Bisitatu Bilboko Guggenheim Museoa, etxetik
Itxialdi egoera honetan kultura eta arteaz disfrutatzen jarraitu ahal izateko, herrialde desberdinetako museoek ibilbide birtualak eskaintzen dituzte internet bidez. Londreseko British Museum, New Yorkeko Metropolitan Museum eta Bilboko Guggenheim Museoa adibidez. Ana Lopez de Munain Bilboko Guggenheim museoko prentsa koordinatzailea da. Naiz irratian bere eskutik ezagutu nahi izan ditugu ibilbide birtual horren xehetasunak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
#GuggenheimBilbaolive ekimen digitala jarri du martxan Bilboko museo ezagunak. Bertan, bisitariek artelan eta erakusketak ikusi ahal izango dituzte modu birtualean. Ana Lopez de Munain prentsa koordinatzailearen arabera, erakusketez gain, museoko hainbat gune ezezagun ere erakutsiko dira.
Nola ez, ekimen honekin bete-betean du zerikusia Koronabirusaren krisiarekin. «Etxean geratu behar garen bitartean herritarrak entretenitu nahi izan ditugu», aipatu du Lopez de Munainek Naiz Irratian. Eta zehaztu du zabaltzen ari diren edukiak «formatiboak» direla.
Museoko arlo desberdinetako langileek zuzentzen dute ibilbide birtual hau, grabaketa desberdinen bitartez ikusi ahal izango dena. Dagoeneko Olafur Eliasson artistaren erakusketa ikusgai dago #GuggenheimBilbaolive-n. Erakusketa horren komisario den Lucia Agirrek artistari eta gogokoen dituen artelanei buruzko xehetasunak emango dizkigu bisita birtualean.