«Kanpalekuaren kokalekua eta izena aldatu dira, baina egoera berdina da»
Urtebete igaro da Lesbos uharteko Moriako errefuxiatuen kanpalekuak su hartu zuenetik. Moriakoa Kara Tepeko kanpalekuak ordezkatu du. Bertako errealitateaz mintzatu da Helena Ruiz de Azua Zaporeak elkarteko komunikazio arduraduna. «Asteko egun bakar batean» ateratzen uzten dietela gaitzetsi du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
2020ko irailaren 9an hartu zuen su Grezian, Lesbos uhartean kokatuta zegoen Moria izeneko errefuxiatuentzako kanpalekuak. Kara Tepe da orain Lesboseko errefuxiatu gune nagusia. Gainezka egin du dagoeneko Kara Tepek; «4.000 pertsona daude gutxi gora-behera. Berez kanpalekuak 3.000 pertsonentzako tokia du soilik. Dagoeneko behar lukeena baino 1.000 pertsona gehiago dira», ohartarazi du Zaporeak elkarteko komunikazio arduradun Helena Ruiz de Azuak. Izena eta kokalekua ezberdinak izan arren, praktikan «egoera berdina» dela nabarmendu du.
Gainera, espetxe baten itxura du Kara Tepek errefuxiatuei «asteko egun bakar batean» uzten baitiete ateratzen. «Lehen ezin ziren uhartetik atera, baina orain ezin dira kanpalekutik atera», salatu du. Araua urratzen dutenek, 300 euroko isunari aurre egin beharko diote bueltatzerakoan. «Zentzugabeko» neurria dela dio Ruiz de Azuak, «ezin zaio errefuxiatu bati 300 euroko isuna ordainarazi. Diru hori beste gauza batzuentzako behar dute».
Egoera iraultzeko asmoak falta dira Zaporeak-eko komunikazio arduradunaren iritziz. Adibide modura esan du Europar Batasunak hainbeste beroko itzulketa zergatik dauden ikertzeko eskatu diola Greziako Gobernuari, «baina badakigu nola diren gauza hauek», esan du: «Egiten bada ere, ez du ondoriorik izango».
2016an errefuxiatuen krisia hasi zenean, gogora ekarri du Helena Ruiz de Azuak, muga Grezian eta Turkian zegoen. «Baina Afganistanen egoerarekin Europar Batasuna azkar mugitu da eta muga jada ez da hemen hasten», ohartarazi du. Orain, dio, Pakistanen dago muga, Turkiak ere murru bat jarri du, Polonia horretan ari da. Eta, hau ikusirik, Ruiz de Azuak ez du uste Europar Batasunak epe motzean egoera hau aldatuko duenik.
Kezka kontinentean
Aldaketa esanguratsu bakarra, lagun kopurua da; Morian 11.000tik gora izatera iritsi baitziren. Euren irudia garbitu nahian edo, Greziako Gobernua Lesbosetik kontinentera errefuxiatuak eramaten hasi zela esan du Ruiz de Azuak, batik bat Atenasera, eta gaur gaurkoz egoerarik txarrena bertan dagoela deritzo.