazo gitarra-jotzaile eta abeslariak. Izan ere, 2008an hasi zuten beren bidea, 15 urterekin, eta gaur egun adin horretako ikasleen aurrean aritzen da egunero usurbildarra.
Diskoaren sarreratik gitarraren presentzia eta oinarri erritmiko sendoko lana osatu dute eta «diskoa zabaltzen duen kantua betiko Odolaren Mintzoaren arrastotik gertuen dagoen kantua da. Urte batzuk bai ezer ere ez genuela kaleratzen eta ongietorri kantu baten modukoa da. Erritmo indartsu horiek betidanik izan dira Odolaren Mintzoa taldearen oinarria», Arkarazoren hitzetan. Arauak hausteari buruz hitz egiten du abestiak eta horren inguruan galdetu diogu, orain kultura zinegotzi den honetan: «Abestiaren hitzak kokatu behar dira lehendabizi, ez du orokorrean hitz egiten baizik eta hauskortasunaren inguruan kokatu behar da. Kasu honetan txikitatik markatuta dugun bizimoldearen apurketaz ari da, hori hausteko ausardia ez dugunaren ikuspegitik. Ez dut esango arau denak zuzen bete ditudanik, baina pandemian sufritu dugun guztiaren ostean, galdera horiek sortzea zilegi zen».
Apustu handia egin zuten pandemia garaian Usurbilen dena ixten ari ziren garaitik musikaren aldeko apustua eginaz. «2020ko uda hartan, bost mende pasa direla dirudien arren, zuzenekoak antolatzera ausartu ginen eta musikari eta musika talde bat baino gehiago apustu hura egin izanagatik oso eskertuta dago. Usurbilgo taldeek ere izan zuten bertan beren musika aurkezteko aukera, urtero jasotzen dugu uzta eta gure herria sortzailea da. Beti dago zer entzun, zer ikusi eta zer irakurria», dio Arkarazok.
Erreferenteen inguruan galdetuta, bereak kontatu dizkigu Luken Arkarazok, izan ere diskotik diskora entzuten den musikak sortze prozesuan ere eragiten die maiz musikariei: «Ni popero hutsa naiz. Nire abesteko modua eta melodiak sortzeko modua, pop mundutik dator. The Police edota Foo Fighters bezalako taldeak entzuten hasi nintzen, Mumford & Sons eta konpainiarekin bueltaka ibilia naiz azkenaldian eta duela gutxi Izal ezagutu nuen. Baina kantautoreak zein musika gogorragoa ere entzun izan dut, baina batez ere melodikoa».
Pertsonon hauskortasuna ardatz
Hauskortasunaren beste ataletako bati buruzkoa da ‘Biluzik’ abestia, hanka sartzeak naturaltasunez eta ausardiaz onartzeari buruz hitz egiten duena. «Damua onartzea, ahulak garela onartzea, zaila izaten da askotan. Gure burua arlo guztietan biluztea», azaldu digu usurbildarrak.
Kontrasteekin asko jolastu dute Odolaren Mintzoa taldekoek kantuen egituraketan. «Hirugarren diskoa da, laugarren lana eta hamabost urte elkarrekin… zeozer berria egin behar genuen. Bilera moduko bat egin genuen 2020ko irailean taldearekin zer egin zirt edo zart erabakitzeko eta jarraitzea erabaki genuen, baina betikoa egiten ez genuela jarraituko erabaki genuen. Azaletik entzuten duenak akaso ez du nabarituko, baina sakonean sartzen denak nabarituko du sekulako saltoa dagoela bai konposizioaren ikuspegitik, erritmoetan, hitzak landuagoak dira… Kanpora begira baino barrura begira egindako hitzak dira, nerabezaroko frenesi eta ilusio hori apalduta, kanpokoa baino barrukoa erreformatzea hobe delako askotan», adierazi digu Arkarazok.
‘Azken hondartza’ kantuan gitarretan eta efektu asko entzun dira. «Beñatek sekulako lana egin du gitarraren produkzioan eta kantu hau osorik berea da. Diskoko kanturik bereziena da, erritmikoki seiko bat da, rock estiloan oso ohikoa ez den erritmo bat eta melodia aldetik ere berezia delakoan nago. Estrofan, esaterako, ez akorde eta ez oinarri erritmikorik gabe, gitarra bere melodia lantzen entzun daiteke ahotsarekin jolasean. Gainera Sergek hartzen du parte abesti honetan, nerabezaroko idoloetako bat, Erasoren musikarekin hazi ginen gu eta, disko honetan halakoren bat sartu nahi genuenez, kantu honetarako aproposa zen Serge», azpimarratu du Arkarazok.
