En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Iker Beñaran ‘Beñaranks’
Herrimin proiektuaren sortzailea

«Beharrak errekurtsoak sortzen ditu askotan, eta hori gertatu zen hemen»

Reggae munduan eta soinu sistemen jiran ezagunak diren bi lagun batu eta Herrimin proiektua sortu dute. Iker Beñaran ‘‘Beñaranks’’ eta Asier ‘‘Piña’’ Del Alamok dagoeneko herrikoiak bilakatu diren hamar abesti hartu eta reggae unibertsoko estiloetara eraman dituzte. 

«Beharrak errekurtsoak sortzen ditu askotan, eta hori gertatu zen hemen»

Loading player...
(Argazkiak: Martin AVILA)
«Herrimin» izena, nondik dator?

Bada, kanpoan bizitze horretatik dator. Ni Donostian bizi naiz, baina Asier [Del Alamo] kidea Algortakoa da baina Bartzelonan bizi da duela zortzi urte. Hari sortu zitzaion ideia, eta, herrimina zeukanez hasi bazen ere, konturatu ginen izenak izan zitzakeela beste irakurketa batzuk ere. Musikaren nostalgia ere badagoelako, izan ere, gu aspalditik reggae musika egiten ari gara, eta horrek ere hortik badu, noski, baina txikitatik entzun dugun musika horretara itzuli gara kantu hauen eskutik.

Asier aipatu dugu, baxuan aritu dena diskoan. Gainerako musikariak, ordea, Euskal Herritik kanpokoak direla esango nuke haien izenei erreparatuz gero.

Esan dudan moduan, Asier Bartzelonan bizi da eta bertan estudio bat du, No Tocar Records. Algortan hasi zuen proiektua, baina gero dena bertara eraman zuen, eta, logistika kontuak tarteko, bada hango musikariek hartu dute parte. Batzuk kataluniarrak dira, eta, besteak, bertan bizi direnak, Asier bezala.

Nola eman zen zuen bion arteko elkarketa?

Euskal Herrian bizi zenean ezagutzen genuen elkar, izan ere, reggae eszena txikia da. Ni, gainera, asko mugitzekoa naiz; zer egiten ari diren besteak eta zeintzuk dauden proiektuen atzean jakin nahian ibiltzen naiz. 2017 inguruan edo ezagutu genuen elkar, eta, gero, ni Bartzelonara joan nintzen doktoretza ikasketen egonaldi bat egitera eta harremanetan jarri nintzen berarekin. Elkartzen hasi ginen orduan, eta gerora urtean bizpahiru aldiz itzultzen naiz bertara. Bertan soinu sistema bat eta zigilu bat ere baditu, Gatzara, eta hortik estutu genuen gure harremana.

Hala, bere buruan ideia hau bueltaka zuela esan zidan. Lehendabizi, zuzeneko zerbait bezala aurkeztu zidan eta hor nik esan nion aurretik grabatu eta disko bat atera beharko genukeela. Baietz esan zidan, eta lanean jarri ginen. Distantziara egin dugu lan; hark maketak bidali, nik nire probak bidaltzen nizkion bueltan, eta, geruzak sortu eta sortu ostean, estudiora joan nintzen konponketak-eta egitera. Dena grabatzen jarri ginen beranduago.

«Elgeta» trikiti pieza da diskoa irekitzen duena eta dultzaina moduko bat entzuten da. Kataluniarrak tartean izanda, ulertzen dut hango batek grabatuko zuela.

Ez dago dultzainarik, tronpeta eta tronboia baino ez daude. Asierrek emandako tratamenduak lortuko zuen efektu hori. Egia da, hori bai, abesti horretan nota altuagoetan ari direla jotzen, eta horrek emango zion efektu hori.

Reggaearen barruan, dub abesti bat dela esan daiteke. Nondik bururatu zitzaizuen trikiti pieza klasiko bat giro horretara eramatea?

