'Ezust Duo', askatasuna eta konplizitatea elkarrizketa polifonikoan
Iganacio Arakistain piano-jotzaileak eta Garazi Navas Mundiñano akordeoi-joleak osatzen dute 'Ezust Duo' fusio-proiektua. Printzipioz elkarrekin jotzeko eginak ez diren bi instrumenturen arteko elkarrizketa proposatzen dute musikari gazteek.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Pianoak eta akordeoiak, badute bakoitzak bere aldetik nahikoa ibilbide, bakarkako errepertorioetan nahiz bigarren mailako instrumentu gisa ere, beste musika-tresna batzuren lagungarri. Arraroa dena, bi intsrumentu polifoniko hauek bikote propioa osatzea da. Ezohikoa bai, baina ez ezinezkoa. Horren erakusle da 'Ezust-Duo' musika bikotea. Ignacio Arakistain piano-jotzaileak eta Garazi Navas Mundiñano akordeoi-joleak, pianoa eta akordeoia elkarrziketan jarri dituzte eta emaitza, bikaina da benetan.
Musikeneko bi ikasle hauek duela bi urte ekin zioten proiektu honi. Musika ulertu, interpretatu eta bizitzeko sentitzen zuten konplizitatea abiapuntutzat hartu eta musikaz askatasunez gozatzea helburu hartuta, estilo mugarik gabeko errepertorioa landu dutre ordutik hona. Gustuko piezak hartu eta beharrezko moldaketak egiten dituzte, ohikoan pianoa eta akordeoairentzat izaten ez diren piezak euren jardunera egokitzeko.
Orain, beren errepertorioko bi pieza bideon grabatu dituzte, Kulturaz, Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibako kideen eta Beasaingo Igartza Jauregiko arduradunen laguntzarekin. Beasaingo jauregian bertan egin dituzte grabaketak, eta ikusentzunekoak, bi instrumentuen arteko elkarrizketa konplizea entzun eta ikusteko aukera ematen du.
Musika klasikoaren baitan belaunaldi berrrien ikusgarritasunaren garrantziaz jakitun, musika mota honekiko gizarteak oro har duen ezkakintasun eta aurriritziez ere hitz egin digute kultur tartean Ignacio Arakistain eta Garazi Navas Mundiñanok, gurean arlo horretan lan pedagogiko handia dagoela egiteko azpimarratuz. Aldi berean, musika klasikoa aldarrikatzen duten zenbait puristen jarrera zurrunek ere mesede gutxi egiten dutela jakitun dira. Irudi horrekin hautsi, eta musika klasikoak sortzen duen zirrara lau haizetra zabaltzea litzateke bidea.
Zuzenekoen xarma eta indarra maite dute, eta horrexen gose dira orain: ditxosozko normaltasuna noiz iritsiko zain, zaleek ere beren elkarrizketa polifoniko aske bezain konplizeez gozatzeko aukera izan dezaten.