Ostalariak, erantzunik gabeko galderen eta nahasmenaren erdian
Nafarroan ez bezala, Ipar Euskal Herrian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beharrezkoa da covid ziurtagiria tabernetan sartzeko. Eginbehar horren lehen orduak dituzte azken hiru horietan, eta nahasmena besterik ez dugu topatu ostalarien artean. Errealitate ezberdinak ezagutu ditugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Erantzunik gabeko galderen eta nahasmenduaren artean, horrela daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalariak. Ordu gutxi dira euren establezimenduetan sartzeko covid ziurtagiria eskatu beharra dutela, eta hasi, hasiak dira horretan, baina duda askorekin. Bilboko El10 tabernako arduradun Txema Carbajok azaldu digu ez dakiela noiz eskatu beharra duen, ezta nola egin behar duen. Pandemia hasi zenetik izan duten tonika berarekin jarraitzen dutela agintariek dio, neurria aplikatu baina azalpenik eman gabe: «Ez dakit pertsona bat jarri behar dudan atarian eskatzen, edo sartzen direnean eskatzera, ez dakigu inspekzioak egongo diren...». Bere kasuan egunkariaren bitartez jaso du ziurtagiria eskatu beharraren betekizuna.
Lakuak dio laister argitaratuko dutela zalantza guztiak argituko dituen erantzun sorta, baina duda nagusienetako bat terrazetan eskatu beharra ote dagoen da. El10 tabernan badute terraza, baina Carbajok esan digu aire librean egotean ez dutela halakorik eskatu behar ulertzen duela berak.
Bezeroen aldetik ez dute inolako arazorik izan, guztiak dira ohikoak eta horrek erraztu egiten duela dio, baina kezka gehiago du asteburuari begira. Antzerako ikusten ditu inguruko tabernariak, argibideak euren artean partekatzen dituzte.
Beste erpin bat ere ikusten dio egoerari: «Inork ez du pentsatu agian tabernaria dela txertatu gabe dagoena, eta orduan zer gertatzen da?».
Nafarroan ez
Ipar Euskal Herrian badira hilabete batzuk betebehar hori dutela ostatuetan. Nafarroan, aldiz, momentuz foru Gobernuak ez du halakorik exijituko ostalariekin horrela adostuta. Tafallako Pasadizo tabernako Adrianek esan digu ongi iruditzen zaiola ez eskatzea, ez baitu uste euren «eginbeharra» denik. Horrekin bat etorri da Lesakako Arranoko Asier Etxepeteleku; uste du tabernariek «lasaitua» hartu dutela neurria ez aplikatu beharrarekin, besteak beste, aurreikus daitekeelako «egoera deseroso» asko sor litezkeela horren ondorioz.
Gaineratu du horrelako ostatuentzako neurria aplikatzea ia ezinezkoa dela: «Helburua pertsona bat atarian jartzea bada, hori ezinezko da, eta barra atzetik ere, momentu batzuetan bai, baina beste batzuetan zalantza». Kexu azaldu da, halaber, pandemiaren zehar neurri guztiak aplikatu ondoren iritsi zaizkielaeta gerora ikusi dutela zer suposatzen duen. Kasu honetan ere horrela gertatuko litzateke.