Miren Gaztañaga: «'Maitasunaren itxiera' lanean publikoa islatuta sentitzen da»
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Miren Gaztañaga aktoreak txikitatik izan du antzerkia gustuko eta gauzak horrela, arte dramatikoa ikasteko gogoa erakutsi zion amari. Amak hori karrera bat ez zela iritzita, Mirenek artearekin erlazionatutako zerbait bilatu eta Arte ederrak ikasi zituen EHUn.
Bertan zegoela, Udako Euskal Unibertsitateak Ander Lipus irakasle zuen antzerki ikastaro bat antolatu eta hantxe izen eman zuen Mirenek. Horrela, karrerako bigarren urtean Ander Lipus eta Jon Gerediagarekin batera Antzerkiola Imaginarioa sortu eta buru-belarri sartu zen mundu horretan, arte ederrak ikasi eta amaitu bitartean.
Harrezkero, antzerki obra askotan ikusi ahal izan dugu bere lan kamaleonikoa; joan den astean Arriaga Antzokiak estreinatu berri duen 'Maitasunaren itxiera' lanean, Arriaga Antzokiak sortutako 'Garai zekenak', edo Tanttakaren 'Uda gau bateko ametsa'. Horrez gain, telebista eta zinemarako denbora ere izan du, eta telebistako lehen harremana 'Goenkale'-rekin izan zuen, bertan Ines izan zen urtetan. Zineman pelikula ezberdinetan aritu da: 'Igelak', 'Ane', 'El guardián invisible', 'Lasa eta Zabala'...
Sorkuntza pertsonala ezinbestekoa da Mirenentzat; laborategi, etxeko sukalde, jolasteko aukera gehien ematen dion txokoa, eta horrelaxe lan ezberdinak sortu ditu. Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagarekin batera Kamikaz kolektiboa sortu zuen.
Joan den astean 'Maitasunaren itxiera' estreinatu zuen Eneko Sagardoyrekin batera Arriaga Antzokian, eta bertan bizitako eta beste hainbat konturi buruz aritu gara Bigarren Kafean.