IRRATIA

Musikari asko dituzten talde nafarrak azken ‘Badok‘ tartean

Abenduan ospatzen den Durangoko Azokaren ondorioz, urtarrila sorkuntza aldetik hilabete gogorra izanik, hainbat taldek argitaratu dituzte beren lanak, esaterako, Broken Brothers, Tzar, Skabidean, Horma eta Vulk, besteak beste.

NAIZ kontzertuetan aurreko diskoa aurkeztu zuen Skabidean talde nafarrak. (Gaizka PEÑAFIEL)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Proposamen dantzagarriak eta jendetsuak ekarri dizkigu Jon Eskisabelek ‘Badok’ tartera, partaide asko dituzten bi talde nafar ekarri dizkigulako azken tartean. Horren adibide garbia da Skabidean. 60. eta 70. hamarkadetako ska eta reggaea jorratzen duen talde honen disko berriaren inguruan hitz egiten egon gara: «Talde honek 2016an beren lehen lana kaleratu zuenetik, izugarrizko ibilbidea izan du, eta, oraingoan, beren laugarren lana aurkeztu dute, ‘Hiri Zahar Zikina’ deitzen den lan luzea. Disko honetan, The Pogues taldeari omenaldi txiki bat egin diote, ‘Dirty Old Town’ abestia euskaratuz eta diskoaren izena emanaz. Hamar lagunek osatzen dute taldea eta emakumeek osatzen duten ahots sekzioak izugarrizko garrantzia hartu idu, abestiei indarra emanez. Aurreko lanaren segida bat da eta ‘Sortetxeari’ abestia goraipatu nahiko nuke, hitzak Xalbadorrenak direlako eta garai batean Xabier Letek ere musikatu zituelako. Momentuz hiru kontzertu emanaldiren datak iragarri dituzte, Gasteizen, Donostian eta Bilbon».

Baizera! taldearen inguruan ere azalpen batzuk eman dizkigu Eskisabelek: «Talde honen berri egun hauetan izan dut eta tarte honetara ekartzearen zergatia funk estiloa bigarren plano batean baztertuta dugulako izan da, funkaren apologia egiten dutel gainera abesti honetan nafarrek. Taldearen argazkietan zortzi lagun agertzen diren arren, lan berrian hamar lagunek hartu dute parte eta bideoklip batekin argitaratu zuten lan honen lehen aurrerapen abestia, ‘Putreen Festa’. Atzetik, ‘Paperezko paretak’ deituriko bigarren aurrerapen abestia kaleratu dute eta disko berria kaleratzeko Crowdfunding bat egin dute, bertan 6.000 euro eskuratuz. Ez da nolanahiko zifra».

Azkenik, Vulk taldearen ‘Vulk Ez Da’ disko berria ekarri digu Badok atariko zuzendariak eta musika indartsua den arren, dantzagarria dela aipatu digu: «Zuzenekoetan izerditzea eragiten duen taldea da eta, hori aprobetxatuz, beren lehen aurrerapen abestiak zuzeneko hartualdiekin irudiekin osatutako bideoklipekin kaleratu zituzten. Berrikuntza bat oso nabaria da lan luze honetan, euskaraz soilik abesten dituzte diskoko hamar abestiak. Otsaila bukaeran hasiko dira zuzeneko emanaldiekin eta beren lehenengo kontzertua Azpeitian izango da, gaur egun jende asko mugitzen duen Tatxers talde nafarrarekin batera».

Hauek dira, beraz, Jon Eskisabelen azken hiru proposamenak:

– Skabidean - Sortetxeari

– Baizera! - Paperezko paretak

– Vulk - Lanaren kanta