Pasioari buruz idatzitako kantua da, hitza zentzurik zabalenean hartuta, baina bizitza pasioz bizi zalea ote da musikari usurbildarra? «Ni desastre bat naiz eta alde horretatik muga gutxi eta hanka sartze asko, eta diskoa horri buruz doa. Amore eman behar den unean amorerik ez ematea eta egoskorkerian paretaren kontra behin eta berriz joaten gara, kanta honek horren inguruan hitz egiten du, sentimendu horren kudeaketaz. Beti etorriko ez den azken aukera horren zain egoten baikara».
Gizontasunaren eredua zalantzan jarriz
Zer ote den eredu berri bat eta zer ez zalantzan jartzen gaitu ‘Eredu berria’ kantuan Odolaren Mintzoa taldeak, azalpenak eman ostean, argi geratu zaigu: «Gizontasunaren inguruan hitz egiten du abestiak, beste hauskortasun bat gure kasuan. Txikitatik erakutsi diguten gizon izateko modu hori, azkenaldian, gertaera pertsonal desberdinen ondorioz, zalantzan jarri izan dut. Zapaltzaile eta zapaldu dikotomia hori askotan automatikoki dakar inplizituki gizona izateak eta ustekabean zapaltzaile bihurtu gara. Baina eredu hori soilik erakutsi digute eta horren aurrean zapalduak ere bagara, nahiz eta zorionez gaur egun beste eredu batzuk zabaltzen ari diren».
Ahotsa bigarren planoan entzuten da abesti honetan, akaso hitzekin akordean joatearen nahiaren ondorioz. Baina kontraste handiko kantua dela aipatu digu Arkarazok: «Sortu genuenetik Kuraia edota stoner rock horretara eraman nahi izn dugu, baina Odolaren Mintzoaren apurketa hori badu. Estrofa eta leloak askoz ere poperoagoak dira. Ahotsaren erregistroa nota grabeagoetara eramanda dago eta akaso horrek sortzen du sentsazio hori, ahotsa bigarren planoan egotearena, ez zen bilatua izan, horrela atera zen». Bateriaren xehetasun eta ukituek lekuz kanpo ere uzten gaituzte batzuetan, baina Arkarazok dio «Jokin dela taldeko birtuosoa. Instrumentuarekin jakintza maila gorenetara iristen den taldekide bakarra da, besteok saiatzen gara eta jotzen dugu, baina Jokinek beste maila batetara iristea lortu du eta zuzenekoetan ederra izango da hari begira egotea. Askotan lehenengo lerroan dauden musikariei begira egoteko ohitura izaten dugu, baina mesedez, Odolaren Mintzoa etortzen zaretenean, Jokini begiratu».
Itxurakeriaren inguruan hitz egiten du ‘Ispilua’ kantuak, eszenaren bueltan ea halakorik sumatu ote duen galdetu diogu Arkarazori: «Bai eta ez. Gaur egun sare sozialek gure errealitatea eta errealitatea ulertzeko modua erabat aldatu dute eta bihurtu dira plataforma oso garrantzitsua talde guztientzat. Gero bakoitzak ikusi behar du plataforma birtual horretan norberaren errealitatea zenbateraino distortsionatu nahi den. Hor guk akaso gutxiegi distortsionatzen dugu, kosta egiten zaigulako hor egotea, eta ikusten ditut beste batzuk gu baino berrogeita hamar pauso aurretik doazela, gustu kontua da. Batzuk sareetan lortzen dituzte beren zaleak eta beste batzuk beste gudu zelai batzuk ditugu horretarako. ‘Ispilua’-k auto-irudiaren hauskortasunaren inguruan hitz egiten du, gure irudia nola proiektatzen dugun, batez ere sare sozialetan. Instragramen dago inspiratuta eta azken bizpahiru urteetan bertan egon naiz eta, uau, autokritika guztia eginaz ni ere bertan nagoelako, baina ikusi dudana eta nerabeekin lana eginda, sortzen den fikziozko irudi asko dago errealitatearekin bat ez datorrena. Esaldi bat bada «autoestimuaren merkatu, garesti erosi eta merke saldu», nik uste horrek definitzen duela abestiaren ideia. Letra bezala indartsuenetakoa da, akaso lehenengoan atentzioa emango ez duen arren, kanta kontzeptual borobila da. Izan ere, konposizio aldetik ere ispilua bezala da, egitura kantuaren erditik aurrera ispilua bailitzan errepikatzen da».
