«Zu ondo ez bazaude, musika ez duzu ondo transmititzen eta gauzak ez dira behar bezala joaten»
Bigarren lan luzea kaleratu du Julen Alonso (Orio, 1996) musikariak, ‘Eskuetan bihotza’. Trikitirik ez duten piezak biltzen ditu lan berriak eta bide berrietara bideratu du bere sorkuntza oriotarrak. MusikHaria saioan izan da, iragarri berri duen eten mugagabearen aurretik diskoa aurkezten.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Eskuetan bihotza lanari, hasiera berezia eman diozu, ‘beat box’ antzeko batekin, zuk zeuk egin duzu?
Iker Telleria perkusio-jotzailearen ideia izan zen. Normalean horrelako gauzak perkusioarekin sartzen dira edota bateria batekin, adibidez, hori bateria baten ‘txaston’ batekin egin ahalko zen. ‘Txaston’ bat, bateriaren plater mota bat, dirudien arren, ahoarekin grabatu zuen.
Arnasak berriz nork grabatu zituen?
Arnasak, soinu txikiarekin eginak dira.
Perkusioa aipatu duzu eta nik uste dut garrantzi handia hartu duela disko honetan
Bai, aurreko diskoan bezala, ‘Sutan dantzan’ diskoan ere perkusioa sartu nuen. Trikitia betidanik bateria baten erritmoekin grabatu izan da eta horrek beste estilo batetara eramaten gaitu, plazetan edota aire librean jotzeko egokia da bateria. Perkusioak, ordea, beste mundu bat sortzeko aukera eman dit eta trikitia beste leku batetara eramateko bide eman dit.
Lehenengo abesti honetan, «oinak airean, eskuetan bihotza» esaldia aipatzen duzu, eta nik, eskuetan duzun bihotz hori zure instrumentua dela ulertu dut.
Hori da. Askok, pertsona bati buruz hitz egiten dudala uste du baina instrumentuei egindako abesti bat da, instrumentua ez dudalako ikusten objektu soil bat bezala. Zerbait gehiago dagoela sentitzen dut, bai beregan eta baita niregan ere. Komunikazio antzeko bat lortzen dut, pertsona batekin hitz egiten egongo banintz bezala. Batzuek erotuta nagoela pentsatuko dute, baina nik horrela sentitzen dut. Horregatik, taupadak botoiengatik ordezkatu ditut, arnasa hauspoagatik… azken finean horregatik da esaldia, musikak beste unibertso batera eramaten nauelako.
Infernuko hauspoari erreferentzia garbi bat egiten diozu.
Garai baten soinu txikia jo edota haren doinuak dantzatzen zituenari infernura joango zela esaten zioten, elizak ez zuen begi onez ikusten trikitia. Horregatik egin dut erreferentzia hori, soinu txikia jotzea edota haren musikarekin jotzea gaizki baldin badago, gora infernua!
‘Eskuetan bihotza’ eta ‘Ilun bada’ ildo beretik doazela iruditu zait, berriz ere instrumentuari abesten ari zarela dirudi.
Ez. Abesti honetan pertsona bati abesten ari naiz. Hitzak Felix Zubiarenak dira eta abestia sortzen hasi nintzenean, oso garbi nuen maitasunaren inguruan izan behar zela, horrela ikusi nuelako sortzerako garaian.
Kasu honetan, pianoa eta akordeoia erabiltzen dituzu. Sortzerako orduan nola hasi zinen, akordeoiarekin edo pianoarekin?
Ahotsarekin sortu nuen. Askotan trikitiarekin sortzen ditudan abestien melodiak ere ahotsarekin sortzen ditut eta kanta honetan, pianoaren aurrean jarri nintzen akordeak jotzen eta honen gainetik, ahotsarekin melodia sortzen hasi. Melodia sortuta dudanean, edozein instrumentutara eramaten dut.
Pianoa eta akordeoia zuk zeuk jo dituzu abesti honetan, baina zuzenekoetan nola moldatzen zara?
Betidanik ikusi naute instrumentu bat gainean dudala, baina ‘Eskuetan bihotza’ disko honetan zerbait berria egin nahi dut. Nik ere askatasun apur bat eduki dezadan, zuzenekoetako kanta batzuetan instrumenturik gabe abestuz egongo naiz.
Taldea handituko zenuen hortaz.
Ez. Musikari kopuru aldetik ez da aldaketarik egongo eta nirekin dauden musikariekin egingo ditut zuzenekoak, Iker Telleria, Joanes Ederra, Ander Ederra eta Eneritz Aulestiarekin. Zuzenekoetan nik egiten ditudan doinu printzipalak soinuarekin izan beharrean, gitarrak joko ditu. Azkenean gauza desberdinak esperimentatzeko balio du.
Eneritz Aulestia aipatu duzu, eta ‘Eskuetan Bihotza’ abestian hiru ahots entzuten dira, horietatik bat Eneritzena da?
Ez. Denak nireak dira.
Beste abesti batzuetan berriz bai egon dela Eneritz abesten.
