IRRATIA

«Izenak berak dio, herri eta kirol. Herririk gabe, kirol hori galdutzat emango nuke»

Aizkolarientzat eta herri kirolarientzat ere ez da erraza izaten ari egoera honi eustea. Naiz irratian izan da Aitzol Atutxa aizkolaria eta berarekin aztertu dugu egungo aizkoraren egoera, baita etorkizunera begira nola ikusten duen ere.

Aitzol Atutxa aizkolaria Euskadiko aizkora txapeldunaren txapela jasoz

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Egoera zaila izaten ari da baita ere aizkolari eta herri kirolarien kasuan. Helbururik ez izateak psikologikoki asko desmotibatzen ditu eta zaila da horrela lanean aritzea. Gurean izan dugu Aitzol Atutxa aizkolari dimoztarra. Berarekin aztertu dugu egungo egoera, baita kirol honen etorkizuna ere.

Atutxak esan du berak zorionez etxean baduela entrenatzeko tokia, baina bere kasuan «txarrena» lesio bat pasatzen ari dela da. «Erreabilitazioan negoen fisioterapia zentroetan eta dena bertan behera geratu da, beraz, orain etxean bakarrik egoteak zaildu egiten du» azaldu du.

Kontatu digu bera lanean dagoela, egurraren sektorean gainera. Nabarmendu nahi izan du sektoreak aurrera jarraitzen duela, baina, batez ere «behar minimoei aurre egiteko». «Hortik aurrerako guztia kanpoan geratzen da, gure kirola barne» dio Atutxak.

Martxoaren 19an, Leitzan, hastekoa zen urrezko banakako aizkolari txapelketa, baina momentuz hori ere geldirik dago noski. Dimoztarrak dio «momentuz hori zen txapelketa. Guretzat erreferentzia izaten da, denok nahi izaten dute bertan parte hartu denentzako aukera izaten delako bertan. Printzipioz bertan behera geratuko dela uste dut, bestela oso formatu laburrean egingo beharko litzateke, baina zalantzak ditut. Plazak bilatzea eta betetzea ere ez da erraza izango, herriko jaiak ere bertan behera edo atzeratu egin dira». 

Bestetik, Atutxak esan du beraien kasuan telebista eskubideak ez dutela zeresan handirik beste kirol batzuetan bezala. «Gure kasuan zaila ikusten dut bai, herri kirolak izenak berak dio, herri eta kirol. Herririk gabe, kirol hori ia galdutzat emango nuke» gaineratu du.

Neurriei dagokionez, nabarmendu nahi izan du  «etxean sartzen gaituzten momentutik, muga batzuk» sortzen direla eta hauek «osasunaren aurka» doazela. «Nik agian beste modu batera egingo nuke, nire kasuan kirolak psikologikoki eta osasunari dagokionez asko ematen dit. Agian luzeegi doa, nik baimenduko nuke kirola banaka egitearen hori, beste herrialde batzuetan egiten ari diren bezala, baina bueno, hori nire iritzia da» azaldu du dimoztarrak. 

Atutxak Realaren kasua jarri du adibidez bezala. «Nire ustez, Realaren kasuan esaterako: alde batetik diozu etxean geratu zaitezte, gainera sekulako etxeak dituzue. Baina beste alde batetik, beraiek enpresa baten barne dira, eta enpresa horrek babes neurriak mantendu ditzake, beraz ulertzen dut alarma egoeran behar minimoan zeuden enpresak bakarrik zeudenean ez aritzea. Orain, ordea, behar minimoak ez diren enpresa asko eta asko lanean ari dira, beraz zergatik ezin dute entrenatzera joan. Nik hor ikusten dut galdera».

Itzuleraren inguruan esan du nabarituko dela «erritmo falta». Aurrera begira dituen helburuak ere azaldu dizkigu Atutxak: «guretzako Euskal Herriko txapelketa da helburu nagusia. Urri bukaera jokatu da azken urteetan. Orain ez dakit horrela izango den, baina helburu pertsonal bezala nik hori jartzen dut orain».

Aizkoraren eta herri kirolen etorkizunaren inguruan galdetuta: «aizkorak momentu onenak izan zituen dagoeneko, gaur egun zaila da. Garai batean zer esfortzu eskatzen zuen baloratzen zen,  gaur egun, zaila da, ordea, baloratzea». Bestetik, gehitu nahi izan du umeak, normalean, ez dutela aizkora bat hartzen, harri bat jasotzen... etab. «Praktikatzea ere zaila da. Kirol garestia da eta gero ez dago oso eskuragarri. Umeen batek herri kiroletan hasi nahi badu, ziur nago gurasoen %90ak beste kirolen bat egitera bidaliko lukeela. Eta gero, beste %10ak ere ez du nora joan, ez baitago herri kirol eskolarik» azaldu du.

Azken urteetan arrakasta gehien izaten ari dena «pentatloia» dela dio Atutxak, «herri kirolekin eginiko crossfit moduko ekitaldi bat». Kirola alde batera utzita ere, egungo egoeraren harira gobernuaren gestioaz hitz egin du dimoztarrak.