[23] Jule Goikoetxea filosofoarekin hausnarketan
Ezkerra birformulatzera dator 'Estallidos. Revueltas, clase, identidad y cambio politico' izenburu duen liburua. Jule Goikoetxea filosofo politiko eta EHUko irakasleak eta Albert Noguera, legelari eta politologo kataluniarrak idatzi dute.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Transkripzioa:
Ander:
Kaixo, Ioar.
Ioar:
Egun on.
Ander:
Zer moduz zaude?
Ioar:
Ondo.
Ander:
Non daukazu burua?
Ioar:
Lepo gainean.
Ander:
Urruti daukazu begirada. Kezkatu al zaude?
Ioar:
Pentsatzen ari naiz.
Ander:
Jakin al dezaket zeri buruz?
Ioar:
Bai.
Ander:
Esan, orduan.
Ioar:
Jule Goikoetxea idazlea da.
Ander:
Badakit. Donostiarra da. Poema liburu argitaratu zuen Susa argitaletxearekin.
Ioar:
Filosofoa da. Politikan aditua da. Euskal Herriko Unibertsitatean eskolak ematen ditu.
Ander:
Editorea ere bada. Pentsamendu feministako liburu bilduma bat gidatzen du.
Ioar:
Hori da. Baina berak idatzitako saiakerak ere badauzka. Gaztelaniaz argitaratu duen liburu bati buruz hizketan entzun dut irratian.
AUDIOA-1 | JULE GOIKOETXEA
Ioar:
Munduko leku askotan gertatu dira eztandak azken hogei urteetan.
Ander:
Nahi dugun moduan uler dezakegu eztandaren ideia? Niretzat egundoko eztanda izan zen New Yorkeko Dorre Bikiak eraistea.
Ioar:
Nik ulertu dudanaren arabera, eztandak dira sistema politikoak kolokan jartzen dituzten mugimendu sozial zabalak.
Ander:
Irlanda, Eskozia, Euskal Herria eta Kataluniako independentzia eskakizunak, ahaleginak eta mobilizazioak eztandak balira bezala jotzen ditu Espainiak.
Ioar:
Euskal Herriaren eta Kataluniaren aurka Espainiako sistemak errepresio gogorrez erantzun izan du beti.
Ander:
Udaberri arabiarra piztu zen antzera ez da beste eztandarik lehertu, ezta?
Ioar:
Demasa izan zen hura. Tunisian hasi zen. Gizon batek bere burua erre zuen injustiziaren aurrean protesta egiteko. Eta hortik aurrera zeharo berotu zen jendea.
Ander:
Tunisiako lehendakariak dimititu egin behar izan zuen.
Ioar:
Egipton milioika pertsona irten ziren manifestazioetan, Mubarak presidentearen kontra. Eta Libian Gadafiren kontra. Eta Sirian Al Assaden kontra.
Ander:
Ikaragarrik izan ziren gobernuen errepresioak.
Ioar:
Baina Egipton lortu zuten Mubarakek kargua uztea.
Ander:
Eta Gadafi hil egin zuten azkenean!
Ioar:
Sirian gerra zibil handi eta luze bat sortu zen.
Ander:
Beste era batean, mobilizazio feminista handiak izan dira azken urteetan: Argentinan, Polonian, Espainian.
Ioar:
Eta Amerikako Estatu Batuetan beltzen aurkako jazarpenen ondoren protesta biziak ikusi ditugu.
Ander:
Frantziako txaleko horiak ere hor daude. Borroka garrantzitsua ematen du.
Ioar:
Eztanda horiek bat-bateko protestak, istiluak eta aldarrikapenak iruditu arren, badituzte denek ezaugarri komunak.
Ander:
Injustizia da niretzat ezaugarri komuna.
Ioar:
Zapalketa, pobrezia, boterearen gehiegikeria, eta abar. Ez dira gutxi ezaugarri komunak, nahiz eta denak modu eta intentsitate diferentekoak izan.
AUDIOA-2 | JULE GOIKOETXEA
Ander:
Zein izenburu dauka Jule Goikoetxeak plazaratu duen liburuak?
Ioar:
Gazteleraz da: Estallidos. Revueltas, clase, identidad y cambio politico.
Ander:
Mundua nola dabilen ikusita, ezkerreko mugimendu politikoek eta filosofikoek obligazioa daukate beren teoriak eta kontzeptu klasikoak aztertzeko eta berriz definitzeko.
Ioar:
Jule Goikoetxeak eta Albert Nogera politologo kataluniarrak, biek elkarrekin osatutako liburua da.
Ander:
Zuk ba al daukazu?
Ioar:
Ez. Baina uste dut liburuan aztertu dutela zergatik gertatu diren eztanda horiek guztiak.
Ander:
Ziur aski esplikatuko zuten zein diren bereizgarriak, zer daukaten komunean, zerk ezberdintzen dituen...
Ioar:
Argi ikusten da haserrea oso zabalduta dagoela. Eztandak mundu osoan gertatzen ari dira.
Ander:
Ni oraindik jaio gabea nintzela, Txinan gertatu zen mobilizazio erraldoi bat. Pekingo Tiananmen plazan jendetza bildu zen protestan. Eta gobernuak tankeak bidali zituen.
Ioar:
Non gertatuko ote da hurrengo eztanda?
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Moduzko perpausa.
Esate baterako:
—«Nahi dugun moduan uler dezakegu eztandaren ideia?».
—«Udaberri arabiarra piztu zen antzera ez da beste eztandarik lehertu».
Ioar:
Beste bi ere esan ditugu:
—«Kataluniako independentzia mobilizazioak eztandak balira bezala jotzen ditu Espainiak».
—«Nik ulertu dudanaren arabera, eztandak dira».
Ander:
Moduzko perpausa bat da hau:
—Ahal izan dugun neurrian lagundu dugu eztanda politikoen gaia esplikatzen.
Hemen entzun dezakezue Jule Goikoetxeari egindako elkarrizketa.