Kolektibo zaurgarrien aldeko aldarrikapenak Xiberoots taldearen ‘Honki jina’ lan berrian
Zazpikote zuberotarrak bigarren diskoa kaleratu du 2021a bukatu aurretik, 2018an ‘Maulemuffin’ diskoari jarraipena emanaz. Migrazioaren krisiaz, presoez eta klase politikoaz idatzitako kantuak idatzi dituzte, aldarte onari eta reggaeak duen energia positiboari uko egin gabe.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
‘Roots’ hitza asko erabiltzen da reggae munduan, azpigenero bat ere badelako. Literalki ‘sustraia’ esan nahi du eta horrekin jokatu du lehen diskotik Xiberoots taldeak. Zuberoan sustraitutako taldea da eta bi diskoen azaletan zuhaitz banarekin irudikatu du hori zazpikoteak.
‘Basahigh Dub’ da Xiberoots definitu dezakeen kantuetako bat, beren erroak ahaztu gabe sortutako abestia. «Basahaideekin lotura bat egin nahi izan da, aspalditik izan dira Zuberoan halakoak, hitzik gabeko musika sortzen dutenak. Artzainek eta ahaideek sortzen zuten musika hori hartu eta dub estilora eraman nahi izan dugu, haientzako begi keinu bat bezala. Xirulan entzuten dena, Giulian, basahaide bat da eta ‘Basahigh dub’ izena naturalki etorri da, ez bortxaz», esan digute taldekideek.
Zuberoan reggaea egiten hasi zirenean ea klixeekin apurtzeko nahia zuten galdetu diegu eta horrela erantzun digute: «Prefosta. Reggae musika plantatu nahi izan dugu Zuberoan eta guretzat badu horrek guztiak zentzu bat eta zentzu hori plazaratu nahi izan dugu, jendeak ulertu dezan nondik gatozen eta nora joan nahi dugun». ‘Reggaea orai’ abestian, esaterako, reggae musika mintzatzeko manera bat dela esaten dute, baina taldekoek esan digute reggaea ez dutela bizi estilo moduan hartu: «Musikaren aldetik bai, baina gero guk gure bizia dugu. Gaualdietan punkiagoak garela esango nuke reggae girokoak baino. Baina sutu, musika sutzen dugu», esan du Jon Etxekoparrek. «Punk musika eta punk estiloa guk barruan daramagu, gaztetxeetan asko egiten delako eta punkari lotuta bizi garelako, hartara, punkak eta reggaeak badute elkarrekin lotura bat. Hortaz, gu gure bizitza moldean punk gara baina reggaea maite dugu eta reggae munduan zerbait egin nahian gabiltza», gaineratu du Pette Jaragoihenek.
Reggaeaz aparteko eraginak
Bere eraginetan zeintzuk egon diren galdetuta, «gazte ginela euskal festibal askotan» izan direla esan digute. «Influentzietan reggae asko behatu dudan arren, denetarik entzun dugu. Hip-hop, reggaea, rocka… Baina, Jordirekin taldea sortzean, reggaea asko maite dugunez, horra inguratu ginen», esan digu Etxekoparrek. Disko honetan, gainera, reggaeran bueltan dauden hainbat azpi-estilo ere entzun daitezke. «Hasieran reggaea eman nahi dugu, baina bat heltzen da kantu ideia batekin eta, atzetik, besteek beren instrumentuarekin gauza desberdinak gehitzen dituzte. Hortaz, hastapenean ezin genuen ikusi zein reggaetan emango genuen kantua, baina zerbait espeziala ateratzen da horretarako espresuki egin gabe», aipatu digu Xiberoots taldeko abeslariak. «Gure artean askotan esaten dugu irri egiteko ez dakigula reggaea jotzen, justu Xiberoots badakigula egiten. Entseatuko bagenu rocka egiteko, ez genuke asmatuko hori egiten… eta gauza bera edozein estilorekin. Azkenean, hainbeste urte lan egiten elkarrekin, Xiberoots musika sortzen da eta ez da bortxaz reggaea soilik».
