Koldo Martinez: «Guztiz beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak helegitea jartzea»
PSNrekin batera dago Geroa Bai Nafarroako Gobernuan eta Nafarroako Auzitegiak euskararen dekretuaren inguruan egindako ebazpenaren ostean lehen galdera Chiviteren exekutiboak helegitea jarriko duen ala ez da. Koldo Martinezek dio «beharrezkoa» dela helegite hori.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
UGT sindikatuak Uxue Barkosen Gobernuak garaian onartu zuen euskararen dekretua auzitara eraman zuen, gaur ezagutu dugu Nafarroako Auzitegiaren ebazpena: arrazoi eman dio sindikatuari eta ebatzi du euskara ezin dela meritu gisa aitortu eremu mixto eta ez euskaldunean lan publiko baterako. Gainera, euskaraz egin beharreko komunikazioak ere mugatu ditu.
Zer egingo du orain Maria Chiviteren gobernuak? Ana Ollo kontseilariak goizean esan du helegitea jartzea espero duela, PSNko Ramon Alzorrizek, ordea, ez dagoela horretarako arrazoirik adierazi du, gaineratuz ebazpena bat datorrela PSNk babestu duen jarrerarekin. Nafarroako Gobernuaren izenean Javier Remirez bozeramaileak hitz egin du eta ebazpena aztertuko dutela aurreratu du.
Geroa Baiko Koldo Martinezen ustez «guztiz beharrezkoa da» helegite hori, «Auzitegiak legearen interpretazio oso murriztailea egiten du, euskararen kontra doan irakurketa».
«Oso kezkatuta» daudela gehitu du Martinezek, «ebazpenak diona da hizkuntza arrotzak ezagutzeak askoz gehiago balio duela euskara, Nafarroako hizkuntza propioa, ezagutzea baino». Nafarroako Parlamentuak hautatu beerri duen senatariaren arabera «euskararen kontra» doa ebazpena, «Nafarroaren kontra doa eta gure gizartea txirotu egiten du».