«Arrano arrantzalea berreskuratzean kontzientzia sortu eta beste hainbat espezie babesten dira»
Arrano arrantzalea berreskuratu dute Urdaibain, «itzela da hori», Edorta Unamuno Bird Centerreko biologoaren esanetan; baina, birpopulatze prozesu batek onura gehigarriak ere baditu: ikusgarriak, «dibulgazioa eta kontzientziazioa» sustatzen dira, eta ikusezinak, espezie txikiagoen berreskurapena.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Arrano arrantzalea Euskal Herrian desagertuta zegoen espezie bat da, eta Urdaibai Bird Centerrek martxan jarri zuen espeziea berreskuratzeko plana 2013an, baita lortu ere. Iaz sortu ziren lehen txitak, nahiz eta 20 egunetara hil egin ziren, heriotza naturaltzat jo zuen Urdaibai Bird Centerrek.
Espezien desagerpena ohiko eboluzioaren ondorio izan daiteke, baina azken bi hamarkadetan gizakiaren jardunaren eraginez asko azkartu da desagerpen hori Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoaren esanetan, «eta ez da Tropikoetako kontu bat, Euskal Herrian ere bai». Arrano arrantzalearen adibidea aitzakiatzat hartuta espezien birpopulatzeaz egin dugu hausnarketa Gelditu Makinak saioan.
Zein da espezie bat birpopulatzeko arrazoia?
Egia esan, zaila da erantzutea zergatik eta noiz berreskuratu behar ditugun espezieak. Hemen biodibertsitate altxor bat daukagu, itzela, baina altxor horren barruan badaude hainbat espezie galzorian daudenak, eta beste batzuk arrisku leunagoak dutenak, eta beste batzuk gure ingurutik desagertu direnak. Ez mundu mailan, baina bai gure herrian edo eskualdean.
«Munduaren historian, beti desagertu eta sortzen dira espezieak, baina azkeneko urteetan oso modu azkarrean desagertzen ari dira, eta batez ere, gizakiaren eraginagatik gertatzen ari da hori»
Munduaren historian, beti desagertu eta sortzen dira espezieak, baina azkeneko urteetan oso modu azkarrean desagertzen ari dira, eta batez ere, gizakiaren eraginagatik gertatzen ari da hori, gure aktibitatearengatik. Horren aurrean, berreskuratze planak egin behar dira. Baina ikusi behar da ea bideragarria ote den gure ingurura espezie hori bueltatzea, jakitea gure inguru horrek jasango ote duen horrelako espezie baten birpopulatzea. Zein da interesa? Ba biodibertsitate maila osasuntsua izatea gure inguruan, horregatik egiten dira normalean berreskuratze plan hauek.
Espezie bat arrisku egoeran katalogatzen denean, zein motatako neurriak hartzen dira? Noiz ikusten da espezie bat galzorian dagoela?
Espezie bat arrisku egoeran dagoela katalogatzeko ikerketa nahiko zorrotza egin behar da. Espezie bat galzorian dagoela nola jakin? Ba zantzuak daudelako. Espeziea gero eta gutxiago ikusten delako, ez delako aspaldi ikusi edo bere populazioa nabarmen murriztu delako. Herri mailan, eskualde mailan edo lurralde mailan egin daitezke ikerketa hauek.
Adibidez, Urdaibain badira espezie batzuk desagertu direnak, baina alboko herrietan ez dira desagertu. EAEn liburu gorri bat daukagu, katalogo bat non mehatxupean dauden espezieak gordetzen ditugun. Behin espeziea liburuan egonda, estatus bat lortzen du berreskurapen plan bat bideratzeko eta aztertzeko ea posible izango ote den bere birpopulatzea. Hegaztien kasuan adibidez, kontuan hartu behar da nondik datozen, non igarotzen duten udaberria eta negua. Gerta litekeelako gure herrian hegazti baten populazioa asko gutxitzea baina ez guk sortutako arazo batengatik, negua igarotzen duen lekuak izan dezake eragina. Beraz, berreskurapen plan bat egin aurretik ikerketa asko egin behar dira.
Eta berreskurapen plan batek zein urrats ditu?
Gu Aranzadi Zientzia Elkarteko kide gara eta planak proposatu ahal ditugu. Baina horretarako argi izan behar dugu helburuak zeintzuk diren eta zertarako behar den espezie bat berreskuratu. Alegia, beti ez da berreskurapen plan bat. Batzuetan nahikoa da habitataren kudeaketa politika egoki batekin populazioa handitzeko.
«Otsoa edo artza berreskuratuko bagenitu? Beste arazo batzuk sortuko lirateke. Berreskuratu nahi den espezie horrek egungo jardueretan ez duela arazorik sortuko bermatu behar da»
Gai korapilatsua da. Pentsa Euskal Herriko mendietan otsoa edo artza berreskuratzen baditugu, gizarte mailan beste nolabaiteko arazo batzuk sortuko dira. Berreskuratu nahi den espezie horrek egungo jardueretan eta gaur egungo gure bizimoduan arazoak sortuko ez dituela bermatu behar da. Oso berekoiak gara, eta gure ikuspuntutik, eta ez natura ikuspuntutik, hartzen ditugu birpopulatze erabakiak. Hartzen diren irizpideak gizakiarenak dira, irizpide sozioekonomikoak. Oso gai sentsiblea da eta konplikazio asko sortzen ahal ditu, bai gizartean eta baita administrazioan ere. Pausoz pauso egin beharreko zerbait da.
Gu Aranzadi izanik, berreskuratze planak proposatzen ahal ditugu. Edo aktibitate edo ekintza batzuk proposatu hobekuntzak sortzeko. Baina eskumena Foru Aldundiarena da, gure kasuan, Bizkaikoarena.
«Oso zaila izaten da animalia txikiekin horrelako berreskuratze proiektuak aurrera ateratzea, ezagutzen ez dena ez baita babesten»
Arrano arrantzalearena, zein da kasua?
Hegaztiekin bi berreskuratze plan egin ditugu, zikoina zuriarekin eta arrano arrantzalearekin. Konturatzen bazarete, hegazti handiak dira eta errez ikusten dira, politak, eta gainera, jendearentzat erakargarriak izan daitezke. Normalean, oso zaila izaten da animalia txikiekin horrelako proiektuak aurrera ateratzea, ezagutzen ez dena ez baita babesten. Adibidez, hemen arrisku larrian dagoen espeziea antzandobi arrunta da, baina ia ikusiezina da, jendeak ez baitaki zer den. Baina hegazti handiak ikonikoak dira. Arranoa sinboloa da herri askotan, hegazti maitatuta da eta jarraitua. Eta kasu honetan oso bitxia da harrapakari hau, arrainak jaten dituelako.
Arranoaren kasuan, hemen duela urte asko bazegoen espeziea da. Kantauri isurialde osoan eta barrualdeko hezeguneetan zegoen. Gure inguruko eliza erromaniko batzuetako iruditegian ere ikus daitezke. Historian zehar, batez ere harrapakariek, jazarpen gogorra izan dute eta deuseztatu egin dira pentsatzen zelako gure aktibitatean kalteak eragiten zituela. Sistematikoki joera bat eduki dugu harrapakariak deuseztatzeko.
Arranoak migratzaileak dira, eta horregatik, beste herrialde batzuetan badaude, Eskozian, Errusian eta Eskandinavian, batez ere. Berreskuratze prozesuan aztertu behar da ea nola txertatzen den espezie hori berriz inguruan, eta aukerak ote dauden gure ingurura moldatzeko, eta hemen bizi izan zen espezie horren ahaiderik gertukoena aurkitzea, eta posible izatea ale batzuk lortzea populazioa berreskuratu ahal izateko . Beraz, soilik hasteko, urrats asko eman behar dira.
«Arrano arrantzaleak ez du inolako arazorik munduan, ez da galduko. Espezie hauek behin berreskuratuta ‘animali aterkia’ bihurtzen dira. Alegia, beraiek babestuta beste hainbeste gauza babesten dira konturatu gabe»
Jende guztiak pentsatzen du kontserbazioa dela helburua, eta hori gauza itzela da. Baina, horretaz aparte, arrano arrantzalearena aitzakia bat ere bada, argi eta garbi. Arrano arrantzaleak ez du inolako arazorik munduan, ez da galduko. Espezie hauek behin berreskuratuta ‘animali aterkia’ bihurtzen dira. Alegia, beraiek babestuta beste hainbeste gauza babesten dira konturatu gabe. Hori da inportanteena, aitzakia arrano arrantzalea kontserbatzea da, baina aurrera eramaten diren politikek bideratzen dute ikusezinak diren hainbeste eta hainbeste espezien babesa.
Beste helburu bat da kontzientzia sortzea. Gaur egun gure gizartean ez dena ezagutzen, ez da babesten. Eta arranoaren kasuan oso tresna ona da dibulgaziorako, dibertsitatea lantzeko. Tresna ona da hezkuntzarako, eskolan umeekin gauzak lantzeko...
Adibide bat jarriko dizut. Gure proiektua 2013an hasi genuen. Urrats asko egin genituen aurretik: kanpotik hainbat aditu etorri ziren eta beraiekin ikusi genuen bideragarria zela Urdaibain arrano arrantzalea berreskuratzea. Eskoziako gobernuarekin hitzarmen bat sinatu zen, 5 urtean zehar, urtero, 12 arrano arrantzale txita emateko donazio moduan. Eskoziatik Urdaibaira iritsi ziren 3-4 asteko arrano arrantzaleak, eta gure paduran egindako eraikuntzatxoan jarri genituen. Ezkutuan elikatu eta mantentzen genituen. Garai horretan arranoak jabetzen dira nongoak diren eta guk engainatu egin genituen. Eskoziako oroitzapena desagertu egin zitzaien, eta guztiz euskaldundu egin ziren. Askatu egin genituen eta hasierako hilabeteetan guk janaria ematen genien. Horrela, urtero-urtero 12 arrano arrantzale txita.
Migratzaileak direnez irailean Afrikara doaz. Jaio eta bigarren urtean etortzen dira bueltan, baina kontuan hartu behar da migrazioan %80 hil egiten dela bidaian, eta lehenengo urtean. Horregatik askatu ziren hainbeste, eta dozena bat baino gehiago etorri dira bueltan. Orain Kantauri isurialde osoan ibiltzen da arrano arrantzalea: Iparraldean, Urdaibain, Villaviciosan, Santanderreko badian...oso ongi moldatzen dira gure habitatera.
2021ean saiakera bat egon zen arranoak ugaltzeko. Gure asmoa izan da prozesu osoa jendeari erakustea. Mundu hori etxera eramatea, eta zaintza kamera bat jarri genuen, habiatik hurbil. Bikotea 2020an sortu zen, Euskal Herriko arrano arrantzale har bat, landetako eme batekin. Habiako bizitza kuxkuxeatzen genuen kameraren bidez, ikusi dugu nola kopulatzen zuten, inkubatu, nola egiten zioten aurre eguraldi txarrari....Kamera horiekin, etxeetan zeuden milaka pertsona horiengana iritsi gara, eta orain, arrano arrantzaleari leku bat egin diote beraien bihotzetan.
Baina, espezieak desagertzea historiaren parte da. Beraz, interes antropozentristatik harago, zergatik espezie bat birpopulatu?
Dinosauroak desagertu ziren, bai, eta gu ere desagertuko gara. Desagerpenak beti emango dira. Baina, naturalki gertatzen diren iraungipenak dira. Kontua da, gaur egun, gizakiak eragin nabarmena duela, eta gure aktibitateak mundua hankaz gora jarri duela. Gure aktibitate eta ekintzek ehunka mila espezie desagerrarazi ditu. Eta ez da hau tropikoetako gauza bat, hemen Euskal Herrian ere espezie iraungipenak ditugu, asko. Arrano arrantzalea da bat. Baina, azken finean, ikusi duguna da, azken 20 urtean gure eraginez milaka espezie jazarri ditugula, baita espezie arruntenak ere...eta biodibertsitatea guretzako derrigorrezkoa da. Azken finean, biodibertsitateak ongizatea dakar, gure habitat kalitatearen adierazleak dira.
Zergatik ez utzi espezie bat desagertzen?
Ba gure ongizatea bermatzeko. Hori lortzeko. Eta horrekin batera, lortu behar da gure eragina ahalik eta txikiena izatea naturan. Horretarako kontzientziazioa eta dibulgazioa oso garrantzitsuak dira.