Aipatu dutenaren harira, kantu askoren sarrerek beste estiloetara eramaten gaituztela da, ‘Ze lüze’ abestian esaterako. Musika bide batetik abiatu eta reggaera bideratzen dutela atzetik dirudi. Hasieran sintetizadore eta pop gitarra batzuk entzutetik, reggae klasikora eramaten gaituzte erritmoz eta teklatuen soinuetan: «Gure nahia hori zen. Hip-hop estilotik ere badu abesti honek eta estilo horietan maite dugu piano edota teklatu garbiak entzutea. Soinu sinple eta azkarra nahi genuen eta horra iristeko egin dugu lan», azaldu du Jaraguimonek.
‘Aztaparrak’ kantuan mundu urbanora eraman gaituztela esan daiteke, hip-hopetik traperako saltoa ere eman dutela pixka bat. «Lehen diskoan aunitz hitz ezartzen nituen eta gero kontzertuetan ezin kantatu ibiltzen nintzen. Hortaz, bon, saiatzen naiz aitzinatzen nire arte moduan hobeki idaztea eta pausak momentu honetan egitea, maite dudan zerbaitera hurbiltzeko. Saiatzen naiz geroz eta hobetoago egiten gauzak eta trap modura ere egiten dut pixka bat», kontatu digu Etxekoparrek.
Diskoa gibeleratu izanaren abantailak
Berez 2020an etorri behar zuen diskoak eta haiei ere luze egin zaie diskoa atera arteko bidea. «Talde ainitzek bezala bizi izan dugu egoera hau. Ari ginen kontzertuak ematen eta gero dena geratu zen. Denbora luze bat izan da guretzat musikarik gabe, izan ere ezin genuen bildu denak elkarrekin eta Zinkara joan eta lan egiteko beharra genuen, bigarren proiektu hau plantatzeko. Konfinamenduak balio izan digu diskoa ontsa lantzeko, musika landu eta idazteko eta hori alde on bezala ikusi dugu, prozesu luzea izaten delako disko baten sortzea», esan digu Pettek. «Bakoitzak bere lana badu, bere bizia eta denbora gutxi genuen bigarren diskoa ongi landu eta prestatzeko, maleruski egingo genuen. Kontzertuak egin izan bagenitu, ez genuen astirik ukanen hainbeste aitzinatzeko proiektu honetan. Orain atera da eta motibatuak gara berriz ere musika jotzeko kontzertuetan ahal bada», gaineratu du Jonek. «Pandemia hau ez bazen izan, disko hau ez zen sortuko. Lehen diskoa bost urte eta gero kaleratu genuen eta kontzertuak diskorik gabe ematen genituen, orain aldatu dugu eta lehendabizi diskoa landu dugu eta gero etorriko dira kontzertuak», esan digu Jaragoihenek.
‘Honki jina’ izena du diskoak eta barruan izen bereko kantua ere gordetzen du lanak. Migrazioaren gaiari egiten diote erreferentzia, egun Euskal Herrian ere hain presente duguna, batez ere Bidasoaren Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan. Zuberoan ere egoera honen aurrean badute halako harrera elkarte bat: «Beste probintziatan baina gutxiago ikusten dugun arren, Amikuze aldean, Donapaleu aldean eta Maulen ere badira migratzaileei laguntzeko elkarteak. Zuberoara ez dira bortxaz iristen, baizik eta elkarteen bidez, laguntzeko prest dauden etxeetara bideratzen dituztelako. Proposamen bat jaso genuen, esan ziguten migratzaile bat bazela hona etorri aurretik musika maite zuena eta ea harekin zerbait egin genezakeen galdetu ziguten. Hala, kantu honetan parte hartu du Gineatik etorri zen pertsona honek. Euskal Herria eta Pirinioak beti izan dira jendea pasatzeko tokia, mendez eta mende bazen jendea igarotzen iparrera edo hegora joateko. Beti izan da pasatzeko toki bat eta orain ere ez da aldatzen eta guk salatzen dugu beti izango garela migratzaile eta ez dugula inor zapaldu behar, gu ere migratzaile garelako hein batean», nabarmendu du Pettek.
