'Larrugorritan', emakumeen errealitatea den horretan
Apirilaren 5etik 9ra grabatuko dute 'Larrugorritan' seriearen lehen kapitulua. Emakumeek bizi duten errealitatea, gordin, esterotipoetatik aldenduta erakustea du helburu. Jone Arriola zuzendaria eta Uxue Jimenez argazki-zuzendaria izan dira kultur tartean.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
(H)emen ikus-entzunekoetan eta arte eszenikoetan lan egiten duten emakumeen elkartearekin zabaldutako leihoan, bi emakume eta proiektu bat ezagutu ditugu: Uxue Jimenez argazki-zuzendaria, Jone Arriola zuzendaria eta 'Larrugorritan' seriea.
20 urte daramatza Uxue Jimenezek ikusentzunezkoen munduan buru-belarri. 20 urte, euskal herritik abiatu eta hainbat herrialdetan sektore maskulinizatu batean bere lekua egiten. Ez da erraza izan, baina erronkaz erronka bere buruari fidel izaten, bere egiteko moduari tinko eutsiz egin ahal izan du bere bidea. Kamera-laguntzaile lanetan aritu da orain artean, besteen esanetara, baina iritsi zaio urrats bat aurrera eman eta bere lanaren gidaritza hartzeko unea. 'Larrugorritan' serieak eskeini dio Jimenezi lehendabizikoz argazki-zuzendaritza bere gain hartzeko parada, ofizioan hasi eta 20 urte beranduago, 22 urte bete berri dituen Jone Arriolak zuzenduko duen lanari esker.
Ikasketak amaitu berri ditu Jone Arriolak, Gradu Amaierako Lana zen hasiera batean 'Larrugorritan', baina Tabakalerak antolatutako 2deo programan hautatutako lanetariko bat izateak, errealitate bilakatzeko aukera eman dio. Argi izan du hasieratik, serie honen helburua emakumeen errealitatea, berak bere inguruan bizi duena, bere horretan erakustea da. Estereotipoetatik aldenduz, emakumeak esparru pribatuan agertzen diren bezala, iragazkirik gabe pantailaratuz. Eta horretarako lan taldean ere emakumeak nahi izan ditu, bai gidaritza lanetan bederen, eta horrek eman du bidea Uxue Jimenezen esperientziak eta Jone Arriolaren freskotasunak topo egin dezaten.
Proiektuarekin hasi zenean, eta ikus-entzunekoetan lanean dabiltzan emakumeen bila hastean izan zuen Arriolak (H)emen elkartearen berri. Bat datoz Jone Arriola eta Uxue Jimenez, ezinbestekoa dela elkartearen lana, egiten dutenari ikusgarritasuna emateko, baina baita elkarren berri izan eta lan harremanak garatu ahal izateko ere.
Apirilaren 5etik 9ra grabatuko dute kapitulu pilotua, ahalik eta lan txukunena egiteko ordea dirua behar eta crowdfounding kanpaina bat abiarazi dute itsulapikoa.eus plataforman. Lehenengo kapituluak harrera ona badu, badago gidoirik segida emateko, beraz ezinbestekoa da lehen pausu hori ahalik eta txukunen ematea. 5 emakume gazte dira serieko protagonistak. Aktore lanetan Jone Laspiur bezalako aurpegi ezaugunekin batera ikusi ahal izango ditugu publikoarentzat ezezagunak diren aurpegiak ere.