Zuzenekoen magia etxera iritsi zenekoa
Zerbait berezia izango zela iragarri eta halaxe etorri dira NAIZ Kontzertuak bueltan. Etxetik mugitu ere egin gabe eta publiko murriztua zuen Sanagustin kulturguneko egoera bereziarekin. Izkander Fernandez kritikoarekin gogoratu dugu gau berezi hura.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
NAIZ Kontzertuak ekimenak hasiera indartsua izan du Gatiburen emanaldiarekin. Soinu kalitate bikaina, irudi indartsuak eta zuzeneko baten magia iritsi zitzaizkigun Azpeitiko Sanagustin kulturgunetik bateko eta besteko pantailetara. Hunkitu ere hunkitu ginen, Alex Sardui ere halatsu agertu zelako hitz egin zuen bakoitzean.
Publikoaren zati garrantzitsu bezala sentiarazi gintuzten Gatibukoek eta horretan NAIZ Kontzertuen ekoizpenaren ardura duten TAOMek zein Foku agentziak izan zuten zerikusirik. Oholtzan musikariak izan ordez, publikoa jarri zuten eta publikoaren tokian Gatibuko kideak. Hala, etxeetan ere dantza egiteko gogoa sorrarazi zitzaigun bati baino gehiagori.
Kontzertuaren nondik norako guztiak biharamunean aztertu eta kontatu ditugu ‘MusikHaria saioan’, horretarako luxuzko gonbidatu bat ekarrita; NAIZ eta GARAko musika kritikak egiten dituen Izkander Fernandez etorri baita gurera.
Datorrenaren zain geratuko gara, Nøgen taldearen txanda izango baita ostiral honetan. «Ez da ondo aterako» dio haien kantu batek, baina aurrekaria ikusita, ziur bikain aterako dena.