En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Aimar Zuriarrain ‘AimarZ’ eta Beñat Rodrigo ‘Kiliki’
Musikariak

«Kanpotik badirudi ez garela oso antzekoak, baina gero ez gaude urrun»

Lau abestiz osatutako ‘Txorterriko jaiak’ disko udatiarra plazaratu dute AimarZk eta Kilikik elkarrekin. Lau abesti, bakoitza estilo batean eta bakoitza ekoizle batekin landua. Elkarrekin kontzertu birarik ez dute aurreikusten, baina batak bestearen emanaldietan parte hartzea ez dute baztertzen.

«Kanpotik badirudi ez garela oso antzekoak, baina gero ez gaude urrun»

Loading player...
AimarZ eta Kiliki, festarako prest.
AimarZ eta Kiliki, festarako prest. (Andoni CLAVO)

‘Pijama party’ abestia kaleratu berritan dator diskoa, baina kantua ez da bertakoa. Idazterakoan bazenekien disko hau egingo zenutela?

AimarZ: Bada ez, datak elkartu dira, nik beste abestia ateratzeko gogoa nuelako, ez zegoen aurrez pentsatuta. 

Zuk, Kiliki, bazenuen horren berri?

Kiliki: Bada, ziur asko aipatu zidan buruan zebilkien ideia, baina diskoa egiterakoan ez nuen buruan. Diskoaren irteera, gainera, uste baino gehiago kosta zaigu eta ez genituen asteburu asko uda hasi aurretik kaleratu ahal izateko.

A.: Uste genuen dena eginda genuela, baina bidean jabetu ginen ezetz, gauza batzuk berriz ere grabatzea komeni zela eta halako kontuak.

Noiz sortu zen elkarlan hau egiteko nahia?

A.: Nik bere proiektua ezagutu nuenetik neukan buruan elkarrekin zerbait egitea, Chill Mafia oso berandu ezagutu nuen-eta. Bere EP-a asko gustatu zitzaidan, eta hor zerbait berezia bazuela ikusi nuen, pertsona moduan ere bai, eta hor nire baitan egunen batean zerbait egiteko nahia sortu zen.

K.: Nik kasik Aimar ikusi nuen lehen alditik. Nahiak batzuetan esfortzua eskatzen du, eta ez nuen hortik jo nahi. Bere lehen abestietako bat TikToken biral egin zenean, elkarrizketa batean egin genuen topo eta esan nion oso dibertigarria iruditzen zitzaidala. Eta oroitzen dut nire EParen aurkezpenak egiten ari nintzela, Gaztean galdetu zidatela ea norekin kolaboratu nahiko nukeen, eta nik AimarZ-ren izena bota nuen ordurako.

Bion artean adin tarte bat bada, txikia bada ere.

A.: Nik batzuetan nabaritzen dut, baina ez txarrerako, onerako baizik. Asko ikasten dut berarengandik, isildu eta entzun egin behar zaio batzuetan. Musikaren inguruan eta bizitzarako orokorrean ondo etortzen zaizkidan aholkuak ematen dizkit.

K.: Nik uste dut bion artean dugun adin tartea mugakoa dela, ez garela iristen bi belaunaldi desberdinetakoak izatera. Ni milenial eta Z belaunaldiaren artean kokatzen naiz, gure kultur erreferentziek markatzen dute halakoetan zein belaunalditakoa garen. Hortaz, erraz ulertzen dugu elkar, umorea ere oso antzekoa dugu eta batari besteak entzuten duen musika atsegin zaio ia beti.


«Erraz ulertzen dugu elkar, umorea ere oso antzekoa dugu eta batari besteak entzuten duen musika atsegin zaio ia beti»

A.: Kanpotik badirudi ez garela oso antzekoak, baina gero ez gaude hain urrun.

K.: Hori bai, izaeraz bagara oso desberdinak, niri denak bost axola dit eta Aimarri guztiz kontrakoa gertatzen zaio. Baina horrek ere egiten ditu dibertigarri erlazioak. 

Hortaz, Kiliki, erreferentzia-tzat zauzka AimarZ-k. Eta hori nola daramazu? Zeren, dagoeneko batentzat baino gehiagorentzat izango zara.

K.: Bai, pozten naiz. Bada, ongi daramat, apaltasuna albo bate-ra utzita, kontziente naiz Chill Mafiarekin egin genuenaz eta belaunaldi batentzat izan dezakeen garrantziaz. Artista urbano batek ez bagaitu sekula ere entzun berdin du, zeren gu ez baginen irten aurretik, berak ez zukeen tokirik izango. Erik Uranok esan zuen moduan, berdin du Morad-ek Chirie Vegas entzun ez izana, Chirie Vegas gabe Morad ez zen ezagun egingo.

A.: Bai, izan ere, hain justu, niri hori gertatu zitzaidan. Nik ez nuen Chill Mafia entzuten boom-a izan zuten garaian, nik geroago entzun dut, baina jabetzen naiz nik txosna batean jotzea ziur asko haiei esker izan dela. Nire publiko gehiena aurretik Chill Mafiaren publikoa izandakoa da. Hortaz, nik ditudan tokiak, zerbaitegatik dira horiek.

K.: Ez naiz flipatua, baina ezta ‘delulua’ ere. Apaltasun faltsuak ‘cringe’ pixka bat ematen du, gainera.

Erraz sumatzen da besteengan gezurrezko apaltasun hori?

K.: Ni oso inuzentea naiz jendearen portaerekin.

A.: Bai, nabaritzen da batzuetan, baina pertsonaren arabera aldatzen da.