Aukeraketa, oro har, nahikoa arbitrarioa izan da; txikitan gurasoekin kasetean entzuten genituen kantuak moldatzea zen kontzeptu orokorra. Abesti hori, ordea, nire kuadrillatik datorren zerbait da. Nire kuadrillan abesti hori euskalduntasunaren meme moduko bat bihurtu zen, ez zentzu negatiboan. Mendira joan eta tontorrean hamaiketakoa jaten ari zaren unean, batek esaten duenean «Jarri Elgeta!», bada, une horretan egiten da euskal munduarekin halako lotura bat. Herrimin hori sortzen digun kantua da, eta horregatik aukeratu dugu diskorako.

Esan duzun moduan, badu dub modernoaren kutsu hori, ilunagoa, instrumentala… Steper erritmoa eman genion; bonboa beltzetara doa eta hori sound system batean jartzeko oso potentea da. Errekurtso bezala oso interesgarria zen.

«Haika mutil» da bigarren abestia. Perkusio tribal batekin hasten da kantua, eta, erritmoa zuenera eraman baduzue ere, tempoa berezkoari nahikoa fidela dela iruditu zait.

Egia esanda, horren gainean nik ez nuen pentsatu ezer, agian Asierrek bai pentsatuko zuen. Egia da abesti askotan gauza asko aldatu ditugula, baina hau fidelenetarikoa dela esan behar dut. Melodia bere horretan utzi dugu, esaterako.

Kantuentzat konponketak egitea erraza izan da edo buelta asko ematen saiatu zarete?

Ez gehiegi. Reggaetik gatoz eta reggaea ez da jazza. Konponketak oso efektistak izaten dira gure estiloan; sinpleak izan daitezela lortu nahi dugu, baina eduki dezatela eragina gugan. Kantu batzuetan monotonia apurtzeko erabiltzen da, introak ere bereziak dira… Rastafariek Jamaikan erabiltzen duten erritmo bat da kantu honetan erabili duguna, haien meza modukoetan danborrekin sortzen dituzten erritmoak imitatuz. Gainera, erabaki hori hartu eta gero, jabetu ginen ez ginela lehenengoak hori egiten, Chalwa Band eta King Konsulek 2011n antzeko introarekin kaleratu baitzuten ‘‘Haika mutil’’ abestiaren moldaketa bat.

Zuen generoetan oso ohikoa da bertsioak egitea, baina baita elkarren aitortza ere. Hau da, ideia nori hartu zaion beti esaten da.

Hori Jamaikan hasiera-hasieratik egin izan den zerbait da. Bertsio asko egin dira, The Temptations bezalako talde bokalen bertsio asko egin dira. Bob Marleyren ‘‘One love’’ esaterako, The Impresions taldearen ‘‘People get ready’’ abestiaren moldaketa bat da. Garai hartan ez zegoen egiletza eskubiderik, eta, ondorioz, batak bestearen gauzak baliatzen zituen, izan oinarri erritmiko bat, izan baxu lerro bat edo izan akorde batzuk. Lerro bakar batekin egon daitezke berrehun abesti, eta hori tradizioa eraikitzeko modu bat bilakatu da Jamaikako musikan. Baina errekurtso falta ere bada horren atzean dagoen zerbait; erritmo bat grabatzen zuten, musikariei berena ordaintzen zitzaien abestiko, eta gero horren gainean akaso bost abeslarik abestuko zuten, bakoitzak bere kantua sortuz.

Lourdes Iriondoren «Ez gaude konforme» ere moldatu duzue. Ahots trataera oso berezia duen abestia iruditu zait.

Hau izan zen moldatzeko abestirik zailena. Tonalitate aldaketa garrantzitsu bat du eta berak erritmo aldaketa ere egiten du berezko kantuan. Lau-lauko konpas batetik hiru-laukora pasatzen da, eta guk ez genekien nola egin hori. Baina kantua bai ala bai sartu nahi genuen, emakumeek sortutako abestien presentzia ere nahi genuelako diskoan. Asierrek akaso ez zuen hain presente, baina nik etxean noski entzuten nuela. Ahotsaren trataeraren zera hori, hein batean bada nire ahotsaren tonalitatea askoz apalagoa delako. Abesti guztien tonuak errespetatu ditugu, eta zuzenekora eramatean jabetu nintzen akaso hobe nuela egokitzea; baina beste kolore bat hartzen du kantuak hain apal abestean. Hortaz, 80etako rub-a-dub estilora abestea erabaki zuen Asierrek. Baziren halakoak egiten zituzten DJak, soinu sistemetan abesten zutenak. Eta horregatik, efektua ere garai horretakoa da, delay oso motza eta soinu oso gordina.

Aldaketa handia izan duen abestia da «Katuen testamentue». Minorretara eraman duzue abestia.

Kantua haur kanta moduan gera zitekeen bestela eta guk hortik atera nahi genuen. Oso sound system estilora eramanda dago, jendea saltoka hasten da kontzertuetan eta badu kolpe hori ‘‘Maitiak galdegin zautan’’ abestu osterako. Forma hartzen hasi zenean jabetu ginen zer-nolako abestia ari ginen osatzen.

Orioko balea ehizatu zela 125 urte bete direnean, hari egindako bertsoak ere ekarri dituzue diskora.

Ez ginen jabetu horretaz, egiari zor. Ez dut gogoan zergatik sartu genuen abesti hori diskoan eta ez Benito Lertxundiren beste bat. Abesti posibleen zerrenda egin genuen eta hau hortik zebilen, gure imajinarioan.

Errepika bat ere gehitu diozue, originaletik asko aldenduz.

Badakizu nondik datorren? ‘‘Row fisherman row’’ The Congos taldearen abestitik hartu dugu. Estudioan ginen eta konponketak egiten ari ginela, bederatzi abesti osatuta, hamargarrena behar genuela esaten genion gure buruari. Aukera batzuk bagenituen buruan, Pantxoa eta Peiren ‘‘Urtxintxak’’, ‘‘Itziarren semea’’, Xabier Leteren bat, Benitoren besteren bat… Baina denak nahikoa ohikoak ziren. Eta otu zitzaigun Dennis Brown eta Imanol nahastu genituen bezala, hori ere egin genezakeela. Probatu genuen eta parean egokitu zen. Hala, bertsoen melodia minorretara pasa genuen, eta, bertso asko zirenez, erritmoa azkartu eta rub-a-dub estiloan abestu genuen, kantua ez izateko sei minutukoa. Beharrak errekurtsoak sortzen ditu askotan, eta hori gertatu zen hemen.

Edizio fisikoa ere badu diskoak, azal berezi batekin, gainera.

Gerard Soler Coll izan da azalaren egilea, eta bada berezia, bai. Berdea zen gure kolorea eta errespetatu du. Guk eman genion ideia bakarra baserri bat pitzadura batekin ikus zedila izan zen, eta hortik abiatuta sortu zuen guztia

Ez dakit zuen helburuetan sartzen den, baina euskal kulturaren transmisioan halako diskoek asko laguntzen dutela uste dut.

Bai, bai, hala da. Musikari kataluniarrek ez zituzten ezagutzen, eta sekulako kantuak zirela esan ziguten. Gure lehen bi kontzertuak Bartzelonan eman genituen, eta abestiak azaldu egin behar ziren. Letrak inprimatu eta itzulita eman genizkien. Polita izan zen haiek abesten saiatzen ikustea. Eta, noski, kantu originalak entzuteko eskatzen genien. Gu gure kultura zabaltzen saiatzen gara.

Esan duzu taldea Katalunia aldean osatu duzuela. Kontzerturik izango duzue Euskal Herrian?

Bai, baditugu hainbat. Herriko festetan izango gara, Bermeon, Donostiako auzo jaietan, jaialdiren batean, Bilboko Aste Nagusian, Nafarroan… Araba da bisitatzeke dugun leku bakarra, Baionan dagoeneko egina dugulako disko aurkezpena. Egon adi sareetara!

Jaurlaritza Logoa