IRRATIA

Begi-kolpea euskararen lurraldeko hizkuntza politikei

Euskararen nazioarteko egunaren abaroan, zazpi herrialdeetako hizkuntza politikei begira jarri gara hiru administrazioetako arduradun politikoekin. Guretik pasa dira Euskararen Erakunde Publikoko Antton Curutcharry, Jaurlaritzako HPSko Miren Dobaran eta Nafarroako Euskarabideako Mikel Arregi. 

Euskararen Nazioarteko eguna ospatu ohi da abenduaren 3an, eta horrekin bat dozenaka dira antolatzen diren ekitaldiak

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Nondik begiratzen zaion, ezberdina bezain urruna da euskararen egoera gure zazpi lurraldeetan; bai bederen hiru administrazioetako arduradun politikoak entzunda. Baikor begiratzen dio abaguneari, esaterako, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek; ezkor, aldiz, Euskarabideako Mikel Arregik eta Euskararen Erakundeko Publikoko Antton Curutcharryk. «Egoera orohar ez da ona» azken honen iritziz, azken inkesta soziolinguistikoaren datuak horren isla: Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan %20a bakarrik da euskal hiztuna. Nafarroan, berriz, herritarren «hizkuntza eskubideak errespetatzetik» urruti ikusten du egoera Arregik.

Guztiek nabarmentzen dute egungo testuingurura egokitu beharra, ezin dela alperrik pasatzen utzi «digitalizazioak, esaterako» dakartzan aukerak. «Eremu formalaz gainera, eremu ez formalean euskara zabaltzea» dute helburu Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Irabazteko dugun eremu bat da, eremu ez formalarena, eta eremu sozio-ekonomikoarena». Azken honetan datuak ez dira oparoak; Euskararen Kontseiluak dio enpresen %1a direla euskararen inguruko ekimenen bat dutenak. Zentzu horretan, lan mundua euskalduntzeko plan estrategikoa martxan dutela gogoratu du Dobaranek, ez bakarrik enpresak «apurka» kudeaketa horretara gerturatu daitezen, baita gazteek lan alor euskalduna topa dezaten: «Esperantza dugu Lanbide Heziketan; praktikak enpresetan euskaraz egin ditzaten izan behar da helburu». 

Ikus-entzunezkoen legea, aukera bat

Madrilen alderdi independentistek eta Espainiako Gobernuak Ikusentzunezkoen legean lortu dituzten aurrerapenen oihartzuna iritsi da, noski, euskal administraziotara. Oraindik jakiteke dago azkenean nazioarteko plataforma handiek hizkuntza gutxituen %6ko kuota hori errespetatu beharko ote duten, baina hortik harago, ikus-entzunekoen alorrak kezkatzen dituen eremua dela esan dute arduradun politikoek. Euskarabideako zuzendariak dio «Nafarroako gazteen %25 elebiduna» dela, horietako gehienek eskolan ikasi dutela euskara eta garrantzitsua dela «eskolatik kanpoko espazioetan» euskaraz aritzea. Zentzu horretan, ETB3 Nafarroa Garaiko lurralde osora hedatzeko akordioa «albiste ona» deritzo, «eremu euskaldunetan ere marrazkiak euskaraz ikusi ahal izango dituztelako haurrek». Komeni da oroitzea orain artean ETB3 Nafarroako hegoaldean eta erdialdeko hainbat eremutan ikusten zela soilik; EHBilduk Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren ostean lurralde osoan ikusi ahal izango da aurki, baita eremu euskaldunetan ere. 

Euskarabidean adi begira ari dira, hain juxtu, nafar hegoaldetik iritsi diren azken mugimenduak; Arregik adierazi du oraindik ez dutela kontaktu zuzenik izan euskaraz bizi nahi eta euren eskubideak errespeta daitezen aldarrikapenaren baitan Kortesen batu den mugimenduarekin, baina interesez begiratzen diotela auziari. 

Molac legearen itzalean 

Urte berezia izan da aurtengoa Curutcharryrentzat tokiko hizkuntzei dagokionez. Piztu zituen bezain azkar itzali ziren neurri batean Molac legeak ekarritako itxaropenak, baina alde baikorrari begiratu nahi izan dio, jakobinismoak lege horren garapena erabatekoa izatea ahalbidetu ez badu ere, pentsamendu horretan «pitzadurak» agertzen hasi direla nabarmendu du: «Konstituzionalak ebatzitakoa gora-behera, Parisek konpomiso politikoa hartu behar izan du murgiltze eredua gauzatzeko hala nahi duten eskualdeetan». Gehitu du, gainera, «azken urteetan murgiltze ereduan eskolatutakoen kopuruak gora» egin duela. 

Curutcharryren irudiko, Euskal Herrian banaketa administratiboa da egun euskararen normalizazioak duen lubaki handiena. Positiboki baloratzen du azken urteetan beste administrazioekin harremanak estutu izana, baina nahigabea adierazi du Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan ezin dutelako nahiko luketen hizkuntza politika garatu, euskarak ez duelako bertan estatus ofizialik. Amore ematetik urrun, ahal duten neurrian urratsak ematen segiko dutela amaitu du.  

Jite gozoagoan, adierazpen bateratua sinatu berri dute Jaurlaritzako HPSk eta gainerako erakunde nagusiek eta UEMAk. «Elkarlanetik» eta «konpromisotik» etorriko da euskararen suspertzea Dobaranen hitzetan: «Masa kritikoa badago, euskararen ezagutza datuak onak dira. Baina ez dago magiarik; kontsentsutik etorriko dira aurrerapausuak».