Bai, hori da. Eneritzek hainbat abestitan hartzen du parte, esaterako, ‘Etena’, ‘Tokiren batean’ eta ‘Mundua geldituko balitz’ kantuetan. Azken finean, Eneritz niretzako fundamentala da, ekarpen asko egin ditu eta urte asko pasa dira elkarrekin musikan hasi ginenetik. Bera momenturen baten faltako bazitzaidan, ez zen berdina izango.
‘Tokiren batean’ kanta aipatu duzu, bertan Eneritzen ahotsaz gain, soka instrumenturen bat ere nabari dira, zeinek jotzen du?
Xabier Zeberio handiak. Oso ona da eta niretzako plazer handia izan da berak nire diskoan parte hartu izana. Gainera, hasieratik izugarrizko tratua izan dugu eta niretzako luxua izan da.
Abesti honek agur bat edota gero arte bat iradokitzen du. Suposatzen dut norbaiten inguruan pentsatzen egongo zinela hau idazterakoan.
Bai, Eneritzi eta bioi gertuko pertsona bat joan zitzaigun egun batetik bestera. Gogoan dut gau hartan Eneritzi besarkada handi bat eman niola eta, etxera heltzerakoan, sentimenduak gainezka nituela, melodia sortu nuela hasieratik bukaerara. Lagun hau izan nuen gogoan eta harentzat egin nuen.
Iker Telleriak perkusioa jotzen duela aipatu duzu baina Eneritzek perkusiorik jotzen al du diskoan?
Ez. Kasu honetan, diskoan entzuten diren panderoak nik grabatu ditut eta Eneritzek ahotsak soilik. Hori bai, kantu batzuen hitzak Eneritzenak dira, ‘Etena’ eta ‘Barruan Dugun Umea’ abestienak, esaterako.
Neomak taldean panderoaren antzeko perkusio instrumentu bat jotzen duelako egin dizut galdera.
Peñapardako pandero karratua du izena instrumentuak. Eneritz Neomak taldean ere badabil eta talde indartsua iruditzen zait. Kantua eta bideoklipa atera dituzte duela gutxi eta izugarria iruditzen zait taldeak duen indarra, ahotsekin eta perkusio instrumentu gutxirekin transmititzen duten dena sekulakoa da.
‘Mundua geldituko balitz’ kantan, country edota musika zeltaren ukituak antzematen ditut. Zuzen nabil?
Nire ustez, beste abestietatik aldendu egiten da eta diskoak orokorrean dinamika asko duelako dela iruditzen zait. Horrelako aldaketak batzuei asko gustatzen zaizkie eta beste batzuei ez, baina beno, niri horrela atera zait.
Noizbait bururatu zaizu banjoa edo gaita bezalako instrumentuak gehitzea zure musikari?
Orain arte ez dut inoiz imajinatu horrelako instrumenturik nire musikan, baina posible da. Azkenean, bi-hiru urte hauetan gauza asko probatzen ari naiz eta musika munduan nire burua gehiago ezagutzen, nire proiektuetan zer nahi dudan argi izan gabe eta horregatik nabil esperimentazioan. Denborarekin, bide finkoago bat hartuz joango naiz.
Bigarren lana izan arren, oraindik gaztea zara eta bide luzea duzu aurretik gauzak probatzeko eta zure lekua aurkitzeko.
Hori da. Esan beharra dut, lehen lana atera nuenetik hiru urte pasatu direla baina nire abestiak aspalditik nabilela lantzen, gazte-gaztetatik. Hau da nire bizitza, musikarik gabe eta sortu gabe ezin naiz bizi.
‘Mundua geldituko balitz’ oinarritzat hartuz, zuk mundua geldirik edo martxan egotea nahiago duzu?
Egia esan ez dakit. Hitz hauek Jon Maiarenak dira kontatu nion ideia batetik abiatuta. Gizarte honetan gure borondatearen kontra gauza asko egitera behartzen gaituztela uste dut eta abestian benetan bizitzan zer nahiko genukeenaren inguruan hitz egiten du. Oso gertuko bikote baten kasua jarriko dut adibide gisara. Duela 40 urtetatik elkarrekin daude eta ez dute batera jarraitu nahi, baina batera jarraitzen dute jendearen zeresanen eta aurreiritzien ondorioz.
‘Barruan dugun umea’ sortzerako orduan, pianoarekin konposatzen hasi zinela suposatzen dut. Sehaska kanta bat izan daiteke, zuk horrela pentsatzen duzu?
Abesti hau nire kantu propio baten bertsio bat da. Trikitixa Elkarteak gazteentzako aukera bat sortu zuen, ‘Haziak’ izeneko proiektua, eta bertan kanta bat aurkezteko aukera ematen zuen elkarteak. Aurkeztutako kanta irabazleen artean baldin bazegoen, hamar abestiz osatutako disko baten parte izateko aukera ematen zuten, eta, horietatik bati, bideoklipa grabatzeko aukera. Guri bideoklipa grabatzea tokatu zitzaigun eta, Trikitixa Elkartearena izanik, ‘Barruan dugun umea’ kanta trikitiarekin eta panderoarekin jo genuen. Gero, denbora pasa ahala, abesti hau pianoarekin jotzen hasi nintzen eta kantak pianoarekin behar zuela ohartu nintzen.
