Lan erreforma «patronalaren neurrira» egindakoa dela salatu dute LAB eta ELA sindikatuek
Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEOE patronalarekin adostutako lan erreformarekin oso kritiko mintzatu dira NAIZ Irratian Euskal Herriko bi sindikatu nagusiak. Kritiken aurrean, CCOOk akordioaren defentsa egin du, argudiatuz «edukiak onuragarriak direla langile klasearentzako».
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Patronalaren eta CCOO eta UGTren babesarekin adostu du lan erreformaren akordioa Espainiako Gobernuak eta dagoeneko onarpena eman dio Ministroen Kontseiluak. Madrilen historikotzat jo dute akordioa, baina Euskal Herriko gehiengo sindikalaren errealitatea oso bestelakoa da.
LAB sindikatuan uste dute langileriaren aurka doan erreforma baino ez dela adostu dutena. «Patronalaren neurrira egindako erreforma bat da, patronalaren beto eskubidea onartuz», salatu du Xabier Ugartemendia LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak.
Akordioaren berri izan bezain laster, «negargarritzat» jo zuen ELA sindikatuak, eta hitzok berretsi ditu NAIZ Irratiaren mikrofonoan Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiborako arduradunak, «testua irakurrita are arrazoi gehiagorekin esan dezakegu negargarria dela eta hobekuntza txiki batzuen truke aurreko lan erreformaren egiturazko elementuak mantenduko direla eta, are gehiago, hurrengo urteetan ez aldatzeko konpromisoa hartu da». Langileen interesei begirakoa baino, enpresaburuen interesei begirako erreformatzat jo du Igeregik: «CEOE izugarri pozik dago».
LABek eta ELAk neurri handi batean partekatu dute erreforma honen gabezien inguruko diagnostikoa. Hauen arabera, bi gabezia nagusi ditu Madrileko agente sozialek hitzartutako lan erreformak: alde batetik, enpresariek oraindik ere langileak «merke» kaleratu ahalko dituzte, Ugartemendiak aipatu bezala. Bestetik, tokiko lan hitzarmenak Estatuko hitzarmenen azpitik egongo dira, alegia, «Estatuko hitzarmenek hemengo hitzarmenen gainean agintzeko duten aukera» mantenduko da Igeregiren esanetan.
Berriz hasteko momentua
Hobekuntza txikiak ere ekarriko ditu akordioak, hala ere, Igeregiren esanetan: «Bereziki behin-behinekotasuna hobeto definitzen da eta, baita ere, sektoreko hitzarmenek soldatetan lehentasuna izateko aukera berri ona da. Baina bi hobekuntza horiek ez dira nahikoak justifikatzeko etorkizunean ere aurreko lan erreformen egiturazko elementuak mantentzea», ohartarazi du.
Horregatik, ELAko kidearen iritziz, lan erreforma honi ezetz esateko eta beste negoziaketa bat hasteko momentua da.
Beste partida bat Euskal Herrian
Erreforma asteazken honetan jarri da indarrean. Hala ere, testua berretsi egin behar da Kongresuan, Pedro Sanchezen Gobernuak ez baitu bermatuta EH Bilduren, EAJren edota ERCren beharrezko laguntza. EH Bilduk jada iragarri du ez dgoela prest 2012ko PPren erreforma indargabetzeko itxaropenetik oso urrun geratzen den testu bat berresteko. EAJk ere adierazi du ‘ez’ bozkatuko duela tramitazioan aldaketarik ez badago.
Euskal alderdiek esandakoaren inguruan galdetuta, Ugartemendiak aipatu du «Euskal Herritik indarra egin behar dela Madrilen lortu ez dela hemen lortzeko». «Ez dugu soilik Madrilera begiratzen, Euskal Herrian beste partida bat jokatu behar dugu», berresan du.
Zentzu horretan, Madrilen baina batez ere Euskal Herrian presioa egiteko, urtarrilaren 27an aldarrikapen eguna deitu du LABek lan zentroetan.
ELAk begi onez ikusi du EH Bilduk eta EAJk gaur gaurkoz lan erreformari ezezkoa ematea. «Ezezkoa da bermeak ematen dituen aukera bakarra», gaineratu du.
Langileriarentzako onuragarria
Kritikoei zuzenean erantzun die NAIZ Irratian CCOOk, sindikatuko Gazteria idazkari eta Batzar Exekutiboko kide den Arkaitz Antizarren ahotik. Lan erreformak jaso dituen kritikek «oinarririk ez dutela» uste du, eta erreformaren edukiak ongi aztertzera deitu ditu.
«Edukien gaineko hausnarketa arrazoitu gabe egiten dela uste dugu. Hain eduki garrantzitsuak izanda, iruditzen zaigu zintzotasunez jokatu behar dela eta argi azaldu behar zaiola herri honetako langileriari nola zeuden euren lan baldintzak eta nola hobetuko diren orain, galdutako eskubideak berreskuratzen direlako eta berri batzuk lortu», azaldu du Antizarrek.
Behin-behinekotasun sistematikoaren amaiera, gazteentzako kontratu duinagoak edota Estatuko lan hitzarmenek enpresetakoen gainetik eskainitako bermeak dira CCOOko kideak nabarmendutako zenbait onura. Bere ustez, gainera, sektoreko hitzarmenak lehenesteak langileen negoziatzeko ahalmena indartuko du.
Antizarrek ez du zalantzan jartzen lan erreforma honek suposatzen duen aurrera pausua, argudiatuz «edukiak onuragarriak direla langile klasearentzako».
Gogora ekarri du, era berean, hilabeteko epea dagoela akordioa hobetzeko. CCOOk euskal alderdi politikoekin bildu eta negoziatzeko jarrera berretsi du. Babesak eta legearen berrespena ez balira lortuko, «izugarrizko atzera pausoa» izango litzateke Antizarren ustez.