En direct
MusikHaria saioan izan da Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitixa-jotzailea. Kolaborazio ugari dituen diskoa plazaratu du duela hilabete gutxi eta denetariko erritmo eta eraginak topa ditzakegu ‘Bask’ lanean. Afrika tropikala, Brasil edota Galiziako eraginak nabarmenak izan dira hainbat kantutan eta hortik Thais Morell edota Aldufeiras de salitre bezalako artisten kolaborazioekin topo egitearena.
Euskal Herriko musikariekin ere egin du lan, hala nola, Kalakanekoak, Xabier Zeberio edota Mikel Markez ondoan izan ditu Aburruzagak. Biata Iñigo Olazabal eta Ruben Isasi ere. Euskalduntasunari eta euskararen defentsari ere egin dio aipamenik sortu dituen piezetan eta Palestinar herriaren zapalkuntza ere salatu du.
Argentina aldera ere egin dugu bidaiatxoa diskoan barna, Astor Piazzolla akordeoi-jotzaileari omenaldia egin baitio Jose Urrejola eta Xabier Zeberioren laguntzaz. Gaita, gitarra, pandero eta trikitixa desberdinak, programazioak, wisthlea, udua, haizeetan kobre sekzioa, biolina, pianoa… denetarik entzun daiteke diskoan.
Amaieran, bi mezu garrantzitsu ere utzi ditu hitzetan Xabi Aburruzagak. ‘Connecting real’ abestian «mugikorra amatatu, bizitzarekin konektatu» esaldia txertatu du eta, ‘Doinu bat bakerako’ kantuan gerren aurkako mezua zabaldu. Biak ere pisu handikoak bizi ditugun garaiotan.
Calabria inguruan (Italia) ibili da egun hauetan bere doinuak zabaltzen Portugaleteko musikaria eta ekainean El Pobon, Teruelen, ere izango da. Beste hainbat kontzertu ere baditu uda honetan, baina oraindik iragartzeke ditu bere webgunean eta bertan izango duzue haien berri jakinarazten dituen orduko. Bitartean, entzun ‘Bask’ eta MusikHaria saioan izandako elkarrizketa.



