Jainko zein demonio, guztiak behar direnean
'...eta infernuko demonioa adiskide' dio Iñaki Irisarriren lehen eleberriaren tituluak. Izan ere, zeru nahiz infernuko lagunen, guztien beharra izaten baitu gerra egoeran herritar xumeak. Napoleonen tropak Nafarroan sartu ziren garaira garamatza idazleak, abenturaz jositako istorio honetan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Gosea, miseria, heriotza eta injustizia eguneroko bilakatzen direnean, ona eta txarraren arteko lerroa inoiz baino lausoagoa izaten da. Lerro lauso horrek bete-betean zeharkatzen du Iñaki Irisarriren lehen eleberria, '...eta infernuko demonioa adiskide'. Anbiguotasunean dantzan dabilen abenturazko istorioa idatzi du Irisarrik, irakurleari nor den ona, eta nor gaiztoa, nor lagun eta nor etsai behin eta berriz galdearazten diona.
Bi mende atzera egin du idazleak bere abentura kokatzeko. 1811ra garamatza, hain zuzen, Napoleon Bonaparteren tropa frantsesak Nafarroan sartu zirenean Iruñeko zitadelaz jabetuz. Betidanik iruditu zaio garai hori Iñaki Irisarriri biziki interesgarria. Garai hartakoa da, esate batera, Nafarroako lehen liburutegi publikoa, eta frantsesek zabaldu zuten, monasterio eta elizetatik ateratako liburuekin. Ez da hau oso datu ezaguna publiko zabalarentzat, ezta garai bizi hartako beste hainbat gorabehera ere.
Eleberriak ezin hobeto erakusten du gerra egoera horretan, bi bando nagusien artean dauden herritar xumeen nekea eta ezina: tributuak batzueri, bidesariak besteei eta geratzen zaizkien apurrak bidelapurren eskuetan amaitzeko kezka ezin gainetik kendu.
Frantsesak jasan eta mantendu beharraz nazkatuta, gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egin nahi dutenak. Horixe du helburu istorio honetako protagonista nagusietariko batek: Babil da bera, txirula jotzen duen mutil gazte mutua. Ama galdu zuela badira urte batzuk eta orain aita hil diote. Hitzez adierazi ezin duen amorrua eta mendeku goseak gerrilarekin elkartzera bultzatuko dute. Bidelagun izango ditu Txarro, gizonkote zakar eta basa eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratua.
Urtetako lanaren emaitza da Iñaki Irisarriren lehen lan luzea, eta nabari du mamian. Ezagun du garaia eta ezagun paisaia, mendizalea izaki, makina bat aldiz ibili da mugaldeko mendi-bide horietan. Hizkuntzarekin ere jolas egiten du idazle nafarrak, protagonisten jatorriaren baitan hizkera bat edo beste aukeratuz.
Liburuaren tituluari dagokionez, garaiko «Jainkoa lagun» esapideari jarraipena ematera dator, egoera makurretan, infernuko demonioak ere adiskide izatea ez baita kalterako izaten.