IRRATIA

Helena Bengoetxea: «Memoria historikoaren prozesuan gauzak gaizki eta berandu egin ditugu»

Teresa Alonso, 'Matrioscas' dokumentaleko protagonistetako bat.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Teresa Alonso, Araceli Ruiz, Alicia Casanoba eta Julia Delgadoren bizipenek pelikula bat dirudite, baina errealak dira oso. Espainiako Gerra Zibilean Sobietar Batasunera bidali zituzten, artean umeak zirela, beste 35.000 umerekin batera. Nerabe zirela, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen, eta horrekin Leningradoko hotza, gosea eta pobrezia. 

Gerra amaitu ondoren, Sobietar Batasuneko gobernuak haur horiek Moskun elkartu zituen, euren bizitzekin aurrera egin eta unibertsitate-ikasketak egin zituzten... Harik eta 60ko hamarkadan asko Kubara joan ziren arte, boluntario gisa. 

Emakume hauen testigantzak bildu ditu Helena Bengoetxea zuzendariak 'Matrioscas: hijas de la guerra' dokumentalean. Lau emakume hauetatik abiatuta, erbestearen alabei omenaldia egin nahi izan die. «Agian Kubako liburuetan agertuko dira, gurean ez» esan digu.

Urteak eman ditu dokumentala prestatzen eta emakume hauek elkarrizketatzen, baina beti argi izan du egiten ari zena garrantzitsua zela; «Horrelako testigantzak zuzenean jasotzea ahalbidetzen digun azkeneko belaunaldia dira». 

Gerrako ume izan arren, aukera asko izan dituzten emakumetzat jotzen dute euren burua protagonistek. «Uste dugu garapena lineala dela baina ez da egia; pelikulako protagonistak gure amak baino modernogoak dira». Izan ere, Espainian geratu izan balira, Espainiako diktadurarekin inoiz izango ez lituzketen aukerak izan zituzten erbestean. 

 

 

Denbora luzez ahazturik egon diren emakume hauen istorioak kontatzera etorri da Heleba Bengoetxea Bigarren Kafera.