Iñigo Goikoetxea: «Gizartea geroz eta indibidualizatuago dagoen honetan, plaza bezalako eremuak ezin ditugu galdu»
2018an kaleratu zuen Gozategi taldeak 'G Puntua' izeneko beren azken diskoa. Bizitzaren gorabeherak zer diren, ordea, aurten uda atipikoa ari da izaten haientzat. Hartara, 'Beste bat' saioak egingo dituzte uztaileko ostegunetan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Uda arraroa, ez ohikoa izaten ari da musikarientzat. Baina zer esanik ez uda sasoian hain eskertuak izaten diren plaza taldeentzat. Horietako bat da ezbairik gabe Gozategi taldea eta horren inguruan hitz egin dugu, besteak beste, Iñigo Goikoetxea taldekidearekin.
«Uztailaren 14, 16, 15; ekainaren 29, 30, 23… Etxean eta kontzerturik eman gabe egotea, 29 urte eta gero, tristura puntua sortzen duen zerbait da, arraroa» hasi du elkarrizketa Urdiaindarrak zer moduz dagoen galdetuta. «Datorren urterako gogoz dagoeneko eta batez ere askatasuna ez galtzea da benetan inporta duena. Nire ikuspegitik esperimentu soziologiko bat egiten ari dira gurekin, eta ez dut ukatuko gaixotasunaren larritasuna, baina egoera honetaraino iristea surrealista da. Gizarteak ezin du pertsonen arteko kontaktu minimoa galdu», azpimarratu du Goikoetxeak.
Uda honetarako aurreikusi zitekeen egoerarik txarrena izaten ari da Gozategi taldekoentzat. Dena dela, bestelako aukerak sortzeko modua izan dutela kontatu digu taldeko baxu-jotzaileak MusikHaria saioan: «Guri proposatu digute bestelako kontzerturen bat egitea, baina gure saioek duten berezitasun nagusiena eskutik hartu eta elkarrekin dantzatzea da. Gizartea geroz eta indibidualizatuago dagoen honetan, behintzat eremu batzuk ezin ditugu galdu, gizartearen perspektiba erabat galdu nahi ez badugu behintzat», nabarmendu du musikariak.
Plazak oraindik ere badu indarrik batean eta bestean, edo horrela sumatzen dute behintzat Gozategi taldekoek. Horren inguruan galdetuta hauxe izan da Goikoetxeak eman digun erantzuna: «Elkarrekin egoteko aukera askorik ez da izaten bizi garen modu honetan. Hartara, urtean zehar herritarrak agurtzen dituzu eta gutxi gehiago. Baina badago festaren bueltan eremu bat, plaza, non pertsonen harremanak beste modu batetara izaten dira bertan. Horrek indarra ematen dio gainontzeko urte sasoi guztietan elkar agurtzeko moduari berari ere. Plazan elikatzen baikara pertsonak gainontzeko urteko sasoiei nolabaiteko indar batekin eusteko. Eta hori galtzen badugu, asko galtzen dugula iruditzen zait, benetan. Horregatik egiten dut beti kalejira batek sortzen duen magia horren aldeko apologia kontzertuetan» kontatu digu urdiaindarrak.
Ibilbide luzea dute beren gainean Gozategikoek eta 30 urte betetzear diren honetan, gustura ari diren bitartean, proiektuak jorratzen jarraituko dutela aipatu digu Goikoetxeak, disfrutatzen segitzen badute behintzat. «Jendeak gure lanaz gozatzea nahi dugu, baina gu ere gozatzen ari garelako. Hori da zabaldu nahi dugun mezua urte guzti hauetan, denok gozatu behar dugula. Geroz eta zentzu gehiago hartzen ari da egiten dugun musika mota eta musikaren munduan betetzen dugun esparru txiki hori. Pena pixka bat ematen digu gauden egoerak, baina aurrera egin behar dugulakoan nago. Gu saiatuko gara jendea berpizten plazetan» esan digu Goikoetxeak.
'Beste bat' saioak momentuz berak egin ditu eta kantu kuttunez osatu ditu bi saioak. Denetariko musika aukera eskaini digu eta munduan barna bidaiatzeko aukera eskaini ere bai. Ea zer eskaintzen diguten datozenetan.