En direct

Zortzi abestiz osatutako disko zuzena da Ohil taldeak plazaratu duena. Zuzena diogu, entzuten denak ez duelako artifizio gehiegi, beren esentzia jaso dute eta ziur asko zuzeneko emanaldietan gauza bera topatuko dugu.
Melodikotasuna agerikoa da kantuetan, erritmiketan jolas ugari egin dute bai baxuarekin zein bateriarekin eta zikintasuna distortsioetan presente egon bada ere, atsegina den diskoa dela esan dezakegu. Gaiei erreparatuz, bakoitzak bere txokora eraman ditzakeen gogoetak jarri dituzte mahai gainean, interpretazioak entzuleak bezain beste izan daitezkeelarik. Barrura begira jarri eta pentsarazten dutenak. Fer Apoaren eta Inserta taldeko Gariren kolaborazioak ere badituzte beren kantuetan, kolorea gehituz aurretik egindakoari.
Erik Berganzak berak egin du diskoaren diseinua eta bi estudiotan aritu dira grabaketa lanak egiten, taldekideak ere batean eta bestean bizi direlako. Iruñeko Motu estudioan grabatu dituzte Guille Mutiloarekin baxua eta gitarra eta bateriak, berriz, Hamarratz Musika Gunean grabatu dituzte. Ahotsak, etxean, lasai ederrean.
Goiko aldean entzun dezakezue MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa eta, zuzenekoen zain gauden bitartean, lanaz gozatzeko tartea geratzen zaigu orain.