Promoziorako argazkietarako «nahikoa kostatzen» zaiela aipatu digu Arkarazok, eta beste batzuk egunero dabiltza horrela. Kasu honetan Ibai Arrietaren argazkiak dira, aspalditik berekin lanean dabilena. «Konposizio, argi eta edizio guztia berak egina da, zer aurpegi jarri behar genuen ere berak esaten zigun. Guk nahikoa lan esandakoa egiten», aipatu digu Arkarazok.
Uruguain 1994an gertatua gogoan
‘Dos pueblos una voz’ kantuan artxibo lana egin du talde usurbildarrak. Askorentzat ezezagunak izango diren Fernando Morroni eta Roberto Facalen istorioa kontatzen dute: «Harrigarriki ezezaguna da eta nik neuk ere Askapenako brigada batean parte hartu nuen arte ez nuen honen berri. Duela 4 urte, 2018an ezagutu nuen istorioa eta 2019an 25 urte betetzen ziren gertakizuna jazo zenetik. Izan ere, 1994an eman ziren Filtroko ospitaleko gertakariak Uruguain, eta euskal iheslari eta errefuxiatuekiko sekulan ere egin den ekintza internazional indartsuenetakoa izan zen. Montevideon zenbait errefuxiatu euskaldun gose greban zirela, Espainiako Gobernuak estradizio agindua eman zuen eta Montevideoko milaka herritarrek gerora gurean ere egin izan diren gisako herri harresia altxa zuten. Harresi hori apurtuz, anbulantzietan ezkutatuta, polizia manifestarien artera sartu zen eta tiroka hasi ziren Morroni eta Facal hilaz. Norma Morroni, Fernandoren ama, Montevideon ezagutzeko aukera izan nuen eta bere duintasun eta adorea ezagutu nituen, oraindik ez baitakite nork hil zituen bere sema eta Roberto Facal. Haientzat egina dagoenez, aitortza moduan, bi hizkuntzetan egindako abestia da. Hasieran entzuten den audioa, egun horretan Montevideoko irratian entzun zenaren zatia da. Diskoa grabatu aurretik grabatutakoa da, bideoklipa ere urteurrenerako atera genuelako, ilusio handiz jaso zuten abestia eta urtero egiten duten martxatan jarri izan dute abestia».
Herri harresietan katearen kontzeptua garrantzitsua izaten da eta ‘Katea’ kantuan horri ere egiten dio erreferentzia, baina batzuetan nahiago izaten dugu katebegi aske bezala ibili. «Nik uste dut momentuaren arabera, bietarako dagoela astia bizitza honetan. Hausnarketarako eta pentsatzeko eta erabakiak hartzeko tartea behar da, eta horiek bakarrik eta hotzean askotan hobeto egiten dira, baina helburuak lortzeko eta gauzak aldatzeko, elkarrekin beti hobe. Dena dela abesti honetan enpleguaren mundu hauskorraz hitz egiten da, gaur egun gazte garenontzat hori baita egunerokoa. Ordutegiek, soldatak, iraupenak… beti zalantza egoeran egoerara eramaten gaituzte, eta behar izanaren ondorioz, berez onartu behar ez genituzkeen gauzak onartzera eramaten gaitu, egunero jan egin beharko dugulako. Kate horren zati garela eta horren alde ari garela askotan salatu nahi izan dugu, ondokoa matxuratzen denean hura ordezkatzeko katebegi izateko prest izaten baikara inolako zalantzarik egin gabe», adierazi du Arkarazok.
Kontzientzian eragitearen garrantzia ere azpimarratu du Arkarazok: «Aldaketa handi oro aldaketa txikietatik hasten da, eta hor kontzientziatan eragitea ezinbestekoa da. Askotan diskurtso bat eraikitzea izaten da, baina diskurtso hori hutsala bada, ezer gutxirako balio du. Barneko aldaketak ematea izaten da zaila eta nik uste disko honen kontzeptua hortik abiatzen dela, barne aldaketa horiek emateko kontzientzia behar izaten delako eta hor hauskorrak garela onartu».
Kolaborazio dezente dituen diskoa
Sergez gainera, Ixak Arrutik ere kolaboratu du diskoan. «Asko miresten dugun musikari eta laguna da, ‘Burua tente’ kantuko azken riffa berak jo du. Lehen ere esan dut gu ez garela hain iaioak eta hori egiten ez genekienez, baten bati deitu behar eta Usurbilen gitarra-jotzaile iaiorik bada, hori Ixak Arruti da. Bukaeran sartzen duen solo puska hori defendatzen saiatzen ari da Beñat, baina berezkoa norena den ezin ahaztu». Zuzenekoekin hasiak dira, hilaren 19an Aginagako Eliza Zaharrean aurkeztu zuten diskoa, baina zailtasunak dituzte askok bezala gehiago lortzeko, egoera erabat aldatu zen otsailean eta martxoan egin behar zituzten kontzertuak atzeratu behar izan zituztelako. «Kontzertuen gain-antolatze bat dago orain eta gurea bezalako talde txiki batentzat lokatzetan ibiltzea baino ez da geratzen. Alegian izango gara martxoan, Skasti taldearekin batera, Ataunen ere izango gara, Orioko gaztetxean ere bai… tantaka-tantaka joango gara kontatzen», aurreratu digu usurbildarrak.
Diskoa fisikoan leku gutxitan dago eskuratzeko moduan gaur gaurkoz, Usurbilgo Aitzaga eta Txirristra tabernetan eta Lasarteko Jalgi Kafe Antzokian. «Berandu baino lehen Elkarreko dendetan ere izango da eskuratzeko moduan, behin diskoa grabatu eta gero banaketa egiteko aukera eman zigutelako», kontatu digu Luken Arkarazok.
Azken kolaborazioak ‘Azkenak’ kantuan daude, auzolanean egindako kantua nolabait ere. Bideoklipeko hiru eszenak Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean, Zumartegiko industriagunean eta Garate estudioaren kanpoaldean daude hartuta eta jende askok hartu du parte bertan: «Batzuk figurazioan, besteak produkzio lanetan, grabaketan Elene Alustizak eta Natali Izagirrek ere parte hartu zuten abestuz eta Kaki Arkarazok gitarra joz». Bideoklipean ikusten den gitarretako bat, gainera Garate estudioan hainbat musikarik erabili izan duten Les Paul mitikoa da: «Gitarra mitiko bat bada Euskal Herrian, hori izango da horietako bat. Nahasketa egin eta gero sartu zen soloa, inork ez zuen espero hori hor joango zenik, baina Joanesi, nahasketak egiten ari ziren arratsalde horietako batean, zati hori triste samar zegoela iruditu eta Kakiri jotzeko eskatu zion. Berak momentuan erdi-inprobisatuta sartu zuen gitarra hori jo zuenez, nik aitari esan nion bideoan ere agertu egin beharko zuela. Gehitxo atera omen da eta kexati dago orain, protagonismo gehiegi duelakoan».
Etxean grabatu dute, Garate estudioan Lukenen aita Kaki Arkarazo teknikari lanetan dutela. Askotan, ordea, esan izan da etxekoekin lan egitea gogorra izaten dela, halakorik sumatu ote duen galdetu diogu Luken Arkarazori: «Ez, ez. Oso etxea da, lehen maketa grabatu genuenetik Kakirekin ibili gara gure lan guztiak grabatzen, bai argia ikusi dutenak eta baita argia ikusi ez dutenak ere. Etxea, etxea da. Jendeak pentsatu dezakeenaren kontrara, etxean sentitzearen gakoetako bat izan da bera ez dela sartu ez produkzio lanetan ez eta konposizio kontuetan ere, grabatzera iritsi aurretik ez du eskurik ezertan sartu eta gero grabaketetan gomendioren bat edo beste egin izan digu, baina guk askotan ez diogu kasurik egin. Etxean bezala sentitzen gara, berak babesa eta laguntza eman digulako garen bezala izanda».