En direct

Biziberritzen dabiltzan hizkuntzak elkar aberasteko Bihar Kongresua egiten ari dira egunotan Euskal Herrian. Garabide Elkarteak, Sozilinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen mugimenduak eta Plazarak antolatutako jardunaldiek Bilbon, Irunen eta Hendaian hartu dute egoitza.
Hizkuntza gutxituak «etorkizunera begira» jartzen dituelako deitu diote Bihar kongresuari, bai eta «hizkuntza guztietara itzuli daitekeen kontzeptua» delako ere. Hala azaldu dio Garabide elkarteko koordinatzaile berria den Eñaut Agirrek NAIZ Irratiari.
Antolatzailearentzat «nahiko nabaria da generazio berrienetan hizkuntzarekiko interes falta dagoela», baina era berean lanean dabiltzan komunitateak «asko» direla eta «indar handia» dutela aldarrikatu du. Ikertzen emandako urteetan jabetu dira talde bakoitzak bakarka «etorkizunera begirako diskurtso falta» duela, eta horregatik uste dute «ariketa hori elkarrekin egin beharrekoa» dela.
Kongresuko hizlarien ahotan lankidetza, diskurtsoen berritzeak eta ikuspegi intersekzionalak ezinbestekoak dira hizkuntza gutxituak biziberritzeko. Herrialde ezberdinetako errealitateak plazaratu dituzte jardunaldietara hurbildutako ikerlariek, baina guztiek ezin izan dute bertaratu, Boliviako Guaranien eta Pakistango Zubair komunitateen ordezkariei bisa ukatu baitiete. Agirrek jazoera hori salatu du, «gero eta ohikoagoa» dela azpimarratuz.
Kongresuak Bilbon ekin zion bideari asteazkenean, eta bigarren eta hirugarren jardunaldiek Irungo Fikoba izan dute egoitza. Topaketari Hendaiatik emango zaio bukaera, larunbatean.


