En direct
«Indibidualismoa nagusitzen den honetan, askatasuna ere bada komunitatearekiko konpromisoa»
‘Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica’ dokumentalak Hiroshimako bonba atomikotik bizirik atera zirenen memoria eta Pedro Arrupe jesuita bilbotarraren testigantza lotzen ditu. Leyre Arrietak ikerketa lana eta Japoniara egindako bidaia gidatu ditu, lekukoen ahotsa jaso nahian, 80 urte geroago.
«Indibidualismoa nagusitzen den honetan, askatasuna ere bada komunitatearekiko konpromisoa»
«Japonieraz ziren elkarrizketak, itzultzaile bat geneukan, baina ez zen itzulpenik behar ikusteko nola sentiarazten zuten mina eta memoria, malkoak ere atera zitzaizkigun». Leyre Arrietak horrela gogoratzen du Japoniara egindako bidaia. Hiroshimako bonbardaketaren lekukoen aurrean, historia liburuetatik atera eta aurrez aurre jarri zitzaien mina.
Maite Ibañezek zuzendutako dokumentala Pedro Arruperen esperientziatik abiatzen da. 1945eko abuztuaren 6an Hiroshima suntsitu zuen bonbak Arrupe Nagatsukako nobiziatuan harrapatu zuen, epizentrotik kilometro gutxira. Medikuntza ezagutzak baliatuz, nobiziatua zaurituentzako ospitale bihurtzen lagundu zuen. Filmaren oinarrian Arrupek berak idatzitako testigantza dago, eta Arrietak dioenez, «bere liburuak asko lagundu digu».
Baina dokumentalak ez du iragana bakarrik begiratzen. Lekukoek badakite denbora aurrera doala eta haien memoria beraiekin desagertu daitekeela. «Beraiek nahi dutena da bizi izandakoa erakustea berriro ez gertatzeko», azaldu du Arrietak. «Lekuko batek esan zigun bere lagun guztiak hil zirela eta gertatutakoa ezagutzera eman gabe ez zela lasai hilko».
Horregatik izan zen hain garrantzitsua 80. urteurrenean Japoniara joatea: «Argi genuen iaz joan behar genuela, 80. urteurrenean, momentu aproposena zela; lekuko batzuk 103 eta 102 urte dituzte». Dokumentala, horrela, lekukoen memoria jasotzeko premiazko ariketa ere bihurtu da.
Eta Hiroshimatik gaur egunera salto egiten du filmak. Bere familia ia osoa galdu duen pertsona batek esaten dizunean «oraindik badut horri buruz hitz egiteko ardura», zer ardura hartzen du ikusleak? Arrietaren hitzetan, «indibidualismoa nagusitzen den mundu honetan askatasuna ere bada norberak komunitate batekiko konpromisoa izatea».
'Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica' Zinemirako sailaren barruan aurkeztuko da gaur.