Lau abesti egin dituzue lau ekoizlerekin. ‘Txorterriko txupina’ Malakiasekin egin duzue.

A.: Izatez Jodidu bezala sinatu behar genukeen kantua, bere beste izen artistikoarekin abesten duenekoa da.

K.: Berak abestiaren beat-a eginda zeukan eta bertsoa ere berak abesten du.

A.: Errumaniako pop-a asko gustatzen zaio eta hemen Inna abeslariaren ‘Hot’ kantuaren teklatu bat entzun daiteke argi eta garbi, ez da sampler bat, sortutako zerbait da, baina ilusio berezia egiten zion eta kantua berea denez, horrela utzi dugu. 

(Andoni CLAVO)

Gaur egun nola lortzen da halako teklatu baten soinua? Midi bidez teklatu desberdinak probatuz edo sampleatu eta buelta pare bat ematen zaizkio?

K.: Malakias informatikaria da, hortik abia gaitezen. Mantxako Kixote balitz bezala, haize-erroten aurkako guda bat du berak ere. Fruity Loops programarako propio sortua ez den plug-in bat bera ere ez du instalatu nahi bere ordenagailuan, hortaz, horrek badu zailtasun bat. Baina erronka moduan hartzen du, soinuen diseinua ikasteko ere baliatzen baitu bere lana gisa horretan. Edozein sinterekin edozein soinu egin genezake, baina ez du bide errazik egin nahi izaten.

Zuek biok bera lanean ikustean, ekoizle zareten aldetik, txundituta geratuko zarete, ezta?

K.: Zentzu guztietan Malakiasekin, gero beste gauza batzuetarako seko punka delako.

A.: Mania asko ditu eta hortik ez duzu sekula ere aterako.

K.: Mattinek [Zeberio], ‘Sex sua bai’ ekoitzi digunak, esan zidan behin, bitxikeria moduan, Malakiasek kontatu ziola sekulako erosketa egin zuela. Erosi zuena soinu txartel soil bat zen, monitoreen bolumena eta belarrietako entzungailuena bakoitza bere aldetik erregulatzeko. Barrea eragin zidan. Baina gero egia da gauza batzuetarako oso azkar egiten duela guztia besteok mila ordu behar ditugunean.

‘Zorriola’ kantuan turistekin sartzen zarete dezente, ‘giri’ bati poltsa lapurtzeko ideia bultzatzeraino.

K.: Hori justizia da. Atzerritar horiek goitik behera izorratzen gaituzte, hortaz, guk ere haiek izorratu behar ditugu. Iruñean, sanferminetan oso zabalduta dago atzerritarrei iruzur egitea. Noizbait norbait pareta arraskatzen ikusi dut bertako igeltsua ‘giri’ bati gramoko 60 euroan saltzeko. 

Hondartzan ligatzen da? Kantuak hortik ere baduelako diot.

A.: Ez dut ligatzen bertan eta kantua ere ez nuke esango hortik doanik. Ni parekoa eguzkia tapatzen ari zaidala kexatzen nabil kantuan.

K.: Nire ikuspegia da hondartzan jai bat egiten ari garela eta akaso gure maiteari esan diogula gugana etortzeko, baina ez da hondartzan ligatzeko jai bat. Plan hori inork ez digula izorratuko aldarrikatzen dugu.

Ez dakit kantu hori hondartzetan entzuteko modukoa den.

K.: Zumarragan eta Iruñean sekulako hondartzak ditugu.

A.: Eibarren ere bai, uf… sekulakoa.

«Nire publiko gehiena aurretik Chill Mafiaren publikoa izandakoa da. Hortaz, nik ditudan tokiak, zerbaitegatik dira horiek»

Igerilekuetan altabozak erabiltzen uzten dute? Hondartzetan debekatzen hasi dira.

K.: Iruñeko Aranzadin ziur uzten dutela.

A.: Kala batean edota hondartza nudista batean arazorik ez, ezta? Horietan ez dago araurik.

K.: Arroparen inguruan badira arau batzuk ez? Baina altabozaren inguruan ez dute ezertxo ere esan. Beraz, altaboza biluzik eraman dezakegu.

‘Sex Sua Bai’ izan zitekeen barraketako kantu bat.

K.: Ohorea. Herri bakoitzeko hit-ak jarriko dituzte. Hala ere, apustu egingo nuke zezenen rodeoak irudikatzen dituzten barraka horietan oraindik ere «en una aldea comanche, jau, jau, jau», entzungo dela. Hor ez dugu lortuko gure kantuak jartzerik.

Kantu honetan bi konturekin geratzen naiz, eta horietako bat da kotxe batean hiru jolasean aritzeko estu samar ibiliko liratekeela.

K.: Baina estutasuna nahi dugu kasu honetan, nik uste.

Baina ateak itxita edo irekita?

K.: Bakoitzak egin dezala nahi duen bezala.

A.: Kristalak lurrundu daitezela.

Gero diozue argitzean ikus gaitzatela. Hori zer da, besteek guri begira inbidia sentitu dezaten?

K.: Ez, arriskuaren sentsazio hori eta, era berean, horren aurrean denak bost inporta didala adieraztea. Libidoa hain duzu goian, denak bost inporta dizula.

Bakoitzak bere tokian halakorik bizi izan du?

A.: Nik ez. Kotxean sekula ere ez dut halakorik egin.

K.: Nire auzoan ez eta akaso kanpoko herriren batean bai. Hala ere, kotxean gutxi, behin edo bitan, baina badira zelaiak horretarako.

Jaurlaritza Logoa