IRRATIA

«EH Baik alternatiba artikulatzeko aukera du eta zerbait ari da mugitzen gure inguruan»

Colette Capdevielle (PS) hautetsiaren babesa jaso berri du EH Baik departamentaletarako, «eta badira publikoki adierazten ez duten gehiago ere», Nikolas Blainek NAIZ Irratian azaldu duenez. Abertzaleek ezkerraldean alternatiba «osatu eta proposatzeko aukera» dutela dio.

Nikolas Blain, EH Bai. (Bob EDME)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Emaitza onen segida dagoeneko jarraitu baten urrats berri bat emateko baliatu nahi ditu hauteskunde departamentalak EH Baik. Hautagaitz kopuruak nabarmen behera egin duen hitzordu honetan 12 euskal kantonamendutan aurkeztuko dira abertzaleak eta ezkerreko erreferentzia nagusi bihurtzeko aukera nabarmena dute. 

Nikolas Blain EH Baiko bozeramailearen esanetan garrantzitsua da aurrerapen hori, «gure boz kopurua urbiletik segitua izan da beti Parisetik», zuzeneko eragina izan dezakete emaitza on batzuk «bai arlo instituzionalean, noski, baina baita konponbidearen arloan edo euskararen garapenean ere». 

EH Bai eremu berrietara zabaltzen ari da azken urteotan eta horren adierazle izan daiteke berriki jaso duen sustengu bat, Frantziako Asanbleako diputatu izan zen Colette Capdevielle (PS), Baionako hautetsia da orain, PSren eskualdeko buru den Henri Etchetoren taldean, eta abertzaleen aldeko botoa eskatu du. Blainen esanetan halako babes batek erakuts dezake «EH Baik ezkerraldean alternatiba bat osatzeko eta proposatzeko aukera duela», horretarako «borondatea» badutela dio eta babesa Capdevielleren kasutik harago doala, «publikoki egin du berak, baina baditugu publikoki adierazten ez dutenak ere, zerbait mugitzen ari da gure inguruan». 

Horren adierazle izan daiteke EH Baik aurrez izan ez dituen espazio berriak ere izan dituela kanpainan, adibidez eztabaida elektoral nagusietara gonbidatu dituzte abertzaleak, lehen ez bezala. 

Departamendua, Etxebizitza eta gutxieneko errenta 

Euskal Elkargoa sortzearekin bat indartu egin da instituzio propio baten aldeko hautua eta EH Baik bertara bideratu ditu bere indar nagusiak, baina Departamenduan ere egon beharra dagoela uste du Blainek, «Departamendua ez da gure lehen lerroko instituzioa, hortik gorako instituzio bat aldarrikatzen dugu Ipar Euskal Herriarentzat, baina ez dakigu noiz lortuko dugun hori eta bitartean euskal herritarroi zuzenean eragiten diguten hainbat erabaki Pauen hartzen dira. Bizki inportantea da hautetsi abertzaleak bertara eramatea». 

Arlo sozialean ari da garatzen ekainaren 20 eta 27an izango diren hauteskundeetako kanpaina, Paueko asanbleak ere arlo horretan baititu eskumen gehienak. Etxebizitzaren auzia jarri du lehen lerroan EH Baik eta hainbat proposamen zehatzekin eskaintza zabaltzea lortu du. Adibidez, 18 eta 25 urte arteko gazteentzat gutxieneko errenta segurtatua ezartzea proposatu du, hileroko diru kopuru bat bermatzea litzateke helburua, gazteek ikasketetara edo mundu profesionalean lehen urratsak eman ahal izateko bidera dezan.