En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Ion Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Azken Tourra izango da, beraz berezia oso»

Ion Izagirrek bere azken Tourra lehiatuko du aurten eta betiere hitzordu berezia bada, aurten «are bereziagoa» izango dela aitortu du ormaiztegiarrak, azkena izango baita. Denboraldi hasiera bikaina osatu du Cofidis talde txirrindulariak, eta gorputzaldi onarekin iristen da lehiara.

«Azken Tourra izango da, beraz berezia oso»

Loading player...
Ion Izagirre Indurain Sari Nagusia irabazita.
Ion Izagirre Indurain Sari Nagusia irabazita. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tourra beti izan da hitzordu berezia txirrindulari ororentzat, baina aurtengoa are bereziagoa izango da azken parte-hartzea izango duen Ion Izagirrerentzat. 2013an debutatu zuen lehenengoz Euskaltelekin eta 16 urte geroago esango dio agur lasterketari. «Urte osoa izaten ari da berezia», adierazi du ormaiztegiarrak.

Denboraldi hasiera bikaina egin du Cofidis taldeko txirrindulariak, hainbat lasterketatan protagonismoa hartuz eta maila oso onean dagoela erakutsiz. «Makina bat jendek beste urtebetetxo bat egiteko esaten dit, baina erabakia hartuta dago», dio Izagirrek. Esperientzia eta sasoi ona uztartuta, taldeari ahalik eta gehien laguntzea eta aukerak sortzen direnean etapa garaipenak bilatzea izango ditu helburu.

Tourra ate joka, betiere berezia den hitzordua, are gehiago zuretzat, azkena izango delako. Gogo bereziarekin hartuko duzu aurtengoa?

Urte osoa da berezia, azkeneko lasterketak izango direlako. Aurten Tourrera joatea erabaki dugu eta Tourra ere azkeneko Tourra izango da, berezia.

A ze denboraldi hasiera... Paris-Nizan sekulako maila eman zenuen zazpigarren amaituta, ondoren Indurain irabazi, Itzulian laugarren, Flecha Valonan ere zazpigarren... Ikaragarrizko maila ematen ari zara.

Bai, aurreko urteari begira, badirudi nonbaiten galdu nuen pedal kolpe hori berreskuratu dudala, eta, egia esan, aurten gauzak ongi ateratzen ari zaizkit eta ematen ari naizen mailarekin oso gustura nago.

Hain ondo ibili izanak zu ere harritu zaitu?

Askotan ez dakizu nola asmatu prestaketarekin. Aurten denboraldiaurrean lasaiago hartzea eta gorputza eta burua pixka bat deskonektatzea erabaki nuen. Gauzak ondo egin behar diren garaian gogotsu ekiten eta, egia esan, ezustean ez dakit, baina banekien oraindik maila emateko gai nintzela. Erorikoek, gaixotasunek, edozein kondiziok edo maila fisikoak ere zeresana izaten dute, eta aurten, egia esan, arlo horretatik ondo nabil. 

Horrelako mailan zaudela ikusita, beste urtebete egitea burutik pasatzen al zaizu?

Niri ez; nire ingurukoei bai. Inguruko makina bat jendek eta zaleek esaten didate beste urtebetetxo bat egiteko. Ikusten da inguruan ere jendeak nahi duela jarraitzea, baina nik eta nire gertukoek erabaki hori aspalditxo hartu dugu eta errespetatzea tokatzen da. Agur esateko momentua iritsi zait, eta zer modu hobea, maila on batean uztea baino.

Tourrera begira, zer sentsaziorekin iritsiko zara?

Ondo. Prestakuntza ondo joan da. Azkeneko lasterketetan ere nahiko txukun ibili naiz. Egia da oraindik agian intentsitate apur bat falta zaidala, baina ikusita entrenamenduak nola joan diren, hori normala da eta nik uste dut Tourrera pedal kolpe onarekin iritsiko garela.

Eta helburua zein izango da?

Hasiera batean, Milan joango da esprinteko etapen bila. Alex [Aranburu] eta ni etapa garaipena saiatzen ibiliko gara, ihesaldietan murgildu eta ea gure aukeratxoak ditugun; sailkapen nagusia hitz handiak dira.

Denboraldi hasieran onenekin ikusi zaitugu. Egia da Tourra beste kontu bat dela, baina...

Beste kontu bat da eta azkenean hiru aste sailkapen nagusi batean hipotekatzea askotan oso arriskutsua izaten da. Niri esperientziak esaten dit hobe dela hanka altxatu, altxatu behar denean, eta etapa ihesaldietan murgiltzen garenean eta aukera daukagunean eta indarrak laguntzen digunean, ea etapa garaipenen lehian behintzat ibiltzea daukagun.

Alex Aranburu Belgikan maila oso ona emanda iritsiko da. 

Nik uste dut erakutsi duela prestakuntza oso bide onetik doala eta oso maila onean iritsiko da Tourrera. Beste aukera polit bat du taldeak eta euskal txirrindularitzak berarekin emaitza politak lortzeko.

Zerekin agurtu nahiko zenuke edo konformatuko zinateke? 

Ez naiz oso exijentea ni gauza hauetan. Nik daukadan guztia emateko gai baldin banaiz eta erorikoak eta bestelako arazoek errespetatzen banaute, gainontzekoa etorriko da. Gero garaipena lortu edo ez lortu gauza askoren mende dago eta ni nire maila ematearekin konformatzen naiz.

Oroitzen duzu zure lehen Tourra? 2013an, Euskaltelekin...

Bai, orain dela urte dezente. Eta bai, berezia. Etxeko taldearekin korritu nuen nire lehenengo Tourra, oraindik gazte nintzela. 24 urtetxorekin lasterketa handia iruditu zitzaidan, hura inguratzen duen guztiarekin; telebistak eta inguru guztiak ematen duen tentsioa, presioa, abiadura... eta urteak pasa ahala, are eta gehiago esango nuke.

Aurten, azkena izanik, tximeleta horiek mantentzen dira edo beste modu batera bizitzen da?

Tximeletak nik uste dut beti hor daudela, bai Tourrean, bai eta beste lasterketa askotan ere. Bat maila onean dagoenean eta zerbait egiteko aukera duenean, nik uste dut tximeletak are gehiago sortzen direla; eta zerbait polita egiteko gai garela esan nahi du horrek. Pentsatzen dut aurtengo Tourrean ere tximeletak sabelean bueltaka ibiltzen izango ditugula eta hori seinale ona dela. 

Jaurlaritza Logoa