Jon Plazaola: «Umorea unibertsala da, baina toki bakoitzak kolore propioa ematen dio»
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Jon Plazaola 19 urterekin lanean ari zen tabernan bere lehen bakarrizketak egiten hasi zen; ordutik bakarrizketak bidelagun izan ditu. Urte hauetan guztietan gelditu gabe aritu da lan askotan, telebista, zinema edota antzerkian. Azkenaldian, Euskal Herriko aretoak bete dituzten lanetan dabil buru-belarri: 'Losers-galtzaileak', 'Irabazi', 'Moko zorrotza' edo 'Que nadie se mueva', besteak beste. Gaztea da, baina luzea da bere kurrikulua, izan ere, «gazte hasi nintzen bazterrak nahasten» aitortu digu.
Hala ere, «lasterketaren hasieran nagoela kontsideratzea gustatzen zait» esan digu, eta gogotsu begiratzen dio etorkizunari. Proiektu batetik bestera salto egiten dabil etengabean, beti umorea alboan duela. Pandemia garaian arnasgunea izan den 'Barre Librea' saioan aritzen da, bakarrizketak egiten. «Asko nabaritu du azkenaldian jende gehiago gerturatzen zaigula barre egitea beharrezkoa dela esatera eta eskerrak ematera».
Plazaolaren bakarrizketen arrakasta ikusita, argi dago Euskal Herrian umorea badagoela. Bere hitzetan, «Euskal Herritarrok badakigu gure buruaz barre egiten, gure erara. Izan ere, umorea unibertsala da baina toki bakoitzak kolore propioa ematen dio».
Bere ibilbideaz, pandemiak osasun mentalean izan duen eraginaz eta datozen proiektuez aritu gara Bigarren Kafean. Eta bai, kafezalea da, «amama Josefina eta amarengatik datorkit kafearekiko zaletasuna».
Hain gustora egon gara, denbora agortu zaigula. Hemen entzungai dituzu irratian erantzun ezin izan dituen galderak.