Nostalgia puntu bat sortzen duen abesti bat ere bada, betiko abestiei erreferentzia egiten diena, esaterako, ‘Pintto-Pintto’ bezalako abestiei.
Niri ume baten inozentziak izugarrizko inbidia sortzen dit eta, gaur egun, ume bat ikusten dudan bakoitzean pena ematen dit. Ez da konturatzen zeinen ondo bizi den eta nagusiagoa zareneko arazorik ez du ikusten. Horri buruz hitz egiten du, denoi gustatuko litzaiguke horrela bizitzea eta hori bihotzeraino iristen da.
Eskuetan bihotza edukitzeak zentzu bikoitza har dezake hemen ezta?
Bai hori da.
Abestiak eskatzen dizunaren arabera moldatu duzu ahotsa, batzuetan leunagoa, eta, besteetan, zakarragoa. Kantaera hobetzeko lanketaren bat egin al duzu?
Bai, lanketa handia egin dut. Diskoak sortzen hasi nintzenean, sekulan ere ez nuen abestu. Txikitan beti isil-isilik egoten nintzen inguruan kantuan hasten zirenean. Gaur egun, bigarren diskoa aterata, kantu klase asko jaso ditut, kantugintzan nire burua ezagutzen hasi naiz. Zuk aipatutako ahots urratu hori berriz, eztarrian sortzen zaidan infekzio baten ondorioz da, askotan erasotzen nau adenoiditiak eta ahotsa benetan urratzen dudala ematen duen arren, infekzio hori dudanean ateratzen zaidan ahotsa da.
Eneritzek idatzitako ‘Etena’ abestian perfekzioa ez dela existitzen aipatzen da baina zuk perfekzioa bilatu duzu zure ibilbide guztian. Erabat gustura egotera iritsi zara inoiz?
Batzuetan nire burua musikaren alde batean ikusten dut eta, besteetan, beste alde batean. Ez naiz inoiz guztiz gustura geratuko egiten dudanarekin eta musika munduan, gainera, hain aldakorrak dira gauzak, oso zaila dela guztiz gustura geratzea.
Baina trikiti pieza honekin gustura geratuko zinen ezta?
Bai, abesti hau Markinako helduen trikiti txapelketan jo genuen duela lau urte, panderoa eta trikitiarekin soilik Eneritzek eta biok. Azkenean abesti hau ‘Zin dagit’ bezalako abesti batekin alderatzen baduzu, izugarrizko kontrastea dago. Batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei txokatu egingo die.
Diskoari itxiera ematen dion ‘Gudan’ kantua zer ulertu behar da irteera kantu bat bezala, bukatu gabeko kantu bat bezala… Nolakoa izan da kanta honen sortze prozesua?
Ez dakit. Egia esan nik ‘bonus track’ baten antzera ikusten dut abesti hau. ‘Zin dagit’ abestiaren ondoren datorren kanta da eta kontrastea hain da handia, kafe hirukoitz bat hartzea bezalakoa dela iruditzen zaidala. Zuzenean melodia goxo batekin hasten naiz eta inork espero ez duenean, abestia jotzen dugu.
Azkenean kontzertuak goian amaitzeak garrantzia izaten du ez?
Bai. Zuk pentsa ‘Zin dagit’ zure burua maitatzearen inguruan dabilela hizketan eta ‘Gudan’ abestian borroka irudikatzen dudala. Honekin izugarrizko bira ematen diot kontzertuari, alde batetik bestera pasaz.
Estreinaldia atzeratu duzun arren, non estreinatuko duzu zure lan berria?
Estreinaldia oso argi daukat Aian egitea nahi dudala, ‘Sutan dantzan’ bertan estreinatu genuelako eta herri honekin zerbait berezia dudalako, sortzen dudan txokoa Aian dago eta horrela izan behar duela uste dut. Egia esan, infekzioaren ondorioz nagoen egoera honetan, fisikoki eta mentalki asko ari zait kostatzen buelta ematea eta prest egoten naizenean egingo dugu. Zu ondo ez bazaude, musika ez duzu ondo transmititzen eta gauzak ez dira behar bezala joaten.
Diskoa dagoeneko YouTuben dago entzuteko moduan eta Doctor Masterren birmasterizatu duzula iruditu zait.
Bai. Azkenean YouTube eta Spotify bezalako plataformetara igotzeko beste masterizazio bat egin behar da eta nahasketan ere aldaketaren bat egin dugu, horregatik denbora asko pasatu da sarera igo dudan arte.
Disko fisikoa non eskuratu dezakegu?
Diskoa nire webgunetik lortu daiteke eta kontzertuetan ere poltsak eta diskoak saltzen ibiltzen gara.
Elkarrizketa eman ostean, Julen Alonsok eten mugagabe bat iragarri du bere ibilbidean, bere burua zaintzeko «bai fisikoki eta baita mentalki ere».