IRRATIA
Entrevue
Ederne Belamendia
Haur transexual baten ama

«Alua duen seme bat dugu, negarrez eskatzen zidan mutil bezala tratatzeko»

«Semea jaio zenean neskatzat hartu genuen eta neska bezela tratatu genuen lehen 3 urteetan». Ederne Belamendiak 8 urteko seme transexual bat du. Orain arte bizitakoaz, eta etorkizunari begira sentitzen duenaz, testigantza eskeini dio Naiz Irratiari: «Negarrez eskatzen zidan mutil bezala tratatzeko».

Naizen elkartearen aurkezpena. (Gorka RUBIO / FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Zeintzuk osatzen duzue familia?

Lau kideko famili bat gara, senarra eta biok, eta gero alaba bat alua duena, hamaika urte egingo dituena hurrengo apirilean, eta seme bat alua duena, zortzi urte egin dituena orain, urtarrilean. Beti eduki dugu seme bat, baina guk ez genekien. Zoritxarrez klasifikatzen gaituzte, ez jaiotzean, baizik eta tripa barruan gaudenean. Guri esan ziguten «arrosa» zela gure tripa eta kasu egin genuen, eta gure semea jaio zenean neskatzat hartu genuen eta neska bezala tratatu genuen bere lehenbiziko hiru urteetan.

Hasieran ez zegoen inolako arazorik, baina behin gure semea handitzen eta sozializatzen hasi behar zuenean, nabaritu genuen zerbait ez zihoala ondo: oso lotsatia zen, aurpegi tapatzen zuen, norbaitek hitz egiten bazion ezkutatu egiten zen gure atzean... hasieran pentsatzen genuen pasako zitzaiola, baina gero eta okerrago zihoan eta hasi ginen preokupatzen, lotsa hori beste zerbait ote zen.

Noiz jakin zenuten semea zela? Berak esan zizuen?

Berak oso modu naturalean jakinarazi zigun, hasieran jolasen bidez. Bere arrebarekin, berak beti hartzen zuen mutilaren rola, eta eskatzen zuen mutil bezala tratatzea jolasetan. Ni ere batzutan haserretu egiten nintzen. Orduan berak zuzentzen zidan eta esaten zidan mutila izan nahi zuela. Jolasa bukatzeko unea iristen zenean, afaltzen hasten ginenean galdetzen zidan: «Afaldu bitartean, jarrai dezaket mutila izaten?».

Nabaritu genion mutil bezala afaltzen zuen bitartean zegoela alai, oso hiztun, irekita... eta bat-batean, berriro ere neska rol horretan sartzen genuenean, itxita, triste, ez zuen jaten jarraitu nahi. Eta hor hasi ginen esaten «hemen zerbait dago».

Ohartu zinetenean, nolakoa izan zen prozesua?

Informazio bilaketa izan zen. Bilatzen hasi ginenean, informazio guztiek leku berdinera eramaten gintuzten: transexualitatera. Nik ez nekien ere ume txikietan eman zitekeenik, pentsatzen nuen helduen kontu bat zela. Orduan deskartatzen nuen ideia hori. Gero, jolasak bihurtzen hasi ziren beharrak: negarrez eskatzen zidan mutil bezala tratatzeko. Ez genekien nola kudeatu.

Familian, zer moduz?

Etxean zentratu genuen. Behin konturatu ginela gure semea seme bat dela, berari galdetu genion ea besteek jakitea. nahi zuen. Erantzunak kriston zaplaztekoa eman zidan, zeren esan zidan «ama, etxean mutila naiz; kalean ez naiz existitzen, ez naiz ezer». Gero konturatu ginen beldurrak zirela, baina prozesuan hasi ginenan eta ende guztiak onartzen zuela eta ez zegoela arazorik konturatu zenean, lau haizetara zabaldu nahi zuen, sekulako presarekin.

Beraz, bidean momentu ezberdinak pasa dituzue. Eta eskolan, zer moduz?

Oso ondo. Beldurra asko genion eskolaren erreakzioari, zeren ez genekien zein puntura arte beraiek bazekiten historia hauek existitzen zirela, baina erreakzioa bikaina izan da.

Aipatu dugu familia, aipatu dugu eskola, baina agian lehenengo aipatu behar duguna da Naizen elkartea. Zein garrantzi izan du?

Sekulakoa. Guk Chrysallis bezala ezagutu genuen eta egin genuen lehenbiziko deian dena izan zen ‘pazientzia’, ‘entzun’, gomendioak... Dena zen ‘lasai, utzi izaten’. Deitu nuenean norbaitek esatea «bai, neska edo mutila da» behar nuela pentsatzen nuen. Behar hori neukan. Noski ez dizute halakorik esaten, eta hori da ikasi behar duguna, beraiek badakitela zer diren.

Elkarteak ematen digun indarrak ez dauka konparatzerik. Guraso bezala, bakarrik sentizen zara, beldur eta galdera asko dituzu, eta bat-batean beste hainbat guraso topatzen dituzu, galdera berdinak eta bizipen oso antzekoak dauzkatenak. Honek sekulako bultzada ematen dizu aurrera jarraitzeko.