IRRATIA

Espainiako Poliziaren oldartzea, Iruñeko inauterietan

Hamalau urteko neska bat zauritu zuen Espainiako Poliziak ostiral arratsaldean Iruñean, inauterien ospakizun betean. Maiorga Ramirez parlamentariak zuzenean ikusi zuen, bere testigantza jaso dugu eta Martxelo Diaz lankideak auzia zertan den azaldu du. 

Zauritutako neska komisaldegitik ospitalera eraman zuten unean.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Ostiral iluntzean Iruñean esku hartze larria izan zuen Espainiako Poliziak eta oraindik ez du honen inguruko azalpenik eman. Hamalau urteko neska gazte bat harrapatu zuten furgonetarekin gazte batzuei oldartu eta gero, ospitalera eraman ordez komisaldegira eraman zuten lehenbizi. 

Bertatik bertara ikusi zuen gertakaria Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak eta bere testigantza jaso dugu NAIZ Irratian. 

EH Bilduk berak hainbat ekimen parlamentario abiatu ditu gertatutako argitze aldera. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria Parlamentura deitu du, espainiar poliziaren jarduera azal dezan. Gainera, Espainiako Kongresuan ere galdetuko du koalizio independentistak zergatik jarduen zuen poliziak jardun zuen bezala. 

Inauteri betean eta inaute giroan izan zen gertakaria. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM) azaldu du gertatutakoa, gazteak «beti bezala taberna zein negozio ezberdinetan sartu ziren auzoari jakinarazteko inauteriak iritsi direla». Moxaurrez jantzita zeuden, Nafarrako inauterietako jantzi tradizional batekin. AZGMren arabera, «badirudi salatari batek ez zuela ulertu nola diren gure euskal inauteriak» eta Poliziari deitu zion. Gutxira iritsi zen poliziaren oldartzea gazteen aurka.