Rocio Basterra (Patagoniako Viedmatik): «Gorputzeko zati bilakatu da euskara niretzat»
Iparra-Hegoa elkarteak ‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimena antolatu du. Euskal Herritik eta diasporatik pasako da egurrezko kutxa eta Argentinako Viedma herritik hasi da ekimena. Bertako Rocio Basterrak euskara du pasio, eta euskararekiko maitasuna transmititzen du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
'Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimena martxoaren 20an abiatu zen Agentinako Viedmako Euskal Etxetik eta diasporako hamaika txokotatik pasatu ondoren iritsiko da Euskal Herrira. Ekimenak egurrezko kutxa bat du oinarri. Kutxa horretan, euskararen, lurraldetasunaren eta bestelako hamaika aldarriren islada biltzen hasi dira.
Aukera hau probestu dugu Argentinako Viedma-Patagoneseko Euskal Etxeko Rocio Basterrarekin hitz egiteko. Patagoniako hiriburu historikoan dago Euskal Etxea, baina eskualde guztiko komunitateak hartzen du parte. 'Bizi Gira... Kutxa Bira' dela eta ekimen ugari antolatu dituzte hurrengo egunetan, esaterako, ikasleek eginiko euskarazko hiztegi txiki bat banatu dute herritarren artean.
Euskararen sustapena dute eguneroko ogi, eta ikasteko aukera eskeintzen hasi ziren duela 16 urte Euskal Etxean. Alabaina, komunitatearen parte dira, umeekin eta beste kolektiboekin euskararekiko maitasuna trasmititzen dute.
Viedmako euskal etxeak 25 urte bete ditu, lehenago egon ziren saiakerak berau fundatzeko duela 100 urte inguru, eta liburu bat kaleratuko dute ikerketarekin aurki.
Ekimen honetan nolatan parte hartu duten galdetzerakoan, Basterrak azaldu du Baionako Etxepare Lizeokoekin hasi zirela harremanetan eta Iparra-Hegoa elkarteak aukera paregabea eman ziela «euskarari ohore egiteko».
Hasi da #kutxabira !
— Bizi gira... Kutxa bira! (@kutxabira) March 20, 2021
Carmen de Patagones hirianarratsaldez Viedmara eginen du salto Rio negro ibaia zeharkatuz.
Biba kutxabira! pic.twitter.com/Ot4Qabvppb
Kutxan bertan sartu duten mezuaren gainean honakoa: «erakutsi nahi dugu euskarari errespetua eduki behar diogula, ez beldurrik. Gu Patagonian euskaraz aritzen gara, hitzeman dugu euskararen alde egingo dugula, euskal nortasunaren funtsa baita. Ezin gara Euskal Etxe batean euskaratik kanpo bizi. Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu, euskarak behar gaitu. Onartu dezagun mundua aberastuko dela euskararekin, euskal nazioarekin».
«Euskararekin maitemindu nintzen»
Euskal Herritik hain urrun eta aldi berean hain gertu entzuten zaio Rocio Basterrari: «Nire etxean beti euskal hitz solteak entzun izan ditut. Patagonesen ez nuen euskara ikasteko aukerarik. Bahia Blancara, 300km-tara joan nintzen ikasketak egitera eta euskara klasetan eman nuen izena. Bertan, euskararekin maitemindu nintzen eta nire bizitzarentzat beharrezko zerbait bilakatu zen, dena emateko behar duzun hori. Euskara munduan sartu eta klaseak ematen hasi nintzen».
Pentsa, igandero joan eta etorrian 600 kilometro egiten zituen euskara zabaltzeko.