IRRATIA

Iñigo Santxo, abokatua: «Aburtoren azalpenek EAJren gobernatzeko eredua utziko luke agerian»

Aste honetan jakin dugu Alonsotegiko alkate oihak eta berarekin batera epaiketara deituak zeuden akusatuek akordioa lortu dutela kartzela saihesteko. Bi urteko kartzela zigorra jaso dute, eta eramandako dirua itzuli beharko dute. Ehbilduk egindako akusazioaren abokatu jardun da Iñigo Santxo.

José Luis Erezuma Alonsotegiko alkate ohi jeltzaleak aurreakordioa sinatu du espetxea saihesteko. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Hitzezko aurreakoardioa da momentuz sinatu dutena IñigoSantxok aurreratu duenez; hilabeteko epea eman diete hau guztia paperera ekarri eta ofizialki sinatzeko. Hortik aurrera, ordainketa egutegi bat aurkeztuko da Jose Luis Erezuma eta gainerako akusatuek dirua itzul dezaten eta bermeak ere ezarri dituzte hala egingo ez balute. 

Zehaztu du EHBilduk eta defentsak bi helburu zehaztu zituztela prozesuaren hastapenean, lehena «euren erruduntasuna egiaztatzea», eta bigarrena, «iruzur egindako diru guztia itzularaztea». Zentzu horretan, aurreakordioa «ona» dela nabarmendu du Santxok.

Badira, ordea, argitu gabe geratu diren zenbait gako, ordea; tartean, Juan Mari Aburtok, 2015 urte hartan Bizkaiko Foru Aldundiko presidentzia diputatu zenak, guzti honetan izan zuen jardunaz argitu beharrekoak. Alonsotegin egitekoak ziren lan batzuetarako 600.000 euroko diru-laguntza bat sinatu zuen, baina lanen zertifikazioan 14 egun natural eskasetan burutu zela zihoen. Gainera, lanaren parte bat Aldundiko lur batzuei zegozkien, baina ez da inon ageri Aldundiak horretarako baimenik eman zuenik. Alegia, Aburtok argitu beharreko argi-ilun batzuk geratu direla prozesuan: «Nire inpresio pertsonala da Erezuma peoi bat dela afera honetan, Aburto aldiz alfil bat da gutxienez; azalpenak emango balitu, agerian geratuko lirateke EAJk izan duen modus gobernandi delako».

Prozedura gehiago

Akordioa erabat irmoa ez izan arren, akusatuek kalte-ordainaren parte txiki bat aurreratu dutela azaldu du Santxok. 100.000 euro inguru aurreratu dituzte, baina milioi bat ingurura arte ordaindu beharko dute zigorra azkenean irmo egiten bada.

Abokatuak argi dio alonsotegitarrek eta bizkaitarrek eurena den dirua berreskuratuko dutela bere momentuan EHBilduko zinegotziek egindako lanari esker.

Jose Luis Erezuma alkate ohi jeltzalearen aurkako prozedura izan da honakoa, baina epe laburrean beste bi ere espero dira gutxienez: Alonsotegiko EAJko alkate izan diren Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Estebanen aurkakoak. Hauetan ere akusazioko abokatu jardungo da Iñigo Santxo.