Betzaida Urtaza: «Bizirik gaude bitartean, kolorea behar dugu»
Betzaida Urtazarrek Amesgile Argitaletxea sortu zuen 2020ko azaroan. Ordutik sei liburu argitaratu dituzte, guztiak bost hizkuntzatan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bazen behin ipuinekin amesten zuen emakume bat; hainbeste maite zuen istorioak asmatzea, argitaletxe bat sortu zuela. Horrela hasiko litzateke Betzaida Urtaza Elizbururi buruzko ipuina. Izan ere, idazle euskaldun honek Amesgile Argitaletxea sortu zuen 2020ko azaroan.
Legorretan jaio zen Urtaza, eta atzerrian urte batzuk egin ondoren, 2019an etxera itzuli zen, familiatik gertu egoteko. Orduan hasi zen gehiago idazten, eta azkenean, bere liburuak argitaratzea erabaki zuen. Ordutik sei liburu kaleratu ditu Amesgile Argitaletxeak. «Gehienbat ipuinak egin ditugu, haurren mundua zoragarria iruditzen zaidalako» kontatu digu Urtazak.
Berrienak 'Musuak eta Besarkadak' eta 'Malen eta Itsas Izarra' dira. Lehenengoak, ahaztuak ditugun maitasunezko adierazpenak goraipatzea du helburu eta bigarrenak, Zumaian girotutakoak, naturarekiko zaintza sustatzea. Biak bost hizkuntzatan argitaratu dituzte; euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta portugesez.
Marrazkietaz nazioarteko ilustratzaileak arduratzen dira, Alemaniako Ffion Evans eta Serbiako Bojana Stojanovic, besteak beste. «Instagram bidez ezagutzen ditut ilustratzaileak eta erlazio indartsua sortzen dugu», kontatu digu.
2022an liburu gehiago argitaratuko dituzte eta helduentzako literatura salto egingo dute. Hori guztia kontatu digu Bigarren Kafean Betzaida Urtaza Elizburuk.