«Gogorra izango da, espero dut behintzat zentratuta hastea eta partida handi bat egitea»
Bengoetxea bizirik iritsi da Lau eta Erdiko ligaxkako azken neurketara. Altunaren aurka irabazi egin beharko du finalerdietara sailkatzeko. Bere 19. denboraldia da profesionaletan eta uste du beste urte baterako indarra badaukala. Orain, hala ere, asteburuko hil ala biziko deman dago zentratuta.
Elordi garaituta, oraindik ere bizirik Lau eta Erdikoan, zein sentsaziorekin bukatu zenuen partida?
Oso gustora. Lehendabiziko partidan ez nintzen oso gustora sentitu, bigarren zatian makalaldi handia nabaritu nuelako baina atzokoan ondo joan zen, partida ona egin nuen eta sentsazio onekin geratu nintzen.
Orain Jokin Altunarekin, egungo txapeldunarekin, hil ala biziko partida jokatu beharko duzu finalerdietarako txartela lortzeko. Lehen partidan kostata irabazi zion Elordirik, bigarrengoa galdu Pello Etxeberriaren aurka… Ez dakit egungo txapelduna momentu onenean ote dagoen. Nola ikusten duzu zuk?
Lehendabiziko bi partida hauetan ez du bere jokorik onena erakutsi baina Jokinek beti txapelketetan azkenengo momentuetan jokorik onena erakusten du eta ni ez naiz fio. Pilotari ikaragarria da, azken urteetan txapel gehienak berak lortu ditu. Agian hasieretan ez du bere mailarik onena ematen baina gero etortzen zaio txispa.
Garbi duzu nola jokatu Jokin [Altuna] irabazteko?
Bera ez dagoen lekura botaz pilota. Ez dago misteriorik. Jokatu behar da partida, gogorra izango da, espero dut behintzat zentratuta hastea, gauzak ongi egiten, eta partida handi bat egitea. Hori izango da nire helbururik nagusiena.
Beti izan zara abiadura handiko pilotaria, zure ezaugarririk nagusiena, esan genezake. 37 urte nabaritzen dira?
Bai, nabaritzen dira, zalantzarik gabe. Nahiko ongi prestatuta nago eta abiadura aldetik pozik nago. Nahiko azkar ikusten ari naiz, horretarako entrenatzen dut gehienbat eta nik uste dut lortu dudala abiadura. Bi partidatan nahiko azkar ibili naiz eta ondoren, erresistentziak ematen du beste gerra bat. Errekuperatzea gero eta gehiago kostatzen da, gazteak sasoi betean daude, oso ongi prestatuta daude eta nik hor dauzkat nire gerra propioak. Atzo sentsazio onak pilatu nituen eta behintzat gogoekin nago Jokinen aurka jokatzeko. Ilusio guztiarekin joango naiz.
19 urte pilota profesionalean, 19. Lau eta Erdiko txapelketa. Azkar esaten da, 18 urterekin egin zenuen debuta. Aipatu zenuen beste urte bat luzatzeko nahia bazenuela.
Bai, orain egiten ditut 19 urte profesionaletan eta ilusio hori badaukat 20 urte beteta bukatzeko. Hilabete batzuk geratzen zaizkit eta ikusi egin beharko da. Ea enpresak ze erabaki hartzen duen eta nik hartzen duen erabakia onartuko dut, noski.
Kontziente izanda zure azken Lau eta Erdikoa izan daitekeela honako hau, are bereziago al da Altunaren aurka hil ala biziko neurketa jokatzea?
Bai, alde horretatik oso berezia da. Kontratuarekin ez dakit zer pasatuko den baina seguraski nire azken Lau eta Erdiko txapelketa izango da honako hau eta irabazten ez baldin badut ba txapelketako azken partida izan liteke. Gainera, Jokinen aurka, oso partida berezia da.
Gainera, zure Lau eta Erdiko txapela Altunaren aurka irabazi zenuen. Badakizu behintzat zer den berari kaiolan irabaztea.
Bai, Jokineri irabazi izan diot Lau eta Erdikoan. Bera gazteagoa zen, ez zeukan oraingo maila ezta ere. Orain badakigu ze pilotari den, pilotari ikaragarria da, erreferente bat da gaur egun, figurarik handiena eta berari irabaztea oso zaila da.
Hiru txapelketa nagusiak irabaziak dituzu, bi aldiz Buruz Burukoa eta aldi banatan Binakakoa eta Lau eta Erdikoa. Momentuz profesionalean lortutakoaren gustora zaude?
Bai, bai, egia esan oso gustora nago. 19 urte egin berri, txapel batzuk lortuta, finalerdi eta final asko jokatuta. Ezin naiz kexatu.
Beste urtebeterako maila badaukazula aipatu duzu, Baikorekin zerbait hitz egin duzu?
Oraindik ez dugu hitz egin eta egokituko zaigu aurreraxeago hitz egitea. Egokitzen denean saiatuko gara moldatzen, ahal baldin bada, pixka bat gehiago jarraitzeko, ongi eta bestela, ere bai.