IRRATIA

Aiora Renteria: «Talde batek ez badu zuzenean jotzen hil egiten da»

2 hilabete geldirik egon eta gero, ostiral honetan oholtzetara bueltatuko da Zea Mays taldea. Kontzertu berezia izango da, Donostiako Victoria Eugenian eta plazaren %50eko edukierarekin. Aiora Renteria taldeko abeslaria 'MusikHaria' saioan izan da, eta hura pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izan dugu berak aukeratutako 10 kantu kuttunen bidez.

Aiora Renteria, Zea Mays taldeko abeslaria. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


'Astero, ostera, hastera' dio Zea Maysen kantuak eta hala gertatu zaie beraiei ere. 2 hilabete geldirik egon eta gero, berriro oholtzara egingo dute buelta, Donostiako Victoria Eugenia antzokira. Ez da ohiko kontzertua izango, segurtasun neurriak zorrotzak direlako, baina zaleak gogoz daude eta sarrerak segituan agortu dira. 'MusikHaria' saioan izan da Aiora Renteria abeslaria eta, egungo egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteaz gainera, atzera begira ere jarri gara eta horretarako bidelagun izan ditugu Renteriak aukeratutako 10 kantu kuttunak.

Koronabirusaren ondorioz kontzertu mordoa bertan behera geratu zaizkie; «oso latza izango da» dio kezkaz bilbotarrak. Zea Mays taldeak oso garbi baitu: «talde batek ez badu zuzenean jotzen hil egiten da». Musika-eszenan lanean ari direnek aurrera egiteko lan handia egiten ari direla dio, baina, instituzioetatik ez du babesik sumatzen «ez dut ikusten haien partetik soluzio bila daudenik, eta begira zeinen garrantzitsuak izan diren konfinamenduan zinea, literatura, musika eta antzerkia eta begira non gauden orain» gaitzetsi du taldeko abeslariak.

Badirudi kantuekin maitemindu egiten dela Aiora Renteria, eta behin eta berriz, entzuten du momentuan gustuko duen kantua. Aukeratutako taldeen artean dago Pearl Jam, eta melodia horrekin Londresera egin dugu hegan, bertan ezagutu baitzuten elkar Zea Mayseko taldekideek, eta kontatu du nola tabernako makinan behin eta berriz aukeratzen zuen kantu hori. «Zoro baten moduan abesten nuen» dio Renteriak.

Londresen ezagutu eta gerora sortuko zen Zea Mays. Azkar pasatzen da denbora, 20 urte baino gehiago daramatza talde bilbotarrak oholtza gainean, eta pentsa, egungo eszenan genero arrakala handia bada irudikatu duela 20 urte. Horren harira Renteriak gogoratu du duela hilabete batzuk emakume musikariek Bilbon egin zuten lehen batzarra, 100 bat emakume elkartu ziren «badaude pauso batzuk oso hunkigarriak direla» dio Renteriak, eta ohartarazi du gero eta gehiago direla emakume abeslariak eta instrumentistak.

Hamarkada hauetan noski, dozenaka disko eta kantu sortu dituzte, baina inflexio puntu izan zen 'Negua joan da ta' kantua. Hain justu, 10 urte bete dituen abestia. Renteriak kontatu digu oraindik ere, kantua oso entzuna dela YouTuben, eta hizkuntza askotara itzuli dela. Kantua arrakastatsua izan zen, baina are gehiago Ainhoa Moyua protagonista den bideoklipa «berea izan zen ideia, eta meritua berea izan zen» dio.

Horiek eta beste hainbat kontu eta kantu ekarri ditu 'MusikHaria' saiora. Guk, aurrekoekin egin bezala, azpian jarri dizkizuegu txukun-txukun guztiak entzuteko moduan.