Gai sozial eta politikoak ez dituzte baztertzen Xiberoots taldekoek bistan denez eta ‘Politikariak’ abestia ere bide horretatik doa. Kantu honetarako sarrera Txomin Katalogne Oztibarreko rap-abeslariak egin die eta polizia bazookekin irudikatu du karriketan Katalognek kontatutako istorioan. «Popülüak lanean beti sos mentsean züentako bozkatzen düe begik zerratüak» esaten dute abestian eta herriak ea kontzientziarik gabe ematen ote duen botoa galdetu diegu: «Kontziente bai, baina kaka baten eta bestearen artean zaila da hautatzea. Konfiantzarik gabe batzen gara, politikariengan ez dugu batere konfiantzarik eta gu bezalako populuko jendearengan ez dute pentsatzen gainetik daudenek. Sosak haientzako dituzte eta guk adierazi nahi duguna da ez garela bizi haien mendean. Ez ditugu batere partekatzen haien arazoak eta egunero ikusten da hori politikan, ez baitute jendearendako egiten politikarik baizik eta haien buruarentzako».
Presoak ere gogoan izan dituzte Xiberoots taldekoek ‘Aska’ abestian eta askotan errepikatzen den galdera bota dute airera: «nor da hemen terrorista?». Beren gogoetaren nondik norakoa azaldu digute: «Frantziak eta Espainiak gure kulturaren haustea nahi zuten, horretara etorri ziren. Gure mintzatzeko moduarekin bukatu nahi izan zuten. Nor da etorri kaka jartzera gure etxera? Nork inguratu gaitu? Nor da terrorista azkenean? Estatu frantsesa gaztea da Euskal Herriarekin konparatzez, izugarri gaztea eta gure hizkuntza askoz ere lehenagotik zen frantses hizkuntza baino. Nork du kaka ezarri? Gure herritarrak izan dira gero beti atxilotuak, gauzen aldatze bat ematen eta pentsamendu berri bat ematen dutelako», aipatu digu Etxekopar kantuaren idazleak.
Malenkonia eta alaitasuna
‘Aidatzen’ kantuak beste patxada bat du, reggae lasai eta gozo baten parekoa da. Tronboi doinuek protagonismo handia dute eta bikoiztuta ere entzuten dira, zuzenekoetan, ordea, oso bestelako kontua izango dela aipatu digu Jon Etxekoparrek: «Zuzenekoetan, tronboia maite dudan arren, ez dut ia erabiltzen, nahikoa lan badudalako abesten. Oihanek, gure grabatzaileak, lan eginarazi nau diskoan potoloago entzun zedin eta berak asmatutako zenbait tronboi sarrarazi dizkigu. Baina eszena gainean badut aunitz kantatzeko eta ez dut denborarik tronboia soberan sartzeko maleruski. Bizpahiru kobrezko instrumentu beharko genituzke gurekin, baina dagoeneko zazpi gara taldean». Pette Jaragoihenek gaineratu du tronboia eramaten duela kontzertuetara, baina oholtzako dekorazio elementu bezala erabiltzen dutela. Falta direnak gogoan izan dituzte abesti horretan. «Lagun bat eritasun batez partitu zen eta denok galduko ditugu bizian maite ditugun jendeak. Jende aunitzek sentituko du momenturen batean sentipen antzekorik eta atzeman dudan sentimendu hori kantatu dut»
Diskorako azken bi kantuak ospakizun kantu bezala hartu daitezke, umore onez eta lagunarteaz gozatzera bideratzen dutenak. «Umore ona ukan behar zen diskoan, arintasun pixka bat. Egiazki elkartasuna da hor adierazten dena, ulertu duzu eta ez dakit zer gehiago esan», dio Etxekoparrek ‘Lasai’ abestiari buruz hizketan. ‘Ebili gara’ abestian kontzertuen beharra dutela nabaritu zaie, horren inguruko aldarri bezala ulertu daiteke: «Badu halakorik, baina hasieran jendeak gure kontzertu baten egunerokoa nolakoa den irudika zezan nahi genuen. Zinkan hasi, kamioian gurekin joan eta bizitzen ditugun momentu horiek gertutik sentitu dezaten nahi genuen, kontzertuetara etorri daitezen. Ez nuen espero hainbeste egia esatea abesti horretan, idatzi ostean hiruzpalau aldiz errepide erdian botata utzi gaituelako kamioiak».
Harremanak sustatzen
Diskoa kaleratu bitartean, iazko Herri Urrats jairako abestia ere sortu zuten Xiberootsekoek. Gainera, Andoni Basterretxea, Delirium Tremens taldeko abeslaria izan zuten bidelagun. «Biziki pozik ginen berarekin lan egiteagatik, txikitatik entzun dugun ahots bat zelako. Mitikoa eta mistikoa da eta plazer handi bat izan da harekin lan egitea», esan du Xiberoots taldeko abeslariak. «Elkar estudiora joan ginen Donostiara eta lehen aldia zen guretzat estudio profesional batean aritzen ginena. Kantuaren zatiak bagenituen, baina ez osorik eta ez genekien zer pentsatuko zuen Andonik horren inguruan. Lanean aritu ginen han elkarrekin, gaualdi eder bat iragan genuen eta ontsa grabatu zen, izugarri goxoa izan zen. Bere hastapenak kontatu zizkigun, zergatik utzi zuten eta berriz ere zergatik diren bueltan ere bai. Bagenituen loturak elkarrekin, lagun talde baten bueltan sortu zirelako musika egiteko gogoz eta ez bortxaz profesionalak izateko; solfeorik gabe, notak ezagutu gabe eta hutsetik abiatuz», gaineratu du Jaragoihenek.
Iparraldeko eta hegoaldeko reggae taldeen artean dagoen erlazioaren inguruan ere galdetu diegu Xiberoots taldekoei. «Guk orain arte ez genuen hegoaldeko sareekin ia loturarik, iparraldean ez gaudelako reggae talde askorik. Nafarroan, Bizkaian edota Gipuzkoan reggae-ska munduko talde asko badira baina ez genituen pertsonalki ezagutzen, baina aurten elkar ezagutzeko parada bat ukan dugu, konpilazio batean parte hartu dugulako, ‘Reggaean jarrai’ deitzen dena. Hamabost taldek hartu dugu parte bertan eta hor talde batzuk ezagutzeko aukera izan dugu, eszena osatzen duten zenbait. Hegoaldeko indar hori ezagutu dugu eta Iruñera joatekoak ginen ‘Iruñerria Jamaica Clash’ festara, baina festa hori gibelatua izan da, baina esperantza badugu proiektu horiekin lotura egiteko reggae sare horrekin. Harreman onak egin ditugu eta elkar ezagutzeko eta partekatzeko aukera dugu konpilazio horretan parte hartu izanari esker, eta espero dezagun guretzako bortak zabalduko direla han eta haientzat hemen», dio Pette Jaragoihenek.
Kontzertuen zain dira orain, 2021eko hondarrean bi kontzertu ezeztatu zitzaizkielako COVID kontuengatik eta 2022ko hasiera bide beretik joan zaielako. «Otsailetik goiti kontzertuetara lotzen gara eta hegoaldera joango gara martxoaren 19an Legazpiko gaztetxera, apirilaren 2an Segurako Iparra-Hegoa egunean hartuko dugu parte eta Elizondon izango gara apirilaren 16an Ernairen Gazte Martxan. Baina aurretik otsailaren 26an Hazparneko ikastolak antolatutako inauteri jaian izango gara eta martxoaren 5ean Baionako Zizpa gaztetxean, urteurren festan». Diskoa webgunean jarri nahi dute salgai eta hemendik aste batzuetara hor egongo da eskuratzeko moduan, baina banaketa ere lantzen ari dira eta kontzertuetan ere salduko dutela aipatu digute. Bitartean, plataforma digitaletan entzuteko moduan dago ‘Honki jina’.