IRRATIA

«Gure helburuekin aurrera goaz; pauso txikiak, baina sendoak»

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatu zuten larunbatean, urriak 24, Zestoan; federazioaren txapelketari uko egin eta aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa. Bertatik, azaroaren 29ko final handirako sailkatu ziren Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Hain zuzen, Aitzol Atutxa izan dugu NAIZ irratian txapelketaren inguruko xehetasun gehiago izate aldera.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketako aurkezpena. / ehkirola.eus

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen Euskal Herriko Txapelketatik aldenduta, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketaren bidea hasi zuten Zestoan larunbatean. 

Guztira, hamar herri kirolarik parte hartu zuten kanporaketan, bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebaki behar izan zituzten aizkolariek Zestoan. Bertatik sei aizkolari sailkatu ziren azaroaren 29an Bilboko Bilbao Arenan 12:00etan jokatuko den final nagusirako: Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Hain zuzen, Aitzol Atutxa izan dugu gurean eta azaldu beraien helburuekin aurrera doazela, «pauso txikiak emanez, baina sendoak».

Federazioarekin duten harremanaren inguruan galdetuta, Atutxak dio beraiek beti azaldu dutela konponbideak bilatzeko prestutasuna, «baina badirudi bertatik ez dutela horrelakorik nahi eta bidean oztoporen bat edo beste jartzen ere saiatu dira», dio dimoztarrak. Gaineratu du, beraiek beraienarekin ekingo diotela eta ikusi ea arrakasta izaten duen.

Etorkizunera begira ere formatu berritzaile eta erakargarriagoak lantzen ari dira aizkolariak. Ingurune digitalean esaterako, aizkolaritxapelketanagusia.eus webgunea sortu dute eta sare sozialetan ere instagram kontu bat sortu dute.