En direct

Iraia Cambra | Itxaso Leon

Subflubiala Ez! plataformak «ekonomikoki itotzeko estrategia» salatu du

Subflubiala Ez! plataformako kide Hodei Rodriguez izan dugu NAIZ Irratian. Plataformako lau kideri protesta baketsu batengatik jarritako isunak salatu ditu, eta Mozal Legea zein Bizkaiko Foru Aldundiaren «ekonomikoki itotzeko estrategia» gogor kritikatu ditu.

Subflubiala Ez! plataformak «ekonomikoki itotzeko estrategia» salatu du

Loading player...
Subflubiala Ez! plataformak antolatutako Ibai Azpiko tunelaren aurkako elkarretaratzea, Bizkaiko Aldundiaren aurrean.
Subflubiala Ez! plataformak antolatutako Ibai Azpiko tunelaren aurkako elkarretaratzea, Bizkaiko Aldundiaren aurrean. (Aritz Loiola | FOKU)

Subflubiala Ez! plataformak salatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Segurtasun Sailaren jardunak «ekonomikoki itotzeko estrategia» bati erantzuten diola. Hala adierazi du Hodei Rodriguezek NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan, plataformako lau kideri duela urtebeteko protesta baketsu batengatik ezarritako isunen harira.

Rodriguezek azaldu duenez, iazko udan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin zuten mobilizazioan parte hartu zuten lau lagunek 700 euroko isuna jaso dute bakoitzak. Horri, duela hilabete batzuk Aldundiaren barruan egindako beste protesta baten ondorioz zazpi lagunek jasotako zehapenak gehituta, azken hilabeteetan milaka euroko isunak pilatu dituzte.

Plataformako kidearen esanetan, protesta guztiak baketsuak izan ziren, eta salatu du Ertzaintzaren txostenak direla zehapenen oinarri nagusia. Horren aurrean, Mozal Legea berriz ere jomugan jarri du: «Kontzentrazio eskubidea aurrera eramateagatik horrelako isunei aurre egin behar izatea oso salagarria da».

Horrez gain, Aldundiaren egoitzan egindako beste ekintza batean «jendearen segurtasuna arriskuan jartzea» leporatu izana ere gezurtatu du. Rodriguezen hitzetan, «erabat faltsua da inor arriskuan jarri genuela», eta irudiek ekintza sinbolikoa izan zela erakusten dutela defendatu du.

Plataformak iragarri du isunen aurka administrazioarekiko auziak jarriko dituela, nahiz eta horrek kostu ekonomiko handia ekarriko dien. Hala ere, Rodriguezek argi utzi du ez dituztela mobilizazioak etengo: «Moralki indartu egiten gaitu, badakigulako gero eta jende gehiago dagoela proiektuaren aurka».

Subflubialaren proiektuaren aurkako argudioak ere berretsi ditu. Bere esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak berak aitortzen du azpiegiturak trafikoa handituko duela, eta horrek talka egiten du trantsizio ekologikoaren helburuekin. Horren ordez, «inbertsioak garraio publikora eta bizikletara bideratu» behar direla defendatu du.

Azkenik, datozen mobilizazioen berri ere eman du. Abuztuaren 7an kalejira egingo dute Erromoko jaietan, eta udazkenerako beste hainbat protesta prestatzen ari direla iragarri du, Subflubialaren proiektua bertan behera uzteko aldarria kalera eramaten jarraitzeko.

Jaurlaritza Logoa