Alberto Iñurrategi: «Ezin dut sinetsi, batez ere himalayismoan, nora begira ari garen»
Euskal mendizaletasunean data bereziak izan ditugu azken egunetan eta hainbat euskal alpinista erreferente izan ditugu gurean horren harira. Lehen bezala orain, punta-puntako alpinistak ditu Euskal Herriak. Euskal mendizaletasunaren ikur izaten jarraitzen duen Alberto Iñurrategirekin hitz egin dugu NAIZ Irratian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Euskal Herrian mendiarekiko zaletasuna betidanik izan da nabaria, ikusi besterik ez dago historian zehar izan ditugun alpinistak eta gaur egun, oraindik ere, gure artean ditugunak. Gurean izan dugu, oraindik ere euskal mendizaletasunean erreferente nagusienetakoa dena, Alberto Iñurrategi aretxabaletarra.
Lehenik eta behin, Angel Landaren heriotzaren harira, «zoritxarrez, era guztietako berriak» daudela esan du. «Berri oso politekin hasi ginen, 80ko espedizioaren 40.urteurrenarekin, baina gero Angel Landaren heriotza dugu, erreferente handia izan dena euskal mendizaletasunean».
Iñurrategi hamalau zortzi milakoak egiten bigarren euskalduna izan zen. Felix Iñurrategi anaiarekin hasi zuen ibilbidea, baina zoritxarrez Gasherbrum IIan zendu zen. Felixen heriotzaren ostean zer pentsatua eman zion Albertori: «hasiera batean ez nion zentzu askorik ikusten bide berean jarraitzeari, baina denbora pasa ahala konturatu nintzen mendiak asko ematen zidala, eta konturatu nintzen mendira ez bueltatzeak ere ez zidala inongo arazorik konponduko. Nire ustez, izan nituen bi erreakzioak, oso normalak izan ziren».
Gaur egungo alpinismoa
Iñurrategi Himalaian asko ibilitakoa da, baina beste hainbat mendikateetan ere gauza anitz egindakoa da. «Hemen badaukagu halako ideia bat, egia ez den ideia bat, mendiaren zailtasuna altuerarekin lotuta dagoela. Altuera osagaietako bat da, baina badira beste hainbat mendi, 3.000 metro eskasetara iristen ez direnak eta ikaragarri zailak direnak», dio aretxabaletarrak. Gaineratu du, hemen «8.000koenganako kultura hori» sortu dela.
Bestetik, prestakuntza fisikoari dagokionez, Iñurrategik adierazi du ezin duela sinetsi, «batez ere himalayismoan», nora begira ari garen. «Gainontzeko kiroletan, esaterako, denboraldiko helburuen arabera egiten dira plangintza guztiak. Kirol eskaladan ere badago prestakuntzaren kultura hori; aldiz mendian, eta batez ere himalayismoan, ez dut ikusten halako jarrerarik. Kultura hori faltan botatzen dut», dio Iñurrategik. Horren arrazoiak zein izan daitezkeen ere azaldu du Iñurrategik: «nire ustez, horren arrazoia izan daiteke, jendeak ez duela lotzen prestakuntza gozamenerako ematen duen aukerarekin. Eta prestakuntza txar batek ere arriskuak areagotu egiten ditu».
Egungo masifikazioen inguruan galdetuta, hau erantzuna: «Guk ez dugu besteek baino eskubide gehiago mendi hauetara joateko, mendia beti askatasuneko eremu bezala ulertu izan dugu eta nik ulertzen dut askatasunak guztientzako izan behar duela». Hala ere, «moduak eta moduak» daudela ere aipatu du mendira hurbiltzeko eta egindakoak kontatzeko.
Oxigeno artifizialari dagokionez, «ez dut sekula erabili eta ezta eraman ere», dio aretxabaletarrak. «Gauza onak eta txarrak ditu. Lan asko sortzen du, espedizio komertzialak ahalbidetzen dituelako eta honek lana sortzen du bertako biztanleriarentzat. Bestetik, oxigenoaren erabilera neurrigabekoa da gaur egun, eta botilak amaitzean bertan uzten dituzte».
Gazte belaunaldia
Egungo gazteriaren inguruan, Iñurrategik esan du gaur egungo gazteria «oso espezializatua» dagoela. «Batzuk boulderra bakarrik egiten dute, beste batzuk soka bakarrik, batzuk mendi lasterketetan espezializatzen dira...». Gaineratu du «entrenamenduaren kultura» presenteago ikusten duela gazteetan. «Zaintza eta prestakuntza hobea dute, eta ikusi besterik ez dago zer maila altuarekin datorren jendea. Nik uste poztekoa dela».