En direct

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Udarregi eta Rikardo Arregi gogoan, Usurbilen

1966an maiatzaren 22an omendu zuten Udarregi bertsolaria Usurbilen eta egun hartan euskararen geroa bermatzeko borrokarako deia egin zuen Rikardo Arregik. 60 urte pasata, ordukoak gogoan, aurrera begira jarri dira Usurbilen egindako ekitaldian.

Udarregi eta Rikardo Arregi gogoan, Usurbilen

Loading player...
Orain 60 urte bezala, bertsoaren bueltan elkartu dira herritarrak Remigio Mendiburuk egindako eskulturaren bueltan.
Orain 60 urte bezala, bertsoaren bueltan elkartu dira herritarrak Remigio Mendiburuk egindako eskulturaren bueltan. (NAIZ Irratia)

Juan Jose Alkain ‘Udarregi’ bertsolaria eta Rikardo Arregi izan dituzte gogoan ostiral honetan Usurbilen. Remigio Mendiburuk egindako eskultura baten bueltan omendu zuten Udarregi 1966ko maiatzaren 22an, 60 urte pasata leku berean gogoratu dute Usurbilen euren herriko semea, irakurtzen eta idazten jakin ez arren hark egin zituenak eta baita haren omenaldi giroan Rikardo Arregik esan zituenak ere.

Rikardo Arregiren hitzaldia Usurbilen

Loading player...

Euskarak, biziko bazen, euskal estatua behar zuela egin zuen aldarri egun hartan Arregik, eta kezka zuen gutxira Udarregiren bertsoak kantatuko zituenik ez zela izango, euskara galbidean zegoelako.

Udalaren eskutik, egun hartan esandakoak ekarri dituzte gogora ostiral honetan Usurbilen. Sutegi aretoan abiatu dute ekitaldia, 66ko maiatzaren 22 hartan Arregik esan zituenak jasotzen dituen ‘Zutik’ filmaren emanaldiarekin. Ondoren, NAIZ Irratiak dinamizatutako solasaldia izan da (zuzenean eskaini du irratiak ekitaldi osoa); Ainara Mendiola filmaren egilea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Ismael Manterola, EHUko Arte Ederren fakultateko dekanoa izan dira elkarrekin solasean.

Arte diziplinen artean garaian-garaian izan diren sinergiak gogoratu ditu Manterolak, 66ko hartan ere artea eta euskara eskutik agertu ziren plazan; garaiko galderak egungo gizarteari berriro pausatzeko beharra nabarmendu du Mendiolak eta euskararen auzian zer pentsatua eragin duen galdera utzi du mahai-gainean Eskisabelek, «orduan bezala orain ere ez ote dagoen dena egiteko...» (solasaldia osorik entzungai goiko audioan).

Mikel Arregi, Rikardo Arregiren anaia, NAIZ Irratiaren saio berezian
Mikel Arregi, Rikardo Arregiren anaia, NAIZ Irratiaren saio berezian

Mahai-inguruaren ostean, Jakoba Errekondok gidatuta egin dute bertaratuek Udarregiren omenez 66ko maiatzean ezarri zen eskulturarainoko bidea.

Bertsoz adierazi zuen bere pentsamoldea Udarregik, ez zekien idazten baina paretan egindako arrastoen bidezko sistema propio bat asmatu zuen bere bertsoak gal ez zitezen; idatziz adierazi zituen bere esatekoak Rikardo Arregik. Biei keinua egin nahi izan die Maialen Lujanbiok ekitaldiaren amaieran, «bertsolaria zen Udarregi, hizkuntza bazuen baina ez zekien guk gaur darabilgun alfabetoan idazten; Rikardo Arregi, aldiz, alfabetatzearen sustatzaile handietako bat izan zen. Haiek biak lotzeko, keinu bezala, gaur paperetik kantatuko dut»: 

Azken bertsoan iraganatik gerorako bidea marraztu du Lujanbiok: «...bata Udarregi eta bi Rikardo Arregi/bertso berriak inoiz ez dira zaharregi». 

Jaurlaritza Logoa