Urtzi Errazkin: «Sakabanaketaren 16 biktimak aitortzeko eskatzen diegu erakundeei»
Dispertsioak eragindako 16 biktimak aitortzeko eskaria egin du Etxeratek Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean. Ordu berean, Memoriaren Eguna ospatu dute parlamentuan. Une hauetan dagoen sufrimendu aktibo bakarrarekin, sakabanaketarekin, amaitzea elkarbizitzaren mesedetarako dela adierazi du Urtzi Errazkinek.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Memoriaren eguna ospatu dute gaur Gasteizko legebiltzarreko kanpoaldean. Izatez, azaroaren 10ean da eguna, baina hauteskundeak medio atzeratu egin dute. Ekitaldi instituzionalean Alderdi Popularra izan ezik, gainerako talde parlamentarioetako kideek lore eskaintzak egin dituzte.
Legebiltzarraren kanpoan elkartu dira Etxerateko eledunak. Euskal presoei sistematikoki aplikatzen dieten urrunketa politikaren eraginez, 16 senide eta lagun hil dira errepidean. «Behingoz» erakundeek biktima gisa aitortzeko izateko eskaria egin du Etxeratek parlamentuaren kanpoaldean. Aitortza horrek helburu jakinak ditu Urtzi Errazkin bozeramalearen esanetan: «momentu honetan sufrimendua areagotzen ari zaie presoei eta euren senideei. Honekin amaitu beharra dago. Bide batez, hau errepika ez dadin, elkarbizitzari ikaragarrizko ekarpena egingo liokeela uste dugu».
Orain arte erakundeek horrelako urratsik zergatik eman ez duten galdetuta, Errazkinek uste du aitortza hori egiteak orain artekoa gaizki egon dela esatea litzatekeela eta hori ekidin nahi dutela batzuek. Elkarbizitzaren goraipatu eta dispertsioa mantentzea ez dela bateragarria uste du.