Hannot Mintegiaren argi-ilunak deszifratzen
Moxal proiektuaz, ikus-entzuneko lanez eta beste hainbat kontuz jardun dugu Hannot Mintegiarekin hizketan. Maiatzeko astearteetan, berak ondu ditu 'Beste bat' saioak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Hannot Mintegia ez dago kexati pandemia garai hauetan, izan ere, mundu zabalean dagoen egoera ikusita, « inguruan inor gaixorik ez, etxe erosoa eta lana» dituela aipatu digu. Gainera, konfinamendu honetan sormen lan ugari egin ditu, «baina horrelako beste batean akaso ez litzateke baliozko formula izango» dio.
Ikusentzunekoen munduan egiten du lan, bideo errealizazioan eta muntaian. Besteak beste, 'Jai-alai blues', 'Markak' edota 'Amerikanoak' dokumentaletan egin du lan eta bideoklip asko ere egiten ditu.
Bernardo Atxagaren hitzekin egindako bideo bat da Hannot Mintegiaren azken lanetako bat. «Irratian entzun nuen Atxaga konfinamenduari buruz hizketan, eta izugarri gustatu zitzaidan esan zuen hura. Gainera, bideo laburren lehiaketa bat egokitu zuen parean, bi minutu iraun behar zuen piezak eta gaia 'etxean bezala inon ez' zen. Xabi Larrazabali aipatu nion eta bi astetan egin genuen bideoa», kontatu digu Mintegiak.
'Moxal' da Hannot Mintegiaren proiektu musikala. Abesti asko ditu tiraderan gordeta gernikarrak eta bakoitza bideo batekin kaleratzeko asmoa duela aipatu digu. Irudiak kantuari egokitzeko abilezia du, azken bideoklipa 'Empty Files' taldearen 'Nobody' kantuaren moldaketa izan da. «Iluna izatea nahi nuen, gauez pasatzea, musikak hori iradokitzen zidalako» esan digu Mintegiak, eta, egiari zor, kantuak sortzen duen ezinegon hori egoki islatzen du. «'Aurtengo negue' abestiaren justu kontrakoa da», hura argiz bete zuelako, «izan ere, hura sehaska kanta bat da», gaineratu digu Mintegiak.
'Moxal'en lehen lanean, 'Zaldikatu' diskoan, geruza askoko musika aurkitu daiteke, horietako bakoitza non hasi eta non bukatzen den jakin ezin dena. Bidean «artista ugari eta onak» izan ditu bere inguruan Hannot Mintegiak eta «betetzeko zailak ziruditen ilusioak errealitate» bihurtu ditu gernikarrak.
Aitor Etxebarriarekin ere aritu da lanean Mintegia. 'El_Txef_A'ren garaietan hasi ziren elkarlanean eta bere bakarkako proiektuan ere parte hartu du. Konfinamendu aurretik «kontzertu onak» izan dituzten arren, bidean beste asko geratu zaizkie eta horren penarekin geratu da Mintegia.
'Audience' taldean hasi zuen bere ibilbide musikala, edo hori nabarmendu nahi izan du. «Aurretik Gaizka Insunzarekin beste talde bat eduki nuen, mila izen aldaketa jasandakoa, eta 2000. urtean 'Audience'kin hasi eta disko pila bat kaleratu ditugu ordutik ona. Niretzat unibertsitate musikalaren pareko zerbait izan da 'Audience'» aipatu du Mintegiak.
Erreferentzia musikalez galdetuta, lau mutur ekarri dizkigu Hannot Mintegiak: Neil Young, Björk, Chemical Brothers eta Mikel Laboa. Baina, guztia nahasten bada, 'Moxal' proiektua ulertzen laguntzen du.
'Beste bat' saioak modu «espontaneoan» egiten saiatu dela aipatu digu, bakoitza gai baten inguruan egin badu ere. Mintegiak aitortu digu juergan irtetean beti gustatu izan zaiola kantuak eskatzea eta batzuetan kabinan bukatzen duela musika jartzen. Hala, azken saioa «lagunak eta 'temazoak'» gaitik abiatuta egingo du. Ea zer nolako musikarekin egiten dugun topo.