Unai Fano, fiskaltzaren eta auzitegien jarreraren adibide
Hirugarren gradua eman zioten Unai Fanori urtarrilean eta umeekin etxean bizitza normala zeraman. Fiskaltzak jarritako helegitea medio, bigarren gradua kendu eta Basauriko kartzelan espetxeratu dute. Aitor Lexartza Sareko kideak «aurrerapausoak oztopatu» nahi dituztenen jarrera salatu du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Unai Fano pasa den abenduan ekarri zuten Basauriko espetxera. Bertako tratamendu batzordeak hirugarren gradua galdegin eta hala aitortu zioten. Aitor Lexartza Sareko kideak esan duenez, «umeekin etxean bizitza normala egiten zuen». Iraganean diogu, fiskaltzak hirugarren graduari helegitea jarri baitzion. Nahiz eta hasieran ez onartu orain apelazioa aintzatestu eta Espainiako Entzutegi Nazionalak bigarren gradura bueltatu du. Orain, Basaurin dute gatibu Fano.
Sareko eledunak adierazi duenez, «azken aldian fiskaltzak erabakiak errekurritu eta gero Espainiako Entzutegi Nazionalean areto batzuk fiskaltzaren alde egiten dute. Sektore hauek elkarbizitza eta bakeari aurrerapausoak eman ordez, oztopoak jarri eta egoera zaildu nahi dute, konfrontazioa sustatu».
Gainera, Fanok kondenaren bi herenak abenduan beteko ditu, legez hirugarren gradua dagokio. «Egoera oso gogorra da», aitortu du, «senideekin egon eta kartzelara bueltatzea ez da erraza».
Kalearen eta mobilizazioen «garrantzia» aipatu du Aitor Lexartzak. Egun hauetan Nafarroan egiten ari diren birari Arabak hartuko dio lekukoa datorren astean, eta urriaren 23an mobilizazioa deitu du Sarek Donostian.