En direct
«Moneta tresna ekonomiko bat da, baina bada tresna soziala ere»
Duela 13 urte jarri zen abian Ipar Euskal Herrian Euskoa izeneko tokiko monetaren egitasmoa. Hegoaldean Gure Moneta izenpean bi urte daramatzate antzeko lanketa bat egiten eta Luix Intxauspe dinamizatzaileak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu Bigarren Kafean.
«Moneta tresna ekonomiko bat da, baina bada tresna soziala ere»
Otsailean egin zuten Gure Monetaren jendaurreko aurkezpena eta ordutik hona zabalik dute bazkidetza kanpaina. Horrekin batera, Baztanen eta Oarsoaldean urtea amaitu aurretik martxan izango diren esperientzia pilotuak prestatzen ari dira eta Intxauspek azaldu duen moduan, «esperientzia horiek utziko dituzten datu eta ondorioak interesgarriak izango dira etorkizunean beste leku batzuetan ezartzeko». Gure Monetak tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua babesteko tresna izatea du helburu, baina baita justizia soziala, trantsizio ekologikoa edota euskararen defentsa lantzeko tresna izatea ere. Horretarako, ezinbestekoa da toki bakoitzean Gure Moneta ordaintzeko modu gisa onartuko duten merkatari, enpresa, ekoizle, elkarte eta abarren konpromisoa.
Aurrera begira, Euskal Herri osoan erabili ahal izango den moneta bakarra ezartzea da proiektuaren erronka baina horretarako, Hegoaldean bide dezente geratzen zaio oraindik egitasmoari Ipar Euskal Herrian duen errotze mailara iristeko.
Gizarteratze bide horretan ematen ari diren urratsen artean, billeteen diseinurako ekarpenak egiteko aukera aipatu daiteke. Galdetegi bat egokitu dute beraien webgunean eta bertan, Euskal Herria irudikatu dezaketen elementu, animalia edo dena delakoren ekarpen eta proposamenak egiteko aukera dute, hala nahi duten herritarrek. Irailaren 12an itxiko da ekarpenak egiteko aukera eta irailaren 26an bazkideekin egingo duten batzarrean erakutsiko dituzte jendaurrean.
Entzun Luix Intxausperekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.


