En direct

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Entrevue
Patxiku Irisarri
EHNE Nafarroako idazkari nagusia

«Lurra geroz eta esku gutxiagotan dago»

Nafarroako EHNE sindikatuak asteburu honetan egingo duen VIII. kongresuan exekutiboa berrituko du eta nekazaritzaren etorkizunaz hausnartuko du. Patxiku Irisarrik NAIZ Irratian ohartarazi du errelebo falta, lur espekulazioa eta prezio apalak direla sektorearen erronka nagusiak.

«Lurra geroz eta esku gutxiagotan dago»

Loading player...
EHNE-Nafarroaren VIII. Kongresuaren aurkezpena.
EHNE-Nafarroaren VIII. Kongresuaren aurkezpena. (Jon Urbe | FOKU)

Nafarroako EHNE sindikatuak asteburu honetan egingo du bere VIII. kongresua, eta zuzendaritza berritzeaz gain, lehen sektorearen etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide. Patxiku Irisarri egungo EHNE Nafarroako idazkari nagusiak azaldu duenez, sindikatuaren helburuetako bat da Nafarroan laborari eta abeltzain kopurua handitzea.

Gaur egun, sektoretik bizi diren 3.000 pertsona inguru daudela azaldu du Irisarrik, baina sindikatuak kopuru hori handitu nahi duela nabarmendu du: «Helburua Nafarroako eremu guztietan 5.000 laborari izatea da».

Lurraren garestitzea eta presio energetikoa

EHNEko ordezkariak azaldu duenez, gero eta zailagoa da nekazaritzan hastea, batez ere lurraren prezio altuagatik eta espekulazioagatik. «Funts putreak lurrak erosten ari dira, eta enpresa energetikoek ere sekulako presioa egiten dute», salatu du.

Bere esanetan, parke fotovoltaikoen eta haize erroten proiektuek lehen sektorerako baliagarriak diren lurrak okupatzen dituzte. «Lurrik ez duenak oso zail du hastea», adierazi du.

Irisarrik zalantzan jarri du instalazio fotovoltaikoak eta abeltzaintza bateragarriak direnik. Azaldu duenez, azkenaldian «agrovoltaika» moduko formulak aipatzen badira ere, horiek «garbiketa berdea» direla uste du.

Errelebo falta eta lur kontzentrazioa

Sindikatuaren arabera, nekazaritzaren etorkizunerako arazo nagusietako bat belaunaldi errelebo falta da. Nafarroako nekazarien batez besteko adina 59 urtekoa dela gogorarazi du Irisarrik, eta jubilatzen direnen ordez ez dela nahikoa jende sartzen ari.

«Lurra gero eta esku gutxiagotan dago», ohartarazi du. Haren esanetan, ustiategi handiek hartzen dituzte askotan libre geratzen diren lurrak, eta horrek sektorea gero eta gehiago kontzentratzea eragiten du.

Prezio duinen aldeko aldarria

EHNEk berriz ere salatu du nekazariek eta abeltzainek ez dituztela prezio duinak jasotzen euren produktuen truke. Irisarriren arabera, Elikadura Katearen Legeak ez du behar bezala funtzionatu.

«Duela 40 urte bezala, gaur ere prezio duinak aldarrikatzen jarraitzen dugu», azaldu du. Bere esanetan, legeak oraindik «zirrikituak» ditu, eta enpresek eta banaketa kate handiek egoera hori baliatzen dute lehen sektoreari presioa egiteko.

Irisarrik nabarmendu du Nafarroan dagoeneko kalitate handiko produktuak egiten direla. «Badakigu kalitatezko janaria egiten», adierazi du. Hala ere, gogorarazi du produktu horiek askotan garestiagoak direla eta familia askok ezin dituztela egunero erosi. Horregatik, kontsumitzaileen erosahalmena ere kontuan hartu behar dela defendatu du.

«Sofako agroinfluencer»-en kritika

EHNEko idazkari nagusiak kritikatu egin ditu sare sozialetan nekazaritzaren inguruan zabaltzen diren diskurtso batzuk. «Sofako agroinfluencer-ak» aipatu ditu, bere hitzetan sektoretik kanpo dauden baina iritzi handia ematen duten pertsonak.

2024ko traktoreen mobilizazioak gogoratuta, Irisarrik esan du mugimendu horietako batzuk Europako hauteskundeen testuinguruan indartu zirela. «Edozein bihurtzen da mesias TikTok edo Instagram bidez», azaldu du.

Migrazioa eta etorkizuneko erreleboa

Azkenik, erreleboaren auziaz galdetuta, Irisarrik uste du etorkizunean migratzaileek garrantzi handia izango dutela lehen sektorean.

«Erreleboaren zati bat migratzaileen eskutik etorriko da», azaldu du. Bere esanetan, dagoeneko Marokotik etorritako hainbat pertsona artzaintzan eta abeltzaintzan lanean hasi dira Nafarroan.

Jaurlaritza Logoa