En direct

Bigarren Kafea
Entrevue

«Gazteak esne saltzaile izatetik haratago, laborari izatea da etorkizuneko erronka»

20 urte bete ditu aurten Zuberoako Azkorria gasna kooperatibak. Hastapenez eta gaur arterainoko bideaz aritzeko gonbidatu dugu Bigarren Kafera, Ekaitz Mazusta, Azkorriako zuzendaria.

«Gazteak esne saltzaile izatetik haratago, laborari izatea da etorkizuneko erronka»

Loading player...
20 urte bete ditu Azkorri Gasna Kooperatibak.
20 urte bete ditu Azkorri Gasna Kooperatibak. (Kazeta.eus)

Hain urtemuga seinalatua behar den moduan ospatu dutela esan digu Mazustak. «Markatu nahi izan dugu gure 20. urtebetetzea modu nahiko sinplean, Azkorria izan den bezala. Laborariekin, lekuko bezeroekin eta hornitzaileekin ospatu izan dugu. Feria txikia antolatu genuen betidanik partaide izan ditugu lagun eta laguntzaileekin. Azken urteetan sartu diren gazteak integratu eta indar berri bat emateko ere izan da aukera». Urtemuga honetara «osasuntsu eta txikitasunetik urratsez urrats bidea eginez iritsi direla» aitortu du.

Azkorria sortu zen garaiko testuingurua eta beharrak zeintzuk ziren galdetuta, ondokoa azaldu du Mazustak. «Azkorria 2006an sortu zen baina gogoeta 1999an hasi zen. Zuberoako artzain guztiek industria handi bati saltzen zioten gazta. Garaian hainbat gatazka zeuden; laborarien esne prezioa eta esnearekin zer egin behar zen (izendapeneko gazta edo ekoizpen handiko gazta). Abiatzea hori izan zen. Hasieratik argi izan genuen lekuko gazta egitea, kalitatezkoa, Ossau-Irati denominazio barnean sartzen zena, kooperatiba bat laborariek beraiek erabakiak hartzeko gaitasuna izango zutena eta helburu izanez lekuko etxalde txikiak bizirautea».

Hastapenetan traba ugari izan zituzten, tartean administratiboak. «Garaian frantses estatuaren dirulaguntza publikoak izateko gutxienez 1.000.000 litro ekoiztu behar ziren. Orduko hartan 300.000 litro ekoizten ziren Azkorrian. Beraz, borroka bat eraman behar izan zen ekoizpen txikikoak dirulaguntza publikoetan sartzeko. Beste borroka bat izan zen banketxeekin. Hartzeko bai baina emateko uzkur ziren. Laborariek maiz beraien dirua jarri behar izan dute».

Aurrera begira belaunaldi aldaketa bermatzea da erronketako bat. «Azkorrian 16 etxalde badira, azken urteetan 30 azpiko lau edo bost pertsona instalatu direnak eta ikusten dugu beste batzuk instalatzekoak direla. Ikusten dugu bortxaz badela segidarik ez duen etxalderik. Beraz, bada erronka hurrengo urteetan jendea bertan instalatzea etxaldeen, herrien zein Azkorriaren bizitza bermatzeko».

Entzun Ekaitz Mazustarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa