Gatom: «Tendentzia kantu solteetara doala dirudi disko osoak kaleratu ordez»
Raparen mundua oso zabala da eta Gatom rapeatzailea den arren, beste hainbat estilotan ere aritzen da. Taupaka elkarteko kide da eta 'TiroPun' ekoizpenak zigilua ere sortu ditu. Tendentziei jarraika, kantu bakoitzarekin ia bideo bat egiten ari da, kontsumo ohiturek hala eskatzen dutelako. Kontu horiek guztiak jorratu ditugu berarekin 'MusikHaria' saioan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Iñigo Iriondo (Bermeo, 1990) da Gatom rapeatzailearen atzean dagoen pertsona. Rapeatzailea eta ekoizlea da bera eta aurreko hilabeteko asteazkenetako protagonista izan zen 'Beste bat' saioetan.
Gatomek aipatzen du Selektah Kolektiboa, Bad Sound System, Norte Apache edota 121 Krew taldeak izan zirela bere belaunaldiko rapeatzaileen aitzindari.
«Bizkaiko Ezkerraldea, Irun, Iruñea edota Gasteiz izan dira Euskal Herriko raparen sehaska» Gatomen arabera. Rapa Gasteizen eta Iruñean kokatzearen arrazoi nagusia Zaragozatik datorrela dio, ordea. «Zaragozan Estatu Batuetako militarren baseak zeuden eta haiek sartzen zuten rap musika bertara. Ondorioz, Zaragoza gune garrantzitsua zen eta Iruñeak edota Gasteizek duen gertutasunagatik, hemengo rapeatzaileak hara joaten ziren eta hangoak hona etorri. Batez ere, Iruñeara. Espainiar estatuan beste gune garrantzitsua Alcorcón izan da» gaineratu du ekoizle bermeotarrak.
Taupaka elkarteko kide da Gatom. «Nolabait ere euskal kulturaren sorkuntza eta zabalkundea modu askean bultzatzen da bertatik, industria orokorretik aparte dagoena» kontatzen digu Gatomek. Lan guztiak 'Creative Commons' lizentzia askeekin egiten dituzte, «kulturak herriarentzako behar duelako». Taupakaren bitartez, «artistak nolabait ere elkartu eta segurtasun moduko bat eskuratzen dugu. Asanblada bidez funtzionatzen duen elkartea da, ez da diskoetxe bat, nahiz eta halakoen funtzioak ere bete ditzakeen» adierazi digu Gatomek.
Ikus entzunezkoak ere ekoizten ditu bermeotarrak eta horretarako 'TiroPun' ekoizpenak zigilua du sortuta. «Tendentzia kantu solteetara doala dirudi disko osoak kaleratu ordez. Jendeak abesti solteak eskatzen ditu bideoekin» Gatomen ustez. Argazki batekin egindako bideoa edota bideoklipa izan, ikustaldi kopurua oso desberdina dela kontatu digu. «Jendeak bideoaren gainetik sagua pasatzean, mugimendua badu, errazago sartzen da nonbait bideoa ikustera. Akaso gero ez dute musika entzuten eta bideoa ikusteko baino ez dira sartzen. Baina kontsumo ohiturek horretara eramaten dute jendea» azpimarratu du Gatomek.
Azken bideoak, pandemiaren eragina dela-eta etxean bertan egin ditu bermeotarrak. 'Atiek iregi' egiteko etxeko altzariak mugitzen eta abar ibili dela kontatu digu, berak grabatu, editatu eta berak egin du atrezzo guztia ere. «Aitari ere argazkigintza gustatzen zaio eta horretan zortea dut, etxea hankaz gora jartzeko oztoporik ez didalako jartzen» esan digu irribartsu Gatomek.
Rapa oilarren mundua izaten den arren, euskal rap eszenan elkar laguntzen direla eta beti elkarri laguntzeko gogoz daudela nabarmendu du bermeotarrak. Euskal Herrian rap asko egiten da «osasuntsu» dago eta Gatomek bere 'Beste bat' saioetan hori ekarri digu maiatzeko uztan. Guztiak, webgune honetan bertan edo podcast plataformetan daude entzuteko moduan.