Muguruza eta Otegi, CIAren paperen harira: «Larritasuna erabatekoa da, gure aitak diru publikoaz hil zituzten»
Inongo harridurarik gabe baina aldi berean «Estatu terrorismoaren larritasuna» beren larruan sentituz hartu dute gerra zikinak eragindako biktimek CIAren dokumentuek adierazitakoa. Ane Muguruzak eta Nagore Otegik beren lekukotasuna eman dute NAIZ Irratian, bata zein bestearen aita hil zituzten, 80. hamarkadan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Nagore Otegik, Txato Otegiren alabak, bi urte baino ez zituen aita tiroka hil zutenean, 1985ean. Urtebete beranduago, 1986an, bere urtebetetzea Baionan ospatzen ari zirela, Nagore bera eta bere ama zauritu zituen GALek beste eraso batean. Ezagunagoa da oraindik amaren sabelean zen Ane Muguruzaren aita zen Josuren hilketa, Madrilera HBko diputatu kredentziala jasotzera joana zenean, 1989an.
Batak zein besteak errealitate horretan egin dute bizitza osoa, beraz. NAIZ Irratiaren mikrofonoetan biek nabarmendu dutenez, sentimendu ezberdinak bilduz eta zenbait gorabeherarekin, urteak joan urteak etorri.
CIAren paperetik tiraka orain berriz mahaigainean den Felipe Gonzalezen arduraren baieztapen honekin, zer sentitu dute? «Ez nau batere harritu, baina aldi berean oso larria da Gobernuburu baten izena horrela ateratzea», aitortu du Otegik. Etsipen puntu batez hartu du eta aldi berean «hipokrisia»rekin haserre sentitu dela aipatu du.
Ane Muguruzak, bere aldetik, «kondena» hitza beti ahotan duten horiek «non dauden orain» galdetu du, «lehehengo mailako bortxaketa» hauei jaramonik ez dietelako egin oraingoan ere.
«Eragindako mina aitortu behar dela benetan sinisten badute, egin dezatela», eskatu die Josu Muguruzaren alabak. Sare sozialen bitartez hauxe bera helarazi dio PSEko idazkari nagusi den Idoia Mendiari. Erabiltzen duten diskurtso hori «itxurakeria» baino ez dela egiaztatu du berriz Muguruzak, «eta horrek mindu egiten gaitu».
Zer nahi dute, zer behar dute biktima hauek? Azkar erantzun du Otegik: «Egia, egia aitortzea». Baina, inoiz iritsiko al da egiaren aitorpen hori? Zalantzan jarri du Muguruzak: «Momentuz ez dut horren borondaterik ikusten». Hala ere, egia hori jakiterik badela erantsi du, eta bide bat markatu du: 1968ko Sekretu Ofizialen Legea aldatzea, gerra zikinaren inguruko dokumentuak argitara ateratzea erraztuz.
Biktima bezala aintzat hartuak ez izateak dakarren kalteaz ere mintzo dira biak. Baina bere egoera pertsonaletatik haratago joanez: «Herriari zor diogu egia», aipatu du Muguruzak, eta «Estatu baten indarkeria zein larria den azaldu behar da», erantsi du Otegik. Bi aiten hilketak «diru publikoz finantzatu dituzte», ohartarazi du Ane Muguruzak, larritasun horren adibide bat emateagatik, askotan oharkabean pasatzen dela edota garrantzia kentzen zaiola sentitzen duelako.
CIAren kontu honen gainean zabaldu den izkutukeriaren seinale, hedabideen partetik bi dei baino ez dituela jaso esan du Josu Muguruzaren alabak: NAIZ Irratiko hau eta Kataluniako TV3rena. Prentsa idatzian ere, kontua ez dela apenas aipatu ekarri du gogora. Baina honetaz hitzegiten segitzeko beharra argi ikusten dute Muguruzak zein Otegik, «ahaztura»ren arriskua saihesteko. Eta beren aitak herriaren gogoan beti-beti egon izanak orain arte arnasa eman diela oroitu eta eskertu dute; «herriak salbatu gaitu».
Elkarrizketan egindako hausnarketak babestu eta txalotu ditu Twitterren Maria Jauregik, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren alabak, mezu honen bitartez.
Oraintxe bertan entzun zaituztet, @Mugu_stx eta Nagore. Ados nago zuek esandakoarekin. Egia eta aitortza ezinbestekoak dira zauriak itxi eta elkarbizitzan aurrera egiteko. Nire babesa duzue. Besarkada bana #Memoria #Elkarbizitza #GizaEskubideak #MemoriaInklusiboa https://t.co/fCLoYkI3j9
— Maria Jauregi (@MJauregiLasa) June 